Atzo Gipuzkoa osoan zehar milaka gaztetxok, begiak azti, bihotza taupaka eta emozioa eta hotzak jota, oilo-ipurdia zutela kasu batzuetan ere, Errege Magoak agurtu zituzten. Donostian, goizeko 11.00etan hasi eta arratsaldeko 19.00ak arte, Meltxor, Gaspar eta Baltasar agerian ibili ziren, ehundaka gaztetxori zirrara eragiten eta helduren batzuri ere bai. Urtean behin gerta-tzen da hori soilik. Errege bezperan. Gauean, aldiz, euren magia erabili eta milaka ume eta familien etxeak bisitatu zituzten, ezkutuan, opariak handik eta hemendik banatzen. Ikatz gutxi ekarri omen dute aurten.

Bene-benetakoak ere, goizean, Altzako kultur etxetik Harria plazara, 200 metro eskaseko ibilbidea egiteko, hiru erregeek erabili zituzten zaldiak. Animaliarik gabeko kabalkada izan behar zuen aurtengoa eta horrelaxe izan zen ibilbide ia guztian. Baina, Altzara bai, zaldi gainean iritsi ziren. Urrutitik, nonbait. Hantxe utzi zituzten eta ondoren autoz jarraitu zuten Donostiako auzo desberdinetan zeharreko ibilbidea: Bidebieta, Intxaurrondo, Martutene, Antigua, eta azkenik, erdialdaldea eta udaletxeko terraza.

2.500 kilo gozoki banatu ziren eta hala ere ez ziren nahikoa izan Donostian bildu ziren milaka umetxoak asetzeko. Neurtu egin behar, beraz. Hori bai, gozoki guztiak pertsona zeliakoentzat eta diabetikoentzat egokiak. Hiru zaldi puzgarri argidunekin egin zuten ibilbidea Errege Magoek, eta beste hainbat buruhandi, ardi zangaluze, trikitilari, txaranga, paje eta... suhiltzaileekin! Guztira, 450 laguntzailek hartu zuten parte atzo Donostiako kabalkadan.

Eguraldia lagun, erregeek hiri osoa zeharkatu zuten. Garaiko auto batean ere ikusi ahal izan genituen, dotore, bidean zain zeuzkaten ehundaka familiak agurtzen. Paketatzaileen karrozaren aurretik, jaiotza tradizionala zeramana ondoren eta errege bakoitzarentzat bana, bata bestearen jarraian. Bost guztira. Ikusgarria! Meltxor greziar motiboekin apaindutako karroza batean; Gasparrena, Egiptoren ingurukoa, eta Baltasarrenak gamelu baten irudia zeraman. Zamalkada exotikoa izan zen.

Gaudiren arkitektura modernista eta Salvador Daliren arte surrealistan oinarritutako ikuskizunak, an-tzinako Grezian inspiratutakoak, Egiptoko koreografiak... Arantzazuko Ama ikastola, Herri Ametsa ikastola, La Anunciata eta Manuel de Larramendi ikastetxeetako pajeak; Antigua Band, Los Pasai, Gauerdi eta Joselontxo's txarangak; eta beste hanbat talde: Estanga trikitilariak, Mediterraneus konpainia, Itzurun eta Karmelo Txiki konpartsak; Mundo Nuevo elkarteko kideak eta baita Orritz-Iskidi taldea osatu zuten kabalkada.

Ume ilarak ere ez ziren nolakahikoak izan arratsaldean Alderdi Ederren. Hiru lerrotan antolaturik, ehundaka umek beraien txanda itxaron zuten Meltxor, Gaspar eta Baltasarri euren ametsak azaltzeko. Gauean zintzo portatu eta lanean lasai utziko zituztela agindu zieten askok. Hau da, laster lotara joan eta ez zirela saiatuko esnaturik irauten. Horrela egin zuten gehienek.