Donostia - Euskara Eremu Sozioekonomikoan Sustatzeko Plana 2020-2023 onartu zuen atzo Eusko Jaurlaritzak. Programa honen bidez, euskarari lan-munduan, arlo publikoan zein pribatuan bultzada bat emateko intentzioa dago. Horretarako, lau helburu nagusi daude: ezagutza indar-tzea, langileen erabilera bultzatzea, kontsumitzaileen eskubideak hobeto betetzea eta entitateen zein kontsumitzaileen aktibazioa sustatzea.

"Euskarak hainbat esparru irabazi ditu azken hamarkadetan, baina beste batzuetan oraindik ere pausoak behar dira. Lan-mundua horietako bat da: bide luzea daukagu egiteko arlo horretan", azaldu zuen Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak euskara-lan munduan indartzeko aurreneko plana aurkezterako orduan, atzoko Gobernu Kontseiluaren bileran. Honekin bat, egungo gazteen trebakuntza gogoratu zuen Zupiriak: "Lan-mundura heltzen ari diren belaunaldi berriek inoiz baino gaitasun handiagoa daukate beren zereginak euskaraz egiteko. Baina bidea erraztu behar zaie, eta lehen aldiz plan zehatz bat dugu horretarako". Gauzak horrela, arestian aipatutako helburuen baitan, zenbait erronka daude. Esaterako, euskararen ezagutzari dagokionez, Lanbide Heziketan eta unibertsitateetan euskaraz ikasten duten ikasleen kopurua handitzeko asmoa dago, eta enpresetako goi karguetan euskaldun gehiago izatea espero da (bi kasuetan, %20ko igoera).

Erabileraren kasuan, hirigune eskualdeetako zerbitzu enpresetan kontsumitzaileen aurrean %5 eta eskualde industrialetan lan hizkun-tza gisa euskara %10 gehiago erabiltzea da jomuga. Era berean, kon-tsumitzaileen eskubideen atarian, euren dekretuaren betetze maila %20 handiagoa izatea nahi dute, edo berdina dena, dekretua betetzen duten enpresa kopurua areagotzea bilatzen dute. Falta denari dagokionez, hots, entitateen eta kontsumitzaileen aktibazioari dagokionez, bezeroek zerbi-tzuak euskaraz jasotzeko eskariak %5 igotzearekin batera, entitateek euskara "ezaugarri bereizle" moduan tratatzea sustatzeko erronka dago.

Horiek guztiak lortzeko bidean, Eusko Jaurlaritzak ere ezarri ditu "helburu estrategikoak", benetako helburuak lortzeko gida direnak: hizkun-tza paisaia eta ingurune digitala, zerbitzu hizkuntza, gaitasuna, gizartearen aktibazioa, lan-hizkuntza eta akordioak dira puntu nagusiak.

bi multzo Euskara lan-munduan sustatzeko estrategikoak izan daitezkeen bi eskualde multzo bereizi ditu Jaurlaritzak. Alde batetik, EAEko hiru hiriburuen eskualdeak (Bilbo Handia, Donostialdea eta Gasteizko ingurunea) eta Behe Bidasoa hautatu dira. Bestetik, Durangaldea Bizkaian eta Deba zein Oria ibaien arroak Gipuzkoan (Debabarrena, Debagoiena, Tolasaldea eta Goierri). Euskaldun kopurua, industriaren eta zerbitzuen sektorearen pisua edota EAEko enpleguan duten garrantziarengatik aukeratu dira aipatutako bi multzoak. Hori bai, bi multzo baino zenbait gehiago ibili dira azkeneko urteetan Euskara Eremu Sozieokonomikoan Sustatzeko Plana 2020-2023 garatzen.

Hartara, 2015ean hasi ziren gaiaren inguruan eztabaidatzen alor horretako herri ekimeneko aholkularitzak eta instituzioak. Horren harira, 2018an parte hartze prozesu bat burutu zen, EAEn euskara sustatzeko gako nagusiak garatuz. 2019an, ordea, Aurrerabide izeneko metodologiara egokitu da txostena, kudeaketa aurreratuaren bidetik osatuz planaren aurkezpena.

Modu honetan, eremu sozioekonomikoaren azterketa sakona burutu egin da plan honen bidez. Adituekin egindako elkarrizketetatik, pertsona ezberdinek betetako galdetegietatik zein SIADECOren bidez egindako ikerketa baten ondorioz, euskarak lan-munduan duen egoeraren inguruko analisi bat egin da, konklusio argi batera iritsiz: inoizko gazteriarik prestatuena eta euskaldunena lantegietara iristen ari den horretan, hezkun-tza sisteman egindako ahaleginak jarraipena izan behar du lan-munduan.

Belaunaldi berriak. Gazteek zereginak euskaraz egiteko gero eta gaitasun handiagoa daukaten horretan, lan-mundurako bidea erraztu behar zaiela azpimarratu zuen Zupiria sailburuak plan berriarekin bat.

Lau helburu. Euskararen ezagutza indartzea, langileen erabilera bultzatzea, kontsumitzaileen eskubideak hobeto betetzea eta entitateen zein bezeroen aktibazioa sustatzea dira egitasmoaren helburu nagusiak. Honen barruan, besteen artean, Lanbide Heziketan eta unibertsitateetan euskaraz ikasten duten ikasle kopurua handitzeko, edota euskara "ezaugarri bereizle" moduan tratatzeko intentzioa daude.

Bi multzo. Euskara lan-munduan sustatzeko estrategikoak izan daitezkeen bi eskualde multzo bereizi ditu Jaurlaritzak; batetik, EAEko hiru hiriburuen eskualdeak eta Behe Bidasoa, eta bestetik, Durangaldea eta Deba zein Oria ibaien arroak.