Donostia - Emakumeak Zientzian 2020 astea antolatu dute, otsailaren 7tik 14ra Donostian, Euskadiko bederatzi zientzia, teknika eta ikerketa zentro. Helburua emakumeek zientzian egiten duten lana ikusaraztea eta esparru horretako estereotipo maskulinoekin amaitzen laguntzea da.

Atzo aurkeztu zuten ekimena EHUren Donostiako campusean erakunde sustatzaileen ordezkariek: CIC nanoGUNE, euskal unibertsitate publikoko Materialen Fisikako Zentroa, CIC biomaGUNE, Donostia International Physics Center (DIPC), Biodonostia, Tecnun-Ingeniarien Eskola, Ceit, Polymat eta Elhuyar. Emakumeak zientzian 2020 astea "La ciencia sí es cosa de chicas" (Zientzia bada nesken gauza") lelopean antolatu dute, otsailaren 11n ospatzen den Zientzietako Emakumeen eta Neskatilen Nazioarteko Eguna dela eta.

Emakumeen lan zientifikoa ikusarazteaz gain, eta "jarduera zientifiko-teknikoei esleitutako rol maskulino tipikoak apurtzen" laguntzeaz gain, jardunaldiek zientziari lotutako ikasketen aukeraketa sustatu nahi dute euskal neskatilen artean.

Programazioa hilaren 7an hasiko da, CIC nanoGUNEn egingo den tailer batekin. Bertan, zentro horretako eta Polymateko iker-tzaileek, 14 eta 18 urte bitarteko neskak hartuko dituzte nanozientziari buruzko benetako esperimentu bat egingo duen talde batean. Egun horretan bertan, Victoria Eugenia antzokian Científicas de ayer y hoy (atzoko eta gaurko emakumezko zientzialariak) ekitaldia izango da; bertan, sei emakumezko ikertzaileek euren ibilbide pertsonal eta profesionala aurkeztuko dute, eta iraganean arlo jakin batzuetan aitzindari izan eta aitortzarik jaso ez zuten emakumeak omenduko dituzte.

Otsailaren 8an Ibaetako campusean familiei zuzendutako ginkana egingo da, eta 10ean berriz, Tecnun eta Ceit enpresek 12 eta 16 urte bitarteko nerabeentzat "emakumezko ingeniaria izatera jolasten" saioa egingo dute automobilgin-tzaren inguruan. Aste horretako beste jarduera bat Amona's Power izango da, otsailaren 13an, emakume helduak kultura zientifikoaren transmisiogile gisa duen eginkizuna goraipatzeko. Bestalde, ikasle taldeek zentro antolatzaileetara bisitak egingo dituzte, eta erakustaldi zientifikoak ere eskainiko zaizkie, historian zehar arlo horretan emakumeek utzitako ondarea zabaltzeko. Otsailaren 14an amaituko da Emakumeak Zientzian 2020, hainbat emakumezko zientzialarien eskutik antolatutako mahai-inguruarekin; gaia, Igualdad en ciencia: experiencias y futuro (Berdintasuna zientzian: esperientziak eta etorkizuna).

Gipuzkoako Foru Aldundiak, Donostiako Udalak, EHUk eta Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Gorenak (CSIC) babestu dute aste honen antolaketa.