donostia - Administrazio publikoetatik Euskal Herrian armak ekoizteko ematen diren pizgarri eta laguntza guztiak industria militarra zibil bihurtzera bideratuta egotea eskatu zuen atzo Ongi Etorri Errefuxiatuak (OEE) elkarteak.

“Armak esportatzen ari diren euskal enpresa asko daude, dual asko, eta laguntzak, zerga salbuespenak eta abar jasotzen ari dira, eta hori euskal legearekin kontraesanean sartzen da”, adierazi zuen Bilbon plataforma horretako Luis Arbide bozeramaileak.

Aipatu zuenez, Herrialde pobretuekiko Justizia eta Elkartasunerako Gutuna izeneko euskal lege horrek honela dio: “Enpresak sustatzeko eta laguntzeko politiketan, Eusko Jaurlaritzak ez du inolaz ere lagunduko armak ekoizten, merkaturatzen eta finantzatzen diharduten pertsona fisiko edo juridikoekin”.

Hala ere, Arbidek adierazi zuen Euskadin, urtean laurogeita bost milioi euro inbertitzen direla armen munduan, “heriotzaren industrian”, eta Eusko Jaurlaritzak “lege honi aurre egin nahi dio, ez lege hori betez, baizik eta aldatuz, eta hori erabat arbuiagarria da”.

“Enpresa horietako asko ez dira soilik armen ekoizpenean aritzen, eta, beraz, beste jardueraren batean ari-tzea posible lukete, laguntza publikoak birmoldatzeko erabili eta, hala, legea betetzeko”, esan zuen bozeramaileak.

Era berean, plataforma ez zen batere ados azaldu, Euskadiko armen merkataritza eta gardentasunaren hobekuntzarako euskal erakundeen zereginaren inguruan, Globernancek Eusko Jaurlaritzarako egindako txostenarekin.

Beraien esanetan, txosten “justifikatzailea” da, euskal administrazioen beste ekintza eremu batzuk ikusezin bihurtzen dituena, eta jarduera horren kontrolean duen pasibotasuna eta inaktibitatea justifika-tzen duena. Hori dela eta, OEEk Giza Eskubideen eta Zuzenbide Humanitarioaren Behatoki publiko bat sortzea proposatu zuen, zigortzeko gai izango dena, eta euskal legea betetzen dela ikerketa bidez, kontuak emateko ahalbidez eta euskal enpresen eskubide urra-tzeak jaso eta izapidetuz kontrola-tzeko gaitasuna izango duena.

Plataformak amaitzeko adierazi zuenez, “borondate politikoa izanez gero, Euskadiko armen ekoizpen eta merkataritzari amaiera emateko oinarriak jar daitezke”. - M. Tolosa