Diario de GipuzkoaDiario de Noticias de Gipuzkoa. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Gipuzkoa

Argentina, Kuba eta Euskal Herriko inprobisatzaileak bidaide

Urriaren 9tik 14ra bitartean, sei hitzordu izango ditu Nazioarteko Inprobisatzaileen Birak.Bertsolaritzarekin batera, munduko beste kultur adierazpide batzuk taularatuko dira

DABI PIEDRA - 2018(e)ko urriaren 10a, asteazkena - 14:22etan eguneratua

Inprobisatzaileen Biraren aurkezpena, Iruñean. mintzola ahozko lantegia

Inprobisatzaileen Biraren aurkezpena, Iruñean. (Mintzola Ahozko Lantegia)

Galería Noticia

Inprobisatzaileen Biraren aurkezpena, Iruñean. mintzola ahozko lantegia

AHOZKO kantu inprobisatuak sortzeko ohitura uste baino zabalduago dago kontinente guztietako bazter askotan;bertsolaritzak ezaugarri batzuk ditu bere-bereak, baina ez da bakarra munduan. Mintzola Ahozko Lantegiak, Euskal Herriko beste eragile batzuen laguntzaz, aspaldi hartu zuen kanpoko ahozko tradizioak ezagutzeko eta haiekin elkarlanari ekiteko erabakia. Hala sortu zen Europa bat-batean topaketa orain dela bi urte, Donostia 2016 kultur hiriburutzaren barnean, eta hari horretatik tiraka antolatu dute Nazioarteko Inprobisatzaileen Bira, urriaren 9tik 14ra.

Aurrekoan bezala, oraingoan ere Donostia 2016 Fundazioa bidelagun izan du Mintzolak, baita Lanku Kultura Zerbitzuak eta tokian tokiko eragile ugari ere. Baina, ekimen berri honetan, Europatik harago begiratu dute, Latinoamerikara, hain zuzen. Kubako Tomasita Quiala repentista eta Argentinako Araceli Argüello payadorea euskal bertsolarien ondoan ariko dira Inprobisatzaileen Birako sei saioetan. Euskarazko eta gaztelaniazko ahozko tradizioak elkarrekin, beraz.

Quiala eta Argüello Euskal Herrira gonbidatuta, bi perfil uztartu nahi izan dituztela azaldu du Jon Agirresarobe Bertsozale Elkarteko ordezkariak. Batetik, Tomasita Quiala beteranoa, punto cubano delakoaren erreferente nagusietako bat. 1998an Euskal Herrian egon zen, bertsolariekin egindako beste truke batean, eta “aho zapore ona utzi zuen”, Agirresaroberen esanetan. Bestetik, Araceli Argüello gaztea, unibertsitateko ikaslea eta belaunaldi berrien ordezkaria. Nolanahi ere, Argentinan probintzia batetik bestera aritzen da kantuan, urte gutxian lekua egin baitu payadoreen artean.

Kubako eta Argentinako inprobisatzaileekin batera kantatzeko, hainbat bertsolari igoko dira oholtzara: Amets Arzallus, Jone Uria, Julio Soto, Maialen Lujanbio eta Xabi Igoa. Gai-jartzaileak Maite Berriozabal eta Iker Iriarte izango dira, saioaren arabera. Guztira, sei hitzordu ditu Inprobisatzaileen Birak: Iruñea, Erandio, Hernani, Gasteiz, Baiona eta Donostia.

HIRU MOLDE Gaztelaniazko eta euskarazko bertsoak saio berean uztartzea ez da lan erraza, baina Agirresaroberen ustez, egin beharreko lanketa “beti da aberasgarria”. Hiru tradizio dira, hiru molde, zein bere ezaugarriekin. Esate baterako, batzuek a capella kantatzen dute, bertsolariek kasu;beste batzuek musikaz lagundurik. Neurriak, doinuak, errimak... hizkuntzaz haragoko desberdintasunak ere gainditu beharko dituzte. “Elkarlotzen gaituen haria da kantu inprobisatua, baina korapilo asko askatu behar dira elkarrekin aritzeko”. Ariketa batzuk bakarka egingo dituzte, beste batzuk nahasian. Era horretara, hiru tradizioak lotuko dituzte, bakoitzaren berezitasunak agerian uzteaz batera.

Nazioarteko Inprobisatzaileen Birari esker, Mintzolak munduko ahozko inprobisazioak ezagutarazten segituko du, eta Lankuk, aldiz, proposamen berriak taularatzeko helburua beteko du. Publiko euskaldunak kanpoko inprobisatzaileekin gozatzen duela eta halako ekimenetan gogoz erantzuten duela erakutsi dute 2016ko Europa bat-batean topaketak eta antzeko beste trukeek.

“Ahalegin handia egin dugu, emaitza ere baloratzeko modukoa iruditzen zaigu”, azpimarratu du Agirresarobek. Batez ere, saio bakoitza antolatzen lagundu duten eragileak aipatu ditu: Donostia 2016 Fundazioaz gain, udalak, inguruko bertso eskolak eta Euskal Kultur Erakundea izan dituzte bidelagun.

OHOLTZATIK KANPO Nolanahi ere, Inprobisatzaileen Biraren ikusmira oholtzatik harago doa. Bertsolaritza egiten ari den bezala, munduko beste tradizioak ere beren ondarea gordetzeko eta belaunaldi berriei transmititzeko lanean dabiltza, batzuk besteak baino indar handiagoz. Hartara, era honetako topaketak elkarren berri izateko aukera paregabea dira, milaka kilometrora ireki dituzten bideak norbere etxean posibe ote diren aztertzeko aproposak. Alegia, elkarrengandik ikasteko.

“Oholtzatik kanpo, mugimendu gisa, asko interesatzen zaigu kantu inprobisatu bakoitzaren egoera ezagutzea”, azaldu du Agirresarobek. “Bertsolaritzaren geroratzean” ari dira lanean, eta kubatar zein argentinarrengandik zer ikasia izango dutela uste du.

Lehenengo edizioa du Nazioarteko Inprobisatzaileen Birak, baina atzetik gehiago etor litezke. “2016an formula egokia dela ikusi genuen: inprobisatzaileek astebete egingo dute Euskal Herrian, sei saio, sei herri eta bost lurraldetan”. Jon Agirresarobek ziurtatu du proiektuari jarraipena emateko asmoa dutela, baina aurreneko edizioaren balorazioa egin arte itxarongo dute, ezer erabaki baino lehen. “Txukun atera dadila aurtengoa, eta gero ikusiko dugu”


COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Noticias de Gipuzkoa se reserva el derecho a eliminarlos.
  • Avda. Tolosa 23 20018 Donostia
  • Tel 943 319 200 Fax Administración 943 223 900 Fax Redacción 943 223 902