- Gorka Urtaran Gasteizko alkate eta Eudel Euskal Udalen Elkarteko presidenteak berretsi egin zuen atzo hiribide bati Juan Carlos I.a izena kentzeko asmoa; bere esanetan, euskal hiriburuak ez baitu merezi kale izendegian “ustel” baten izena agertzea.

Martxoan aurreratu bazuen ere, Urtaranek atzo berriro adierazi zuen asmo hori, Mekara iritsiko den abiadura handiko trenaren eraikuntzan ustez komisioak ordaintzearen inguruan Auzitegi Goreneko Fiskaltzak ustelkeriaren aurka zuzen-tzen zuen ikerketa bere gain hartzea erabaki ostean, gertakarietan parte hartu omen zuten pertsonetako bat errege emeritua izan omen zitekeela egiaztatu eta gero.

Gasteizko alkateak Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean aurreratu zuenez, ez zaio kontu hori ahaztu, eta nahiz eta kaleen izenak Alkatetzaren eskumenekoak izan, udal taldeekin ahalik eta akordio zabalena lortzen saiatu nahi du.

“Gasteizen ezin da etorbiderik egon gizon ustel baten izenarekin, argi eta garbi”, esan zuen Urtaranek. “Juan Carlos I.a ez da eredugarri izan, eta arauak betez egin ez duen guztiaren ondorioak bere gain hartu behar ditu” azpimarratu zuen.

Joan den martxoaren erdialdean iragarri zuen Gasteizko alkateak espediente administratibo bat ireki zuela Gasteizko Salburua auzoko etorbide bati Juan Carlos I.a izena kentzeko.

Orduan aipatu zuenez, Felipe VI. erregeak bere aitaren oinordetzari uko egin izana, errege emerituak ustezko jarduera irregularrengatik “Saudi Arabiatik gutxienez 100 milioi euro “ kobratu zituela aitortzea zela esan zuen.

Azaldu zuen bezala, badago izena jartzeko aukerarik; toponimo bat izan daiteke, edota bestela emakumeren baten izena, bai emakumeen eskubideen alde borrokatu den norbait, edota zientziaren alorrean egindako ekarpenagatik nabarmendu den norbaiten izena ere.