Gipuzkoako Diputatuen Kontseiluak Bizikidetza Lantzen programaren inguruko diru-laguntzak onartu ditu astearte honetan. Guztira, 180.000 euro bideratzen dira ekimen honetara. Bizikidetza Lantzen bake, bizikidetza eta giza eskubideen udal politikak sustatzeko foru programa da. Gipuzkoako Foru Aldundiaren helburu estrategikoetako bat da Kultura demokratikoa indartzea, aniztasunean eta gizarte bidezkoago batean oinarritutako bizikidetza hobea lortzeko, betiere Giza Eskubideen Nazioarteko Aldarrikapenarekin koherentzia gordez.

Zentzu horretan, Gipuzkoako Foru Aldundiak 2016 urtean Bizkidetza Lantzen, bake, bizikidetza eta giza eskubideen udal politikak sustatzeko foru programa martxan jarri zuen. Ibilbide oparoa izan du orain arte foru programa honek, lurraldeko udal gehienetara bizikidetza arloko egitasmoak hedatuz. Ekimen honetan parte hartu duten udalen hausnarketak eta ekarpenak barneratu dira programan, eta honela lehentasuna eman nahi zaio bizikidetza sustatzeko elkarrizketa esparruei, oroimen inklusibo, demokratiko eta ez justifikatzaileari; herritarren kultura politiko demokratikoa sendotzeari eta, giza eskubideak defendatzea, errespetatzea eta bete daitezen bermatzea xede duten proiektuei.

"Elkarbizitzarako oinarriak ezartzeko, ezinbestekoa da erakunde guztien, herri ordezkarien eta herritarren inplikazioa eta parte-hartzea. Horrela, udalak, herritarrengandik gertuen dauden erakundeak direnez, eta gure gizartearen aniztasunaren isla direnez, oso garrantzitsuak dira elkarbizitza espazioen eraikuntzan", nabarmendu du Foru Gobernuko bozeramaileak, Eider Mendozak. "Gauzak horrela, zentzuzkoa da Bizikidetza Lantzen programari jarraipena ematen segitzea", gehitu du.