- "Jada luzeegi gertatzen ari den langile guztien berdintasunerako bidetik" ez aldentzea aldarrikatu zuen Garbiñe Biurrun EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko Lan Arloko Salako presidente berriak atzo bere hirugarren agintaldiaren kargua hartu ondoren.

Iñaki Subijana Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko presidente berria izan zen buru, Bilboko Justizia Jauregian egindako Biurrunen kargu-hartze ekitaldian. Magistratuak zein Subijanak, biek azpimarratu zuten beren hitzaldietan, jurisdikzio-sail horretako epaitegien egiturazko gainkarga areagotu egin dela pandemiaren erruz sortutako auzien gorakadarekin.

Biurrunek Justizia "on edo kalitatezkoaren" aldeko apustua egin zuen, "Jurisdikzio sozialean helburu horrekin jarraitu behar da lanean, ugariak diren zailtasun guztiak gorabehera". Gainera, azpimarratu zuen, "Konstituzioak aldarrikatzen duen Estatu Sozial batean, lana delako herritarrak eskubide sozialen titular egiten dituena, norbanakoaren askatasuna dakarrena, aurrerapen soziala eta berdintasuna ziurtatzen dituena, eta ezinbesteko kohesioa eta elkartasun soziala bermatzen dituena".

Horregatik uste du, lan-gatazkak ebazteko ardura duen Sozial-arloko jurisdikzioak "lan-mundua eta langileak politika publikoen eta erabaki ekonomikoen erdigune diren agertoki batean kokatu behar duela".

Ildo horri jarraiki, "Konstituzioak ezarritako lanerako eskubideak helburu ukaezina izaten jarraitu behar du" esan zuen, eta jurisdikzio horrek gainerako botere publikoekin eta eragile sozialekin konprometituta egon behar duela, "berez, hala baitago". "Edozein unetan eta egoeratan, gure jurisdikzioa ez litzateke inoiz aldendu beharko, jada luzeegi gertatzen ari den langile guztien berdintasunerako bidetik", gaineratu zuen.

Justizia Administrazioan hizkuntza-koofizialtasuna bultzatzeko konpromisoa ere berretsi zuen. "Argi dago konpromiso hori ez dela behar bezala bete, eta egia da ez naizela gai, gaur egun, horren inguruan mekanismo egokiak antolatzeko", aitortu zuen.

Bere esanetan, "oso zaila izan ohi da da herritarrek justiziaren erantzuna euskaraz jasotzea". Inolaz ere, baikor agertu zen "Lan-arloko jurisdikzioan hizkuntza-normalizazioaren eta herritarren hizkuntza-eskubideen errealitatearen bidetik eraginkortasunez joateko beharrezkoak diren sinergia guztiak batu daitezen".