donostia - Kontsumobideren txosten batek agerian uzten duenez Internet bidezko salmenta-orrialdeetan kontsumo-araudia ez betetzeak bere horretan dirau, batez ere erosleari zigorra ezartzen baitzaio kontratuarekin atzera egiteagatik, eta hori legez kanpokoa da Kontsumoko Euskal Institutuaren arabera.

Abuztuan zehar, Kontsumobidek Internet bidezko 50 webgune eta atari ikuskatu zituen bost sektore desberdinetan: arropa, oinetakoak, etxetresna elektriko txikiak/ elektronika, jostailuak, eta etxeko tresnak/altzariak), eta egiaztatu ahal izan zuen kontsumitzaileei eman beharreko informazioari buruzko ez-betetze maila handiegia dela oraindik ere.

Ikuskatutako webguneen ia erdietan (%47,9) ez zegoen estekarik, auziak ebazteko plataformara erraz eta zuzenean sartzea ahalbidetzen zuenik.

Kasuen %36n ez zen eskaintzen erosketa atzera botatzeko inprimakia, eta ezezkoari buruzko informazioa ematen zen kasuetan, webguneen% 36k ez du jakinarazten erosleak ordaindutako zenbatekoa itzultzeko denbora-muga ez dela hamalau egunetik gorakoa izango.

Kontsumoko Euskal Institutuaren ikuskapen-kanpaina hamar erosketa-prozesurekin osatu zen, eta horietan egiaztatu ahal izan kasuen erdietan kontsumitzaileari zigor bat ezar-tzen zaiola kontratuan atzera egiteagatik, eta hori arauaren aurkakoa da.

Halaber, ikusi zen ez zela errespetatzen kontratuan atzera egiteko dagoen hamalau egun naturaleko gutxieneko epea (%20); baita ere, atzera egin ondorengo itzulketa-epea hamalau egun naturaletik gorakoa dela.

Azpimarratu nahi izan dute, baita ere, Internet bidezko hainbat dendatan, erosleari atzera egiteko arrazoiak emateko legez kanpoko betebeharra ezartzen zaiola.

Egoera horretan, Kontsumobidek gogorarazi du kontu handiz ibili behar dela Internet bidezko erosketak egiterako orduan, eta webgune seguruetan egin behar direla beti; leku horiek, helbide-barraren ondoan itxitako kandadu baten ikurraren bidez identifikatu ahal izango ditugu.

Gainera, argi utzi nahi izan dute, erosleak kontratuan atzera egin dezakeela edo erositakoa itzuli (betiere produktu pertsonalizatua edo ematen hasi den zerbitzua ez bada) hamalau eguneko epean, inolako arrazoirik eman gabe - eta inolako zigorrik jaso gabe -, eta enpresak hamalau egun dituela dirua itzultzeko. - M. Tolosa