dONOSTIA - Minbiziaren Aurkako Gipuzkoako Elkarteak (AECC) 160.000 euro biltzea lortu du bularreko minbizian oinarritutako immunoterapiari buruzko ikerketa-proiektu baterako. Elkarteak prentsa-ohar batean gogorarazi duenez 2019ko hasieran jarri zuen martxan crowfunding kanpaina, eta 40 enpresa eta erakunde inguruk parte hartu dute, baita herritar partikularrek ere.

Orain arte lortutako zenbatekoa 162.180 eurokoa da, eta bularreko minbiziaren aurkako ikerketa jakin bat egiteko erabiliko da diru guztia. Ignacio Melero doktorea izango da ikerketa-buru; Nafarroako Unibertsitate Klinikako Immunologia Zerbitzuko zuzendarikidea da, eta erakunde akademiko horretako Medikuntza Aplikatuko Ikerketa Zentroko (CIMA) kidea.

2015ean hasi zen bularreko minbizian oinarritutako immunoterapiari buruzko ikerketa, eta helburu garbia du: zelula "hiltzaile espontaneoak" (NK bezala ezagutzen diren linfozitoak, ingelesezko Natural Killer izenetik eratorria) HER2 bularreko minbizia duten pazienteengan antigorputzak dituzten tumore-zelulak hiltzeko gai izan daitezen lor-tzea.

Kontuan izan behar da bularreko minbizi horrek gutxi gorabehera %30eko intzidentzia izaten duela. Zelula horiek gaixoarekin "familiarteko" osasuntsu batengandik hartuko lirateke, izoztu, eta konbinazio genetiko onenak ezarriko lituzkeen algoritmo baten bidez aukeratuko lirateke.

Lehenik eta behin, tratamendua segurua eta egingarria dela ziurtatu nahi dute; horretarako, gaixoekin probak egin beharko dituzte, lehen fase batean, Bartzelonako Vall de Hebron eta del Mar ospitaleetan.

Behin entsegu horiek eginda, eta fidagarriak eta eraginkorrak direla ziurtatzen badute, ikerketak aurrera jarraituko luke, eta une horretan sartuko litzateke egitasmoa Donostiako Institutu Onkologikoan, Gipuzkoako gaixoen parte-hartzearekin.