Iparragirrek ETAren historia "gezurretan ixtea" leporatu dio Auzitegi Nazionalari

Erakundearen buruzagi ohiak salatu duenez, "hemen gertaerak eta historia berridazten ari dira"

17.03.2021 | 00:16

donostia – "Hemen gertaerak eta historia berridazten ari dira, eta badirudi demokrata on, on, on ba-tzuk bazeudela, eta terrorista gaizto, gaizto, gaizto batzuk, egun batean erabaki zutenak, oso gaiztoak zirelako, zintzoak hil egingo zituztela". Aipamen hori Marixol Iparragirrek egin zuen atzo Auzitegi Nazionalean, Amurrion 1985ean ETAk segurtasun indarren salataritzat jotzen zuen postari baten hilketan parte hartu ote zuen argitzeko bistan.

Fiskalak 39 urteko kartzela zigorra eskatzen dion auzi horretan azken hitzak luzatzeko aukera izan zuen Iparragirrek. Joan den otsailean Auzitegi Gorenak, Leonen, alabarekin autoan zihoala lapa-bonba bat lehertuta Luciano Cortizo Lurreko Armadako komandantearen hilketa agintzeagatik 122 urteko kartzela-zigorra berretsi ostean egin diote epaiketa berri hau.

Bere hitzaldian, ETAren historia "gezurretan ixtea" leporatu zion aktibista ohiak Auzitegi Nazionalari, Gerra Zibilaren bertsio ofizialarekin parekatuz. "Hemen ez dago testuinguru politikorik, ez testuinguru sozialik, ez errepresiorik, ezta Estatu terrorismorik ere. Noiz arte? Badakigu nola itxi zen Gerra Zibilaren historia. Hau ere horrela itxi behar al dugu, gezurretan? Ea gauza izaten garen gure seme-alabei erakusteko, gatazkak konpontzen oso zailak izan arren eta aldeak ere sekulakoak izanda ere, beti dagoela hitz egiteko aukera" , gaineratu zuen.

Epaiketa honetan akusatu izateko frogei dagokienez, Intxaurrondoko Guardia Zibilaren kuarteleko agenteek egindako operazio baten ondoren beste militante batzuek egindako deklarazioetatik abiatzen direla argudiatu zuen. "80ko hamarkadako Intxaurrondo. Hain zuzen ere, hortik atera ziren Lasa eta Zabala bahitu, torturatu eta hil zituztenak, eta Mikel Zabalza ere hantxe hil zen torturapean".

Gertaera horiengatik aurrez kondenatutako Juan Carlos Arruti Azpitarte ekintzailea, beste bi terrorista ere hil ziren guardia zibilekin izandako enfrentamendu batean atxilotu zuteneko "bertsio ofiziala" ere arbuiatu egin zuen Iparragirrek. "Irungo autopista-ordainlekuan antolatutako segada izan zen; gidaria eta kopilotu zetorren Arruti Azpitarte kamioitik jaitsarazi, eta ETAko beste bi kideei ez zitzaien bizirik ateratzeko aukerarik eman", esan zuen.