- Alícia Romero PSCren Parlamentuko bozeramaileak atzo adierazi zuenez, Gobernuaren eta Generalitatearen arteko elkarrizketa mahaia 2022ko hasieran bilduko omen da, ziurrenik urtarrilean. Aurreikuspena hori omen da, behin-tzat. “Gobernuen arteko elkarrizketa-mahaia abian jarri zen, eta orain bigarren bilera bat egin behar da urte hasieran. Gainera, alde biko batzordeak martxan jarri dira, dagoeneko”, esanez, elkarrizketa aurrerabidean dela defendatu du Romerok.

Kataluniako buruzagi sozialistak adierazi zuenez, Pere Aragones buru duen Kataluniako Gobernuak egutegi horren berri eman die oposizioko taldeei, elkarrizketa-mahaia urte hasieran berriro biltzea aurreikusiz, irailean Bartzelonan elkartu ondoren. Adostasunak lortzekotan mahaian eseri beharra defendatu zuen Romerok. “Egutegiak eginda daude, eta gu pozik gaude bilerak egin eta konpromisoak hartzen ari direlako”, bai Kataluniako gatazka konpontzeko elkarrizketa-mahaian, baita Estatuaren eta Generalitatearen arteko Bitariko Batzordean ere.

PSCko Parlamentuko bozeramaileak babes osoa bidali nahi izan zion “Pedro Sanchezen Gobernuari, baita Generalitatekoari ere, elkarrizketa-mahai horretara herren joan arren” Junts per Catalunyak oraingoz ez baitu bertan parte hartuko, Aragonesek Juntsek proposatutako ordezkaritza errefusatu egin bai-tzuen, soilik Gobernuko kideek osa-tzen ez zutelakoan. Romeroren ustez, JxCat ez egoteak Kataluniako aldea ahuldu egiten du, eta sikiera eseri egin beharko lukeela iruditzen zaio, ERC-rena ez den bestelako jarrera bat azaltzeko. Alderdi horri, datorren urtearen hasierako hitzordu berrira joateko eskatu zion agerraldian.

Kataluniako Gobernuan dauden ERCren eta Juntsen desadostasunei buruz ere hitz egin zuen Romerok: “Espainian ere koalizio-gobernua dago; elkarrekin mahaian esertzeko gauza dira, eta ziurrenik gaiak aldez aurretik landuko dituzte eseri aurretik”. Eta adierazi zuen, koalizio guztietan egoten direla desadostasunak eta ñabardurak, baina horietatik eztabaida aberastu eta politika sendoagoak sor daitezkeela. “Ongi iruditzen zaizkit desadostasun naturalak”, esan zuen, “egon daitezkeen alde horiek azkar konpontzen badira”.

PSCren parlamentu-bozeramaileak oso ikuspegi desberdina adierazi zuen PSOEk eta Unidas Podemosek Gobernuan dituzten eztabaidak eta ERCk eta JxCatek Kataluniako Gobernuan dituztenen artean; bere esanetan, Katalunian hilabeteak daramatzatelako hainbat arlotan sortutako ezin ulertzeak askatu gabe: hala nola elkarrizketa-mahaia, Bartzelonako aireportuaren zabalkuntza (El Prat), edota Neguko Olinpiar Jokoak. “Koalizioak are eta ahaltsuago bihurtzen dira ñabardurak eta kontrako iri-tziak plazaratu, eta ados jartzeko gai izaten direnean; irainak eta desadostasunak pilatzeak berriz, ez ditu batere sendotzen” esan zuen. Horrez gain, guztiaz hitz egin ahal izatea defendatu zuen, beti ere legearen eta zuzenbidezko estatuaren esparruan: “Mahaiak legea hausteko saiakerarik egingo balu, PSC aurrean izango da legea defendatzeko”, aldarrikatu zuen.

“PSCn pozik gaude bilerak egin eta konpromisoak hartzen ari direlako”

PSCren bozeramailea Katalunian