“Estatuak Euskadiko benetako beharrei erantzuten dio”

Kartzela berrirako, Hondarribiko aireporturako eta Pasaiako porturako dirua aurreikusi da

15.10.2021 | 00:31

donostia – Denis Itxaso Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak atzo adierazi zuenez, 2022rako Estatuko Aurrekontuen proiektuan jasotako inbertsioek "erkidego honen benetako beharrei erantzuten diete", eta "errealismo-ariketa bat dira", ustez exekutatu ahal izango dena txertatu baita aurrekontuan.

Itxasok prentsaurrekoa eskaini zuen, datorren ekitaldirako Estatuko Aurrekontu Orokorren proiektuan Euskadirako aurreikusitako inbertsioen zifra nagusiak azaltzeko.

Atzo plazaratutako datuen arabera, Euskadik 489,6 milioi euro jasoko ditu, 2021ean baino %10,7 gutxiago, beraz, 59,12 milioi gutxiago. Kopuru hori autonomia-erkidegoetara bideratzen den inbertsio publiko osoaren %3,80 da, 2021ean % 5,10 izan zelarik.

Espainiak Euskadin duen ordezkariak azaldu zuenez, 489,6 milioi horiek inbertsio zuzenak da, eta horri zeharkako 79,2 milioi gehitu behar omen zaizkio, Estatuak aginduta Eusko Jaurlaritzak gauzatzen dituen eta Kupo bidez finantzatzen diren beste zenbait ekintzengatik. Guztira, 568,8 milioi inbertituko dira Euskadin.

Lurraldeka banatuta, Arabarako 109,9 milioiko zuzeneko inbertsioa aurreikusi da, 182,8 milioikoa Bizkaian eta 196,9 milioikoa Gipuzkoan.

Abiadura Handiko Trenak jasoko du partidarik garrantzitsuena, 336,45 milioi. Kopuru horretan sartzen dira zuzeneko inbertsioko 247 milioi euro, gehi beste 77,7 milioi euro Eusko Jaurlaritzak Gipuzkoako zatia kudeatuko duelako, eta 10,9 milioi euro Burgos-Gasteiz adarreko azterlan eta programetarako.

Donostiako aireporturako 2,5 milioi aurreikusten dira eta, besteak beste, 18 milioi jarrita daude Gipuzkoako espetxerako, 12 milioi Bilboko portuan kaia luzatzeko eta 4,4 milioi Pasaikorako, eta 15 milioi Jundizko plataforma logistikorako.

noticias de noticiasdegipuzkoa