Diario de GipuzkoaDiario de Noticias de Gipuzkoa. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Gipuzkoa

Deustuko Unibertsitatea, Nazaret Fundazioa eta Etcharry Formation prestakuntza zentroa elkarlanean

“Sarea egitasmoa” apirilaren 19an aurkeztu zuten Uztaritzen eta Baiona-Donostia ardatzean jakintza trukatzea ahalbidetuko duten dinamikak gauzatzeko aukera emango du.

N.G. - 2018(e)ko apirilaren 25a, asteazkena - 12:15etan eguneratua

Galería Noticia

DONOSTIA. Deustuko Unibertsitateko Gizarte Laneko Sailak, Nazaret Fundazioak eta Etcharry Formation prestakuntza zentroak esperientziak trukatuko dituzte babesik gabe dauden adingabeekin eta mendekotasunen bat duten adineko pertsonekin esku hartzen duten profesionalen artean, Donostia-Baiona ardatzean.

Ekimen honen helburua da mugaren bi aldeen artean jakintza trukatzea ahalbidetuko duten dinamikak eta tresnak bideratzea, jardunbide egokiak ezagutzeko eta etorkizunean transferentziak eta egokitzapenak egiteko, lanbideko eta prestakuntzako jardunbideak koherenteak izan daitezen eta, hala, onuradunek arreta eta lagun egite hobea izan dezaten. "Sarea egitasmoa"ren oinarria gizarte esparruko profesionalak elkarrengana hurbiltzea da eta, zehazki, gizarte esku hartzearen esparruan (haurren eta mendekotasunen bat duten adineko pertsonen babesaren esparruan), mugaz gaindi profesionalen trukea proposatzen du. Europar Batasuneko proiektu lehiakor bat da, FEDER funtsek diruz laguntzen dutena, POCTEFA deialdiaren barruan.

Egitasmoa 2018tik 2020ra garatuko da, hiru erakunderen artean: Etcharry Formation Développement, Nazarte Zentroa eta Deustuko Unibertsitateko Gizarte Laneko Saila. Gipuzkoako Foru Aldundiaren -Haurren eta Nerabeen Babeserako Zerbitzua eta Mendekotasunaren eta Desgaitasunaren Arretako Zuzendaritza Nagusia- eta Conseil Départemental des Pyrénées Atlantiques: service transfrontalier-pôle enfance et famille-Dépendance erakundeen babesa du eta gizarte ekintzako 20 erakunde baino gehiagok hartuko dute parte, mugaren bi aldeetan. Besteak beste, erakunde hauek hartuko dute parte, Etcharry Formation, Nazaret Zentroa eta Deustuko Unibertsitatearekin lotuta: Conseil Départemental des Pyrénées Atlantique, Gipuzkoako Foru Aldundia-MATIA Fundazioa, Réseau EHPAD Pays Basque, Maison d'Enfants à Caractère Social Saint Vincent de Paul, Service de l'Enfance et de l'Adulte du Pays Basque, MECS Cestac, MECS Castillon, MECS Jatxou, Centres d'accueil Agintzari-Zabalduz, Egoitzako harreraren laguntza teknikoko zerbitzua, Urgatzi, EUDES Fundazioa, Larratxo Fundazioa, MATIA Fundazioa, Nuevo Futuro, Babesten.

Egitasmoaren helburuak hauek dira:

- Gizartean esku hartzeko profesionalen artean sareko lana eta trukeak sustatzea, esperientzia praktikoei, pertsona erabiltzaileen profilei eta mugaren bi aldeetan ikusten diren arazoei dagokienez.

- Esku hartzeko jardunbideak eta moduak identifikatzea, lan tresna eta teknika berriak lortzeko.

- Aurretik identifikatutako arazoen inguruan lankidetzako guneak sortzea eta esperientzia pilotuak abian jartzea, mugaren bi aldeetan.

-Pirinioen Mendebaldeko mugaz gaindiko lurraldean gizarte arazoei buruzko ikerketa dinamika zehatz bat osatzen joatea.

Egitasmoaren lan metodologiak sarean lan egitea proposatzen du, profesionalen trukea sustatuz eta mugaren alde bateko eta besteko parte hartzaileen parte hartzea eta elkarlana sustatzeko dinamikak proposatuz. Horretarako, hainbat lantalde sortuko dira, gai edo esparru zehatzen inguruan. Zehazki, 6 lantalde definitu dira: Haurren babesaren esparruan: gazteak/adinekoak;bakarrik dauden adingabe atzerritarrak;familiaren rola babes neurrietan (harrera sekuentziala) eta fratrien harrera eta babes neurriak. Eta adinekoen esparruan: familien inplikazioa egoitzetan, eta etxean eta erakundeetan dauden adineko pertsonei lagun egitea eta haien beharretan laguntzea.

Behetik gorako lan metodoak aukera emango du profesionalek esku hartzearen askotariko esparruetan identifikatu dituzten beharrak jasotzeko eta alderatzeko, eta beren jardunbideak aztertzeko, zalantzan jartzeko eta gogoeta egiteko, esku hartzeko proposamen berriak eraikitzera iritsi nahian. Lan metodo malgua da, identifikatutako beharren inguruan zaintza tresna eta azterketa tresna izan nahiko lukeena.

Etcharry Formation Développment (EFD) zentroak bi jarduera eremu nagusi ditu: alde batetik, gizarte laneko eta osasun eta gizarte arloko prestakuntza eta, bestetik, lurralde garapenerako ekintzak. EFD lurraldeko eragileentzat bideratzaile bat da gizarte lanaren eta osasun eta gizarte arloaren esparruetan. Kudeaketa eredu proaktiboa erabiltzen du ikerketarako eta berrikuntzarako, antolaketa eta gizarte aldaketei aurrea hartu nahian. Hainbat esparruren arteko lotura bideratzen du. Alde batetik, gizarte bokazio eta misioa duten eragileen gaitasunen prestakuntzan lan egiten du eta, beste alde batetik, prestakuntza programen bidez, lurraldearen arazoei erantzuten ahalegintzen da.

Nazaret Zentroa Donostiako Lanbide Heziketako ikastetxe bat da. 100 urte baino gehiagoko ibilbidea du eta prestakuntza arautua, etengabeko prestakuntza eta lanerako prestakuntza eskaintzen ditu, hainbat maila eta arlotan, esate baterako, administrazioa, merkataritza, informatika edo gizarte arloa. Nazaretek bere estrategiaren erdi-erdian jartzen ditu nazioarteko eta mugaz haraindiko proiektuak, enpleguarekin eta berrikuntzarekin batera. 2013az geroztik, nazioarteko hainbat proiektutan parte hartu du, Erasmus programaren barruan, Berrikuntzaren Transferentziari, Itun Estrategikoei eta Mugikortasunari lotuta. Gizarte esparruan, bere proiektuak garatu ditu eta modu aktiboan lan egiten du sektoreko beste erakunde batzuekin, nazioarteko proiektuak aurrera eramateko. Nazioartekotzea, Enplegua eta Berrikuntza dira Nazareten jardueraren ardatzak, prestakuntza programak sortzerakoan, gure gizartearen etorkizuneko erronkei aurre egiteko ongi prestatutako profesionalak hezteko.

Deustuko Unibertsitateak 120 urte baino gehiagoko esperientzia du unibertsitate mailako prestakuntzan eta gizartearen enplegu beharrei erantzuteko lan egiten du. Bere izaera berritzaileari esker, Deustu aitzindaria da titulazioak eta egiturak Europako Unibertsitate Eremu berrira egokitzen.

Gizarte Laneko Sailak egitasmo honetan parte hartzen du, bere estrategian garrantzitsua baita lurraldeko erakunde eta elkarteekin lankidetzan aritzea. Horrela, bi helburu lortu nahi ditu: lurraldean egotea, ikerketak eginez eta ekintza aplikatuen bidez, eta ikerketa taldea nazioartekotzea, jakintza integratuagoa eta elkarri lotuagoa eraikitzeko. Bestalde, Deustuko Balioen Ikertaldeak ikerketak egiten ditu, jasotzen dituen datuetan oinarrituta, eta gizartean esku hartzeko sistemak hobetzen eta gure gizarteak aurrean dituen inklusio-esklusio prozesuei erantzun egokiak ematen laguntzen du horrek.



COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Noticias de Gipuzkoa se reserva el derecho a eliminarlos.
  • Avda. Tolosa 23 20018 Donostia
  • Tel 943 319 200 Fax Administración 943 223 900 Fax Redacción 943 223 902