- Espetxe Erakundeek eta Barne Ministerioak "oraindik ere" ETAko presoei aplikatzen dieten "salbuespenezko legediaren ondorioz", erakunde armatuko presoek pairatzen dituzten "eskubideen urraketak" amaitzen ez badira, Euskadin elkarbizitza ezinezkoa izango da Sareren ustez.

Gipuzkoako Sareko arduradun Nahikari Iturbek gogoeta hori egin zuen Donostiako Martuteneko espetxearen aurrean atzo, euskal preso guztiak Euskal Herriko eta Nafarroako espetxeetara hurbiltzea aldarrikatzeko kolektiboak antolatutako bizikleta martxa abiatu aurretik.

Hasiera batean espetxearen aurrean, eta ondoren martxaren amaieran, Gipuzkoako hiriburuaren erdigunean, egindako adierazpenetan, Nahikari Iturbek ETAko presoak euskal espetxeetara hurbiltzea aldarrikatu zuen, baita "gradu-progresioa aplikatzea" ere, presoak gizarteratzeko "funtsezkoa" delako.

"Espetxe-politikan ematen ari diren aldaketak" ontzat jo bazituen ere, urruntze-politikak oraindik indarrean jarraitzen duela esan zuen Iturbek; izan ere, Sarek emandako datuen arabera, gaur egun kartzelan dauden 200 presoetatik "80 baino ez baitaude Euskal Herrian".

Gradu-progresioari dagokionez, Sareko bozeramaileak esan zuenez, praktikan guztiak bigarren graduan egon arren, bederatzik bakarrik egin dute aurrera hirugarrenera, beste 19 preso daude gaixotasun larriekin, eta "adinekoen" egoera ere ez da aldatu.

Gai horren inguruan salatu zuen Iturbek, "Auzitegi Nazionalak baliogabetu egin dituela" espetxeetako tratamendu-batzordeek erabakitako hainbat gradu-progresio, eta "hori atzerapauso argia dela, eta agerian uzten duela sektore ba-tzuek ez dutela aurrera egiteko asmorik, erosoago sentitzen direlako iraganeko konfrontazio-egoeran".

Bizikleta martxari dagokionez, 50 lagun inguruk egin zuten eguerdian bizikletaz, Martuteneko espetxea eta Justizia Jauregia dagoen Teresa de Calcuta plaza arteko ibilbidea. Handik, manifestazioa egin zuten, oinez, Boulevarderaino, protestaldia bertan amaituz.

Horrela salatu nahi izan zuen Sarek Espainiako Estatuak espetxe-erloan erabiltzen duen "salbuespeneko legedia", eta gradu-progresioetan zein ETAko presoen hurbiltzean, espetxe-politika iraultzearen alde egin zuen. -