Gabon garaia aprobetxatuz, jendeak urte berrirako desioak eskatzeko ohitura izaten du egun seinalatu hauetan zehar. Horregatik, Gipuzkoako Foru Aldundiak argiteri berezi bat ezarri du foru jauregiko arkupearen aurrean. Etorkizuna hitza osatuz bi metroko altuera duten hamar hizki jarri dituzte, led argiez argiztatuta. Hizki horiek gipuzkoarren partaidetzarekin atondu nahi dituzte, nahi duenak aukera izango baitu norberaren desioak idatzi eta hizki horietan zintzilikatzeko.

Aurreko legealditik hasita, honetan ere proiektu estrategikoei heldu nahi die Gipuzkoako Foru Aldundiak herritarrekin batera. "Etorkizuna Eraikizen bitartez 25.000 pertsonek hartu dute parte prozesu parte-hartzaile honetan", nabarmendu zuen atzo Eider Mendoza Gobernantza diputatu eta bozeramaileak aurtengo iniziatibaren aurkezpenean. Gainera, aurrekontu irekien prozesuak sustatzearekin batera, Aldundiaren aurrekontuetarako azken lau urteetan 15.000 ekarpen baino gehiago jaso dituztela ere azaldu zuen diputatuak.

Gabonetarako antolatutako ekimen honekin herritarrekin zuzeneko harremana ere bilatu nahi du Aldundiak Gobernantza berriaren estrategiaren baitan. Iazko kanpainan 16.000 mezu inguru jaso zituzten ezarri zituzten zuhaitzetan eta ondoren katalogo bat osatu zuten haiekin. Arrakasta hori ikusita, aurten ere kalera ateratzea erabaki dute. "Herritarren ekarpenak jaso eta bilduma batean bilduko ditugu. Etorkizuna elkarrekin osatuko dugu Gipuzkoan", adierazi zuen Mendozak.

desioak Iazko mezuen artean denetariko desioak zeuden: bai pertsonalak eta baita kolektiboak ere. "Beti eskatzen den maitasunaz gain, pintxo-potea mantentzea, gurasoak ondo zaintzea, guztiok zoriontsuak izatea... mota askotako kontuak irakur zitezkeen mezu haietan", azaldu zuen diputatuak. Nahiekin lotuta, datorren urterako Foru Aldundiak dituen erronkez ere mintzatu zen. "Aldundiak duen erronka Gipuzkoa desberditasun gutxien duen Europako lurraldea izatea da eta, beraz, baita mundukoa ere. Horretan lanean jarraituko dugu gipuzkoarren parte-hartzearekin batera", esan zuen.

Gobernantza departamenduari dagokionez, langileen erdiak datozen urteetan erretiroa hartuko duela iragarri zuen eta, beraz, erronka nagusia horri aurre egitea dela. "Deialdiak egin behar ditugu jendea gure erakundean lan egitera erakartzeko. Aldi berean, gaur egun lanean diharduen jendearen esperientzia ere baliatu behar dugu etorkizuna elkarrekin egiteko eta zerbitzu hobea emateko gure langileen aldetik".

Atzo aurkeztutako ekimena Gabonak amaitu arte egongo da martxan herritarrek euren nahiak partekatu ditzaten.