donostia - Otsailaren 3an eta 4an, Donostian, ehun talentudun gazte bilduko ditu Basque Culinary Centerrek. Foro horretan, protagonistek beren esperientziak partekatuko dituzte hainbat dinamikaren bitartez, joera berriak, teknologiaren rola eta "etengabe berrasmatzen den sektore bati nola aurre egin" aztertuz.

Ekitaldi hau Culinary Action! ekimeneko Ekintzaileen Foroaren baitan kokatzen da. Zientzia Gastronomikoen Fakultateak sustatutako ekimen honek gastronomiaren eta nekazaritzako elikagaien sektorean sortzen diren sinergiak azaleratzea du helburu, "gastronomiaren sektorea iraultzen ari diren 30 urtez azpiko gazteak" ardatz hartuta.

"Mundu mailan erakunde akademiko aitzindaria izanik, uste dugu benetan garrantzitsua dela gastronomiaren ildo berriak markatzen ari diren gazteei ahotsa ematea, eta haien kezkak eta etorkizunerako proiektuak entzutea", adierazi zuen atzo Joxe Mari Aizega Basque Culinary Centerreko zuzendari nagusiak.

Jardunaldian sektore guztietako ordezkariak elkartuko dira: ekoizleak, sukaldariak, ekintzaileak, kudeatzaileak. Topaketaren bi egunetan hitzaldiak, elkarrizketak, tailerrak eta mahai-inguruak izango dira, helburu jakin batekin: negozio-ereduei, kudeaketa-estiloei eta merkatuko joerei buruzko "eztabaida sortzea eta ezagutzak trukatzea".

Joateko interesa dutenek culinaryaction webgunearen bitartez eman beharko dute izena. Ekitaldia hau, HAZI Fundazioaren eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren babes instituzionalari, Martiko eta Mahou San Miguelen babesari eta Fagor Industrial, Arcos eta Aravenen lankidetzari esker antolatu da. - M.T.