Diario de GipuzkoaDiario de Noticias de Gipuzkoa. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Gipuzkoa
iritzia

Uholdea

Karmele Jaio - 2018(e)ko urriaren 12a, ostirala - 10:08etan eguneratua

Karmele Jaio

Karmele Jaio (Ruben Plaza)

Galería Noticia

Karmele Jaio

Bizitzan gertatzen zaizkigun gauza gehienak poliki-poliki gertatzen dira, hau da, hasieran hazi moduko bat dago, ikusezina, denborarekin handitzen edo koskortzen doana, eta halako batean zerbait agertzen da, eta denbora luzez gure barruan edo gure inguruan hazten egon den arren, daukagun irudipena da ezerezetik sortu dela, bat batean.

Egun hauetan Mallorcan eta Andaluziako zenbait lekutako uholdeen irudiak ikusita, pentsatu dut batzuetan hala dela, gauzak bat batean datozela, ur jauzi erraldoi baten antzera, eta kale gorrian harrapatzen gaituzte, inolako babesik gabe, eta gutxi egin dezakegula halako egoera baten aurrean, ez dugulako aukerarik izan aurreikusteko edo defentsarako mekanismoren bat martxan jartzeko.

Istripu bat izan daiteke, edo tupustean aurrez-aurre aurkitu dugun espero ez genuen egoera bat. Baina hala ere, argi daukat gauza gehienak ez direla bat batean ezerezetik sortzen, denak duela erro bat, iturburu bat, background bat. Bai, egia da, gaixotasun bat diagnostikatu ahal dizute egun batetik bestera, adibidez, baina gaixotasun hori ernetzen joan da zure barnean urtetan, eta seguru aski izango du iturburu bat, aspaldikoa, nahiz eta zuri uholde baten modura agertu zaizun muturren aurrean.

Zahartzearekin ere antzekoa gertatzen da, bai, badakigu poliki goazela zahartzen baina bat batean egun batean ikusten dugu gure burua zaharkitua, edo ikusten ditugu gure gurasoak zahar bihurtuta. Eta hori egun batetik bestera gertatzen da. Uholde baten antzera agertzen zaigu egoera, eta askotan kale gorrian harrapa-tzen gaitu uholdeetako biktimak bezala. Halakorik ez gertatzeko, gauzak ezerezetik bezala datozela ez sentitzeko, geratzen zaigun aukera bakarra da belarriak eta burua erne edukitzea, gure gorputzak eta gure inguruak poliki-poliki sortarazten duen guztiari adi egotea. Horrela bakarrik aurreikusi ahal izango dugu datorrena eta. Dela uholde bat, dela gaixotasun bat, edo dela, zergatik ez, maitasun istorio eder bat. l


COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Noticias de Gipuzkoa se reserva el derecho a eliminarlos.
  • Avda. Tolosa 23 20018 Donostia
  • Tel 943 319 200 Fax Administración 943 223 900 Fax Redacción 943 223 902