Donostia - Hernaniko Udalak, Kaxko auzo elkarteak, Berriak merkataritza eta ostalaritza elkarteak eta udalerriko sagardotegietako ordezkariek osatzen duten Txotxaren Mahaiak erabaki du ez antolatzea azken urteetan udalerri horretan egiten zen txotx denboraldiari hasiera emateko ekitaldia.

Udalak azaldu zuenez, azken urteetan "Euskal Herri osoan antolatzen diren ekitaldiak kontuan izanda, eta Astigarragakoak gure eskualdean duen erreferentzialtasun handiaren" aurrean, "denboraldia noiz hasten den nahiko argi geratzen da", Txotx Mahaiaren ustez.

Horren harira, beste esparru bat ere badagoela adierazi zuten, "hain garatuta ez dagoena", eta "oso garrantzitsua" dena sagardoaren sektorearentzat eta kontsumitzaileentzat, botilaratutako sagardoaren denboraldi berriaren aurkezpena, alegia.

Hori dela eta, Txotx Mahaia eta Euskal Sagardoa Jatorri Izendapena lanean ari dira botilan egindako sagardo sasoiaren irekiera ekitaldi hau Hernanin antolatzeko, eta maiatzean izatea aurreikusten dute. Azkenik, ekitaldi nagusia inaugurazioa bera izango den arren, astean zehar izango diren hainbat ekitaldi antolatzen ere badabiltzala zehaztu zuten. - M. Tolosa