donostia - 2020ko irailetik aurrera Donostiak ikastetxe hirueledun bat izango du: Larrun. Hasiera batean, haur hezkuntzako bi, hiru eta lau urteko ikasleentzat zabalduko dute eta haurrek frantsesez eta euskaraz ikasiko dute, aldi berean, irakasle natiboen laguntzarekin. Urtarrilaren 10ean eta 11ean ate irekien jardunaldia antolatu dute gurasoek proiektua ezagutu dezaten.

Iparraldeko Echanges Pays Basque elkarteak eta Donostian bertan sortutako guraso talde baten arteko elkarlanaren emaitza izango da Larrun. "Karmelo ikastetxearen zati bat alokatu dugu eta bertan emango dira klaseak, baina proiektua guztiz independentea da eta ez dauka zerikusirik Karmelorekin", azaldu dio egunkari honi Ainhoa Aizpuruk, proiektuaren koordinatzaileak.

Itunpeko ikastetxea izango da eta proiektu pedagogikoa Mondragon Unibertsitarearekin batera ari dira garatzen. Aurten bi, hiru eta lau urteko ikasleentzat zabalduko dute Larrun. "Ikasle horientzat euskaraz eta frantsesez izango dira klaseak eta Lehen Hezkuntzan hasiko dira gaztelania ikasten", esan du Aizpuruk. Haur hezkuntzan bi irakasle izango dituzte ikasleek klase guztietan: frantseseko erreferente bat eta euskarazko beste bat.

Une honetan, arduradun pedagokiko bat dute proiektuan eta laster bost edo sei irakasle kontratatuko dituzte. "Irakasle guztiak hirueledunak izango dira eta frantseseko irakasle erreferenteak Frantzian jaioak izango dira", adierazi du koordina-tzaileak. Datorren ikasturtean, bost urteko haurrentzat ere hasi nahi dute eskolak ematen eta urtero maila bat gehitu nahi dute Larrun 18 urteko ikasleentzat ere izatera iritsi arte. "Bigarren mailako ikasketak amai-tzean, Frantziako eta Espainiako estatuek onartutako BachiBac titulua eskuratuko dute ikasleek. Horrela, ikasketak mugaren alde batean edo bestean jarraitzeko aukera izango dute", nabarmendu zuen Aizpuruk.

Donostiak 100 urtez izan zuen Lizeo Frantsesa, 1998an ateak itxi zituen arte.

izen-ematea Izen-emate epea urtarrilaren amaieran hasiko da Eusko Jaurlaritzaren plataforman, baina dagoeneko aurretiko izen-ematea egiteko aukera dago Larrun.org webgunean. "Gutxi gorabehera, 30 pertsona apuntatu dira jada. Ez dira izen-emateak inondik inora, baina zenbat jende dagoen interesatuta jakiteko aukera ematen digu", azaldu zuen.

Donostiako ikasleez gain, Irun inguruko jendea izango dutela aurreikusten dute antolatzaileek. "Irungo guraso askok bidaltzen dituzte euren haurrak Iparraldera ikastera. Baina bertako eskolak beteta daudela da arazoa eta ez dutela Bidasoaren beste aldeko ikaslerik onartzen", esan du Aizpuruk. Beraz, guraso horiek "oso interesatuta" daude. "Agian, ez bi urteko haurrenak, bidaia luzea delako; baina helduagoak direnean Larrunera eraman nahi dituzte seme-alabak", adierazi du.

Hala ere, Karmelon bertan egingo diren ate irekien jardunaldietan ikusi ahal izango dute zenbat jende dagoen proiektuan interesatuta. Urtarrilaren 10ean, ostirala, arratsaldez izango dira (18.30-21.00) eta aurkezpen hitzaldiak egongo dira 19.00etan eta 20.00etan. Bestalde, urtarrilaren 11ean, larunbata, ate irekiak goizez izango dira (10.30-13.00) eta aurkezpen hitzaldiak 11.00etan eta 12.00etan eskainiko dituzte.