donostia - ENBA nekazarien sindikatuak Nikolas Segurola (Matxinbenta, 1939) fraidea sarituko du Baserritarron Laguna sariaren laugarren edizioan. Bere bizitzan ar-tzaintzaren alde egindako lan zabala eta oparoa eskertuko dio sindikatuak urtarrilaren 26an, Urnietako Salestarren Ikastetxean egingo den ENBAren Batzar Orokorraren ostean. Orain arte, Baserritarron Lagunaren saridunak Jaime Zubia irakaslea (2014. urtean), Asier Altuna zinema zuzendaria (2015. urtean) eta telebistako Sustraia programa (2018. urtean) izan dira.

Aita artzaina zuen Nikolasek. Hamabi urterekin Arantzazura bidali zuten ikasketak egitera eta bertan bihurtu zen frantziskotar bera ere. Aitaren ofizioari jarraiki, Gomiztegiko Artzain Eskolaren sustatzailea izan zen eta belaunaldi berrietako gazteei artzaintza irakasten jardun zuen.

Gaur egun Batis Otaegik zuzen-tzen duen Artzain Eskolak estatu mailan erreferente izatea lortu du. Praktikak egiteko artalde ederra dute eta punta-puntako instalazioak; urtero Euskal Herriko ikasle berriak jasotzeaz gain, Europako hainbat herrialdetatik eta Latinoamerikatik ere iristen da jendea milaka eta milaka urte dituen ofizioari heltzeko gogoz.

Ongi ezagutzen zituen Nikolasek bere ardiak. 2016an Xabier Euzki-tze kazetariak koordinatuta, Nikolas Segurola: fraide, artzain eta bertsolari izeneko biografia argitaratu zuten, eta bertan erreferen-tzia egiten zaie ilea harrotuta zuelako Maradona deitzen zion ardiari, edota errape handia zuen Sabrina izenekoari, esaterako.

Liburuaren izenburuak dioen bezala, fraide eta artzain izateaz aparte, bertsolaria ere bada Nikolas. Kantuan aritu bakarrik ez, epaimahaikide eta gai-jartzaile lanetan ere jardun zuen 80ko hamarkadan. Gainera, Euzkitzek liburuan azaltzen duenez, 1986an bertsolari-tzaren eta Euskaltzaindiaren arteko harremana eten zenean funtsezko pertsonaia izan zen frantziskotarra, bi aldeen arteko "konfiantza eta errespetua" berpiztu eta gauzak bere onera ekartzen lagundu bai-tzuen.

Frankismoaren garaian ere, demokraziari eta sentimendu abertzaleari leial izanaz, erresistentziaren aldeko jarrera izan zuen eta Guardia Zibilarengandik ihesean zebiltzan hainbat pertsonei Arantzazun ezkutatu eta Iparraldera igarotzen lagundu zien.

ENBAk nabarmendu duenez, Nikolas fraide frantziskotarra izanik, Arantzazuko anaidiaren babesa eta laguntza izan du beti bere jardunean, eta honenbestez, Nikolasen saria baliatu nahi dute babes hori ere bide batez eskertzeko.