Bada gatz eta piper egunotan Ipar Euskal Herriko herri jendetsuenetan herriko hauteskundeen bigarren itzuliaren kanpaina dela eta. Proposamenez gain, hautagaien arteko tirabirak eta kritikak egunerokoak dira hedabide eta sare sozialetan. Esaera zaharrak "boz urte, gezur urte" dioen arren, egun hauetan hautagaiek beren asmoen berri ematen saiatu dira baldintza zailetan osasun krisiarengatik.

"Ezin izan dugu biltzar handirik egin eta beraz bilkura ttikiak antolatu behar izan ditugu batzuk eta besteen etxeetan", dio Joseba Erremundegi hautagai baionarrak. "Etxez etxe ezin izan dugu ibili herritarrekin zuzenean hitz egiteko Jean René Etchegaray orain arteko auzapez eta hautagaiaren asmoen berri emateko. Internet ia bide bakarra da". Herritar guztiek konexiorik ez dutela azpimarratu du Henri Etcheto zerrendaburu sozialista sostengatzen duen Michel Esteban hautagai ekologistak. 2014ean, Etchegaray Etchetori nagusitu zitzaion hogei bat bozen aldearekin. Aldi honetan ere baliteke emaitza tinkoak izatea joan den martxoaren hamabosteko lehen itzulian abstentzioa %60ekoa izan baitzen. Gainera, azken urteetan herritar asko Baionara bizitzera joan denez, gaur egun, hiru boz emaileen artean batek lehen aldiz bozkatuko du eta inork ez daki zeinen alde eman dezakete bozka.

Miarritzen ere itsaso zakarraren an-tzera izan da kanpaina lau hautagaien artean solas mikatzak entzun direlako. G-7 nazioarteko gailurra hartu zuen hiriak auzapez berria hautatu beharko du gaur Michel Veunac zentristak lehiatik erretiratzea erabaki baitu. Lehen itzulian bosgarren tokian sailkatu zen eta zerrendakide batzuek Jean Benoit Saint Cricq hautagai eskuindarrarekin bat egitea nahiago izan dute.

Maider Arosteguy kontserbadorea (Les Républicains) Miarritzeko auzapez berria izateko faboritoa da hautagai bozkatuena izan baitzen lehen itzulian (%31,46). Guillaume Barucq mediku surfzalea eta ekologista da Arosteguyren arerio nagusia. Barucqek botoen %16,22 jaso zuen martxoan eta geroztik aliantza egin du EH Bai, ekologistek eta ezkertiar batzuen zerrenda anitzarekin (%12,33). Ezker Aber-tzalearen babesa izateaz gain, Eusko Alderdi Jeltzalearen hautagai bat dagoenez bere zerrendan, lehen itzulian bezala Guillaume Barucqek Eneko Goia Donostiako alkatearen sostengua jaso du aste honetan.

Maulen ere aldaketa etor liteke gaur. Izan ere, lehen itzuliko emaitzak errepikatzen badira komunista batek gobernatuko luke Euskal Herriko lurralde txikieneko hiriburua. Louis Labadot ezkertiarrak bozen %37,61 jaso zuen, Michel Etchebest auzapez zentrista euskaltzaleak %33,45 eta Beñat Elkegaray abertzaleak %28,92. Hiru hautagaitzen artean akordiorik ez da egin bi itzulien artean eta berriz ere hiru zerrendaburu hauek lehiatuko dira gaur.

Barnealdeko zenbait herritan bezala, Urruñan ere abertzaleek herriko etxearen giderrak hartu nahi lituzkete. Lehen itzulian indar bozkatuena izan ziren, orain arteko agintarien aintzinean, baina herritarren erdiak bozkatu ez zuenez gaur egoera aldatu daiteke.

Ziburun ere gauza bera gertatzen da, abertzaleak eta ezkertiarrak garaile izan zirelako lehen itzulian. Bertako eskuina zatitua dago eta ez du lortu aliantzarik egitea abertzaleei bidea ixteko. Eneko Aldana aber-tzaleen zerrendaburuak argi du prest daudela gobernatzeko.

Itsasu, Senpere, edo Azkaine bezalako herrietan ere jokoa idekia da. Gaur aukeratuko dituzten hautetsiek osasun eta ekonomia krisiei buru egin beharko diete, eta horrez gain, hiru urte dituen Euskal Hirigune Elkargoa osoki berritu beharko dute ere. Gaurko bozketa segurtasun neurri zorrotzekin eginen da eta Ipar Euskal Herrian hain gutxi erabiltzen diren maskarak janztea nahitaezkoa izanen da bozka bulegoetara sartu ahal izateko.