Etxerat: "Lasaigarria da hain urrun bidaiatu beharrik ez izatea"

109 preso Euskaditik gertu dauden kartzeletara hurbildu dituzte

13.02.2021 | 00:43
Kepa Preciado, en un juicio anterior. Foto: Efe

donostia – Komunikabideekin egindako topaketa batean, Espainiako Gobernua ETAko presoen inguruan egiten ari den azken mugimenduen balantzea egin zuen atzo Etxeratek. Erakunde horren arabera, Pedro Sanchezen exekutiboarekin 109 preso Euskal Herritik hurbilago dauden kar-tzeletara ekarri dituzte dagoeneko, eta beste 19 "kokapen berriaren zain" omen daude.

Senideen elkarteko bozeramaileek aitortu zutenez, Espainiako Gobernua "presoak hurbileko edo inguruko espetxeetara lekualdatzen ari da". Helburua euskal kartzeletara ekartzea bada ere, aurrerapauso ona dela adierazi dute. "Aldaketa mesederako da", familiak "hobeto daudelako" eta "lasaigarria delako hain urrun bidaiatu behar ez izatea". Etxeraten arabera, "Algeciras, Badajoz, Caceres, Ocaña eta Herrera de la Mancha bezalako kartzelak hustu dituzte". Hala ere, presoen senideen joan-etorriak oraindik ere "km-0" ez direla azpimarratu dute, eta horixe da kolektibo horrek eskatzen duena.

Etxeratek gogorarazi duenez, "preso gehienek banakako kartzela-ibilbide juridikoa egiten jarraitzen dute. Banan-banan erakusten ari dira, bakoitza bere bizipenetik eta esperientzia pertsonaletik, egindako kaltearen aitorpena eta biktimekiko enpatia. Kasuren batean, eran-tzukizun zibila ordaintzen ere ari dira ".

Duela gutxi, Auzitegi Nazionalak aitorpen horien balioa zalantzan jarri eta damua adierazteko "gutun generikoak" zirela esan zuen. "Legeak ez die horrelako ezer eska-tzen bigarren gradua lortzeko, ezta euskal kartzeletara eramateko ere (bada, ordea, hirugarren gradua lortzeko baldintza); eta, hala ere, egiten ari dira, eta ekarpen positiboa dela uste dugu", adierazi du Etxeratek.

Elkartea, hala ere, kezkatuta agertu zen "lobby-ak (biktimen elkarteren bat, epailetzako kide batzuk, sektore politiko eta mediatikoak) presondegi-politikaren aldaketa hori geldiarazi nahi duelako, urruntzearekin amaitu eta espetxe-politika normalizatu baten aldeko euskal gizartearen gehiengo zabalaren iritziaren aurrean eta akordio politiko, sindikal eta instituzional zabalaren aurrean".

Presoen senitartekoen kolektiboak, bestalde, euren familiartekoentzat "ohiko espetxe legerako bidea erraztearen" alde egin zuen; "espetxe politikaren humanizazioan aurrera egitea ahalbidetuko duen bidea" delako, eta egungo egoera "elkarbizi-tzarako ekarpen erabakigarri gisa, sufrimendu guztiak aitortuko dituen presorik gabeko gizarte batera" hurbilduko duelako.