Diario de GipuzkoaDiario de Noticias de Gipuzkoa. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Gipuzkoa
Montse Alkorta/ Urretxu-Zumarraga Ikastolako zuzendaria

"Nahi berezi bat daukat: azkeneko festetan hain ohikoak bihurtu diren albiste txarrak ez egotea"

Amaia Arriaran - Sábado, 6 de Octubre de 2018 - Actualizado a las 13:31h

Montse Alkorta, Urretxu-Zumarraga Ikastolako zuzendaria.

Montse Alkorta, Urretxu-Zumarraga Ikastolako zuzendaria.

Galería Noticia

Montse Alkorta, Urretxu-Zumarraga Ikastolako zuzendaria.

Euskaldun askorentzat bezala, Montse Alkortarentzat biharko eguna oso berezia izango da. Gogotsu dago, baina halako festa handia antolatzeak izu pixkat ematen diola ere onartu digu. Dena dela, jada ez dago atzera bueltarik, bihar bertan ospatuko da egun handia Urretxu eta Zumarragan Kilometroak 2018 jaia dela eta. Bi herri hauetan aurretik izan diren bi edizioak oso presente dituela kontatu digu Alkortak, irakasle gisa zebilenekoak;aurtengoan ikuspegia aldatu zaio, ordea, ikastolako zuzendari moduan arituko baita.

Zenbateko lana izan duzue Kilometroak jaia prestatzen?

Itzela, handia. Egun horrek merezi duen antolaketa egiteko lan handia egin beharra dago. Urte osoko lana da, ez bakarrik egunari begira. Urtean zehar zenbait ekintza antolatu dira gure proiektua ezagutzera emateko, gure bi herriei eta, oro har gizarteari, eta horretan ere lan handia dago.

Zeintzuk izan dira ekintza horiek?

Jai beraren antolaketan hasi ginen, leloa eta logoa zein izango ziren aurkeztuta. Ondoren kontzertuak, bertso saioak, Zubirik zubi ekitaldia Kursaalen, triatloi bat, lasterketa bat, Mendimetroak, Ziklometroak, Urretxuko festetan karroza bat atera genuen, Zumarragako festetan ere gure parte-hartzea izan zen, hainbat kontzertu egin dira... Ekintzaz betetako urtea izan da. Aitortu beharra daukat hor ikuskizun talde oso potentea aritu dela, sormen handikoa, guraso eta langileek osatua. Gure komunikazio ildoak gizarteratzen saiatu dira.

Iaz Oñatin auzolana izan zen gehien landu zen balorea. Aurten ere bai?

"Trena bertan izatea abantaila handia da, trenez Gipuzkoako toki askotatik iritsi daiteke eta"

Hori beti dago presente. Nik uste dut neurri honetako festa bat ez dela aurrera ateratzen boluntarioen lanik gabe. Zubiak batuz izan da gure leloa eta zubiak eraikitzen eta indartzen saiatu gara. Alde batetik, ikastolako komunitatea, familiak, langileak eta ikasleak elkartuz eta gero herriekin, herrietako eragile guztiekin, elkarlanean arituz nolabait indarrak batzeko.

Ikasleak ere antolaketan murgildu dira?

Bai, batzorde batzuetan egon dira. Ikuskizunetan ikasleak izan ditugu, Erronkaren antolaketan ere aritu dira, eta egunean bertan preben-tzioan ere ikasleak izango ditugu, batez ere beraien konplizitatea behar dugulako. Egun, hori tentu handiz ibili beharreko kontua izaten da, alkoholaren kontsumoagatik eta abar. Orduan hor ere ikasleekin kontatu dugu, zaharrenekin, Batxilergoko ikasleekin.

Parekidetasuna, jasangarritasuna.... Nola landu dira balore horiek?

Gune guztietan egongo dira presente balore horiek. Jasangarritasunaren aldetik birziklapena, zaborra ez sortzea, bakoitzak sortzen duena etxera eramatea... hori landuko da mezuak bidaliz. Aniztasun gune bat ere egongo da Zumarragako plazan. Ikastolako talde bat gure herrian dauden beste kultura batzuekin lanean aritu da eta presente egongo dira Kilometroetan ere;txosna moduko bat izango dute beren ohitura eta janari ohiturak erakusten. Beti edukiko ditugu gune guztietan hizpide balore horiek. Nik esango nuke aurtengo Kilometroak sinbologiaz beteta dagoela, batez ere bi herri garelako. Horrek berezitasun batzuk dakartza eta alde horretatik saiatu izan gara zu eta ni, ni eta zu, biok batera, batzea, indarrak gehitzea, proiektu bat aurrera ateratzeko. Hori ere asko zainduko da.

Garraioari dagokionez, zein izango da modurik onena iristeko?

Zumarraga-Urretxuk daukan abantailarik handiena da trena bertan daukagula eta trenez iritsi daitekeela Gipuzkoako toki askotatik. Gertatzen dena da Oñati, Bergara, Deba inguruarekin... trenak ez gaituela lotzen eta orduan autobusekin jokatuko dugu. Garraio publikoa ezin bada erabili, aparkalekuak dauzkagu etorriko den jendeari ondo erantzuteko.

"Ikuskizun talde oso potentea aritu da lanean, sormen handikoa, guraso eta langileek osatua"

Nolakoa dela esango zenuke aurtengo zirkuitua?

Zumarraga-Urretxu bailara batean dago mendiz inguratuta eta, zoritxarrez, zirkuitua aldapan gora egin beharra dago. Bi herri izateak buruhausteak eman zizkigun, Zumarraga aldera jo edo Urretxu aldera eta, azkenean, ikastolaren kokapenak markatu egin du. Santa Barbarara joango gara eta Zumarragako plaza, ikastola eta Etxaburu izango dira gunerik garrantzi-tsuenak. Beraz, badu aldapa pixka bat, Santa Barbarara igotzeko.

Nola animatuko zenuke jendea bihar Zumarraga eta Urretxura joateko?

Nik uste dut paraje ederrak dauzkagula inguruan eta herri lasaia garela. Egitarauari dagokionez, ikuskizun taldekoak sormen handikoak izan dira urte guztian zehar, beraz, hala izango da oraingoan ere. Adin guztietarako festa antolatu dugu, familiak etortzeko ume txikiekin, gazteak, ez hain gazteak... Denentzako tokia eta ekintzak daude.

Nolakoa izango litzateke zuretzat Kilometroak egun perfektua?

Bero handirik ez eta eguzkitsua. Gero, nik nahi berezi bat daukat: ez egotea liskarrik, ez egotea albiste txarrik, ez egotea erasorik, ez egotea azkeneko festetan hain ohikoak bihurtu diren albiste horiek. Hori da pixka bat kezkatzen gaituena, dena ondo joatea biharko egunean. Ez egotea albiste txarrik, horixe da gure ametsa.


COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Noticias de Gipuzkoa se reserva el derecho a eliminarlos.
  • Avda. Tolosa 23 20018 Donostia
  • Tel 943 319 200 Fax Administración 943 223 900 Fax Redacción 943 223 902