- Hizkuntza gutxituen babesean aurrerapauso historikoa ekarri duen Eskualdeetako Hizkuntzen Ondarea Babesteko eta Sustatzeko lege historikoaren aurka 60 diputatuk baino gehiagok helegitea aurkeztu dute Frantziako Asanblada Nazionalean. Konstituzio Kontseiluak hilabeteko epea izango du gaiaren inguruan iritzia emateko.

Asanblada Nazionalean hartutako hitzarmen historikoaren kontrako erantzuna Emmanuel Macronen alderdiko 60 diputatuk eman dute, Konstituzio Kontseiluan helegitea aurkeztuta. Legea bere osotasunean indarrean jar-tzeko epea gaur amaitzen da eta helegitea atzo aurkeztu zuten. “Zeren beldur dira?”, galdera egin du hizkuntza gutxituen aldeko legearen sustatzaile Paul Molac-ek, Twitterren zabaldutako komunikatu batean.

Molacek lege berriaren aldekoak lasaitu egin nahi izan ditu, arauak bere bidea jarraituko duela ziurtatuz. Nolanahi ere, diputatu horiek emandako pausuak harritu egin duela onartu du Molac-ek.

Peio Jurajuria Seaskako presidenteak konfiantza adierazi du legeak jarraituko duen bidearen inguruan. “Legegileek apirilaren 8an onartu zuten murgilketa Molac legea bozkatuz. Baina diputatu batzuek helegitea jarri dute. Egun batzuk itxaron beharko ditugu Frantzia hizkuntza gutxituak babesteko prest dagoen jakiteko”.

Legea izapidetzeko orduan ikusminik handiena eragin duen artikulua murgiltze-ereduari buruzkoa da. Konstituzionaltasunari dagokionez, atal horrek sor lezake eztabaidarik handiena. Murgiltze-eredua arautzen duen artikuluak esaten duenez, ikasleek beren jatorrizko hizkuntzan ikasi ahal izango dute %100ean hezkuntza publikoan.