- Mikel Irizar (Ormaiztegi, 1954) beste zeregin askoren artean, Gipuzkoako Foru Aldundian Hizkuntza Berdintasuneko zuzendari izan zen. Gaur egun jubilatuta dago, erretiratuta ez, ordea. Horren adibide, Aberri Egunerako hainbat lagunen artean sortu duten Euskal Herria Batera plataformaren talde sustatzaileko kidea eta bozeramaileetako bat izatea. Aberri Eguna Euskal Herri osoan batera ospatzeko asmoz sortu da ekimena eta komunitatearen garapena du oinarri.

Nola sortu da Euskal Herria Batera plataforma?

-Pertsona gutxi batzuen kezka partekatu batetik sortu da. Aberri Eguna bakoitzak bere aldetik eta herritarren parte-hartze txikiarekin ospa-tzen zela aspaldiko kezka bat da. Lehenago ere egon izan dira Aberri Egun bateratuak, baina kezka hori aspaldikoa da. Aurtengo salbuespen egoera honek muga asko jartzen dituenez aukera bat sortu du: jendea ezin daitekeenez kalera irten ohiko moldeetan Aberri Egunean parte hartzeko, ezintasun hori beste zerbait egiteko aukera bihurtu nahi dugu.

Zein da aukera hori?

-Jendea gutxi-asko etxean egiten ari den hori -balkoietara irten eta elkarrenganako keinuak egin- denok batera Euskal Herri osoan egitea. Elkarrekin egiten dugun horrek eta batera egiten dugun horrek indarra eta babesa ematen digu, eta Aberri Egunean hori gure komunitate-sentimenduarekin eta nazio izaerarekin lotu nahi dugu.

Zein da helburua?

-Aurtengo Aberri Eguna, nolabait, komunitatearen aldarri eta adierazpen bihurtzea. Komunitatearen garapena oso elementu garrantzitsua dela iruditzen zaigu: herri izaera indar-tzea, elkarrekin zerbait garela senti-tzea, eta nortasun kolektibo horri eustea. Edozein nazio edo aberri eraiki-tzeko garrantzitsua da hori eta nortasun kolektiboa indartzeko modu bat da elkarrekin batera zerbait egitea; gainera, ahal bada, Euskal Herri osoan. Ekimena oso xumea da, baina jende askok parte hartzen baldin badu, sekulako indarra hartu dezake.

Zuretzat zer esanahi du batera egote horrek?

-Gizarte konplexu guztietan gerta-tzen den bezala, nahiz eta gure artean ere ikuspegi eta interes desberdinak izan, gai garela une jakinetan eta helburu komun batzuen aurrean batera jarduteko. Horrek ematen baitu gaitasuna arazoei aurre egiteko eta elkarrekin erabakiak hartzeko. Gaur egun gizarte konplexuetan helburua nekez izan daiteke batasuna. Batasunak esan nahi du ikuspegietan erabat ados egotea eta hori oso zaila da; baina bateratasuna da bakoitza bere ahots propioarekin gai izatea momentu puntual batean besteekin ados zertan dagoen esateko, eta puntu jakin horretan indar bateratu bat jartzea. Bateratasuna herri gisa jauziak egin ahal izateko behar dugun tresna bat da.

Pentsamolde anitzeko jendea batu al da ekimenera?

-Manifestua idazterakoan hori oso kontuan izan dugu. Aberri politiko bat baino, aberri komunitarioa indartzea da gure helburua. Oinarri horretan dago, esaterako, elkarrenganako errespetua edo elkarrenganako zaintza. Gainera, gure arteko gatazkak edo desberdintasunak eztabaida demokratikoaren bidez planteatu nahi ditugu. Gu ez gara plataforma politiko bat zentzu hertsian; aberriak oinarrian behar duen komunitatea sendotzeko asmoz sortutako plataforma baizik.

Ze ekintza antolatu dituzue?

-Lehenik eta behin, jendeari argazki bilduma bat proposatzen ari ga-tzaizkio. Nahi duenak, etxe bakoi-tzean argazki bat atera dezake mezu batekin. Mezu hori norberaren besteekiko sentimenduei buruzkoa izan daiteke edo, besterik gabe, ekimenaren ikurra duena. Argazki hori atera eta aberrieguna2020.eus webgunera igo behar da. Igotzen diren argazki guztiekin panel handi bat osatzen ari gara. Aberri Egunean, 12.30ean, mosaikoak forma jakin bat hartuko du eta sare sozialetan partekatuko dugu.

Igandeko ekitaldia etxeko balkoietan ospatuko da.

-Bai, Aberri Egunean 12.30ean euskal irrati guztiek seinale bat emitituko dute batera. Seinale horren bidez, lehenengo musikatxo bat jarriko dugu eta isilune bat egingo dugu osasun krisi honetan hil direnak omentzeko, euren familiei dolua adierazteko eta esker ona adierazteko gure zaintzan ari diren guztiei. Jarraian, elkarrekin Txoria txori abestuko dugu, dagoeneko biltzen gaituen ereserki bihur-tzen ari baita. Eta Ikusi mendizaleak kantatuz amaituko dugu, batera egiten ari garen horrek emandako indarrarekin animatuta bukatzeko.

Nolako erantzuna izaten ari da ekimena?

-Jendea dotore erantzuten ari da. Dagoeneko milaka argazki jaso ditugu mosaikorako eta sare sozialetan ere gero eta mugimendu handiagoa ikusten da. Ekimena oso modu xumean abiatu dugu, baina oihar-tzun handia izaten ari da eta hemendik igandera bitartean nik uste dut gai izango garela milaka pertsona mobilizatzeko, eta une jakin horretan balkoietara Euskal Herri osoan, eta batera, zerbait egitera irteteko.

"Aurtengo Aberri Eguna, nolabait, komunitatearen aldarri eta adierazpen bihurtzea da Euskal Herria Bateraren helburua"

"Dagoeneko milaka argazki jaso ditugu mosaikorako eta sare sozialetan ere gero eta mugimendu handiagoa ikusten da"