Donostia - Zumaian egindako drogaren aurkako operazio batean Polizia Nazionalak kalamu elkarte bateko bi arduradun atxilotu zituen atzo.

Ikerketa 2019ko azaroan hasi zen, kalamuaren kontsumo partekatu eta kontrolaturako erregistratutako sozietate baten babesean, benetan eta horretarako baimenik gabe marihuana kantitate handitan landatzen zuen pertsona talde bat egon zitekeeneko lehen zantzuak lortu zirenean, ondoren hirugarrenei banatzen zietenak diruaren truke.

Ikerketen ondorioz, poliziek herriko industria nabe batean hainbat pertsona ikusi zituzten lokalera sar-tzen eta handik irteten; antza denez, bertan marihuana eta kalamu dosiak lortzen omen zituzten.

Lokaleko argi kontsumoak oso handiak zirela eta marihuana hazteko inolako baimenik ez zutela egiaztatu ondoren, Azpeitiko Instrukzioko eta Lehen Auzialdiko 1 zenbakiko Epaitegiari industria-lokal horretan sar-tzeko eta erregistratzeko eskaria egin zitzaion. Joan den ostegunean, Polizia industria nabean sartu zen, eta 560 landareko marihuana plantazioa aurkitu zuen oso hazkuntza-egoera aurreratuan, baita 23 kilo kukulu eta marihuana hostoak ere, lehortuta eta kontsumitzeko prest, Barne Ministerioak atzo jakitera eman zuenez.

Pabiloian marihuana kopuru handitan hazteko beste hainbat tresna ere bazeuden: beroa sortzeko fokuak, haizagailuak, erauzgailuak, termometroak?eta bideo-atezain bat ere bazegoen sarreran, bezeroen nortasuna egiaztatzeko.

Gainera, agenteek ikusi zuten plantazioaren arduradunek autozaintzako neurriak hartzen zituztela, Segurtasun Indarrek haien presentzia an-tzeman ez zezaten.

Operazioan bi pertsona atxilotu zituzten, eta aipatutako landareez gain, Poliziak 666 gramo haxix, prentsa elektriko bat, hainbat baskula, eskudirua eta droga salmentei buruzko oharrak ere atzeman zituen. - M. Tolosa