Joan den igandeko emaitzak ikusirik, Emmanuel Macron presidentearen gehiengoa zalan-tzan egon liteke Nupes ezkerreko aliantza berria indartsu estrenatu zelako Frantziako estatu osoan. Abstentzioa %52,4koa izan zen, 2017an baino gehiago, eta Ipar Euskal Herrian ere bi herritarretik bat etxean egon zen joan den igandean.

Euskal Herriaren iparraldeak hauteskunde giroan murgilduta jarraitzen du bigarren itzulia dela eta. Bertako hiru barrutietan Ensemble-Elgarrekin Macronen aldeko hautagaiak eta Nupesekoak lehiatuko dira buruz buru. Baionaldean eta Lapurdiko kostaldeko barrutietan Florence Lasserre et Vincent Bru gaur egungo diputatu zentristek Nupesekoek baino bederatzi puntuen abantaila daukate.

Barnealdean, ordea, alde txikiagoa da Annick Troundayk bozen %26,6 eskuratu baitzuen eta Iñaki Echaniz sozialistak %24. Bigarren itzulirako sailkatu diren sei hautagaiak-bina barruti bakoitzean-lehiatik kanpo gelditu diren hautagaien eta abstenzionisten botoak eskuratu nahi lituzkete orain garaipena bermatu ahal izateko.

Gaurtik hainbat bilera publiko eta eztabaidatan parte hartuko dute aurrez aurre hedabideek antolatutako saioetan. Ensemble eta Nupes mugimenduetako hurbilekoek azpi marratzen dute bi eredu kontrajarri aurrez aurre daudela orain: Europan ongi dagoen Frantzia indartsua, alde batetik. Klaseen arteko borroka, bestetik. Frantzia Intsumituaz gain, komunistak, sozialistak eta ekologistak biltzen dira Nupes batasun berrian.

Neurri handi batean EH Bai eta Bilgune Nazionala epaile izan daitezke. Atzo, ezker abertzaleak adierazi zuen boto bakar bat ez diela eskainiko Macronen aldekoei eta desadostasun nabarmenak dauzkala Nupesekin dezentralizazioa, bake prozesua eta euskararen aldeko politikei dagokienez. Bart, EH Bai koalizioaren ordezkaritza batek Iñaki Echaniz sozialistarekin hitz egin behar zuen elkarren berri izateko eta jarrera hurbilketa egiten saia-tzeko.

Abstentzio handia izan arren, bost urtez EH Baik 3.600 boto berri eskuratu ditu eta Ipar Euskal Herriko hirugarren indarra da beti. Abertzaleak bozkatuenak izan ziren Sara, Baigorri, Arrosa, Ortzaize, Bidarrai, Makea, Lekorne, Aiherra, Izturitze, eta Izura bezalako herrietan.

Bigarren tokian sailkatu ziren Urruña eta Ziburun. Lehen aldiz azken bi hamarkadetan EAJ-PNBk ez du hautagairik aurkeztu Ipar Euskal Herriko hiru hautes barrutietan. Afiliatuen kopurua emendatzen segitzea eta Euskal Hirigune Elkargoan lan erangikorra egiten jarraitzea dira jeltzaleen lehentasunak.

Bestalde, eskuin muturrak sustraitzen segitzen du euskal lurraldeetan eta bost urtez 8.650 bototik 19.496 botora igo da, bozka emaileen %16. Hauteskunde presiden-tzialen bigarren itzulian Marine Le Penek 55.000 boto pasa eskuratu zituen Lapurdi, Baxenabarre eta Zuberoan. Gainera, bertan, lehen itzuliko hamabi hautagaien artean bost bozkatuenen artean bi eskuin muturrekoak ziren, Le Pen bera eta Éric Zemmour.

Justiziak behin baino gehiagotan zigortu duen polemista eliminatua izan zen igandeko legegileetako lehen itzulian berean. Lehiatik kanpo gelditu ziren ere Manuel Valls lehen ministro ohia, Florian Phillipot eskuin muturrekoa eta Jean-Michel Blanquer euskara bezalako hizkuntza gutxituei hainbat oztopo sortu dizkien hezkuntza ministro ohia.

Paul Molac Bretainiako diputatua ordea bozkatuena izan zen lehen itzulian eta bere barrutiko alkia mantendu lezake igandean. Kortsikako lau diputatuetatik hiru aber-tzaleak izan dira azken legealdian eta haiek ere baldintza onetan daude legebiltzarrean jarraitu ahal izateko. l