Diario de GipuzkoaDiario de Noticias de Gipuzkoa. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Gipuzkoa

Eraikinen Ikuskapen Teknikoen kudeaketa indartzeko laguntzak

2018(e)ko uztailaren 18a, asteazkena - 17:49etan eguneratua

Etxebizitza Sailak eta EUDELek hauteman dute Euskal Autonomia Erkidegoko udal ugarik zailtasunak dituela Eraikinen Ikuskapen Teknikoak (EIT) kudeatzeko eta, gero, erregistratzeko -araudiak ezartzen duen moduan-.Izatez, udal ugarik aditzera eman du haientzat karga handia dela kudeaketa horren ondoriozko zeregina eta zailtasunak dituela lan karga hori bere gain hartzeko. Hori da, hain zuzen ere, gaur goizean Iñaki Arriola Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuak eta Imanol Landa Euskadiko Udalen Elkarteko (EUDEL) presidenteak sinatu duten lankidetza-hitzarmenaren jatorria. Lankidetza-hitzarmenaren helburua da udalei beharrezko informazioa eta laguntza teknikoa ematea, EITen kudeaketa koordinatua egiteko Euskoregite plataforman erregistratzetik abiatuta -udalek beraiek egin behar baitute hori-.

Lau urteko iraupena izango duen hitzarmen honen bidez, Etxebizitza Sailak bere gain hartuko du EITak hobeto kudeatzeko beharrezkoak diren baliabide materialak diseinatzeko eta ezartzeko zeregina, udalek dituzten beharrak kontuan hartuta. Era berean, Sailak konpromisoa hartu du Eraikinen Ikuskapen Teknikoen erregistro integratuaren plataforma (Euskoregite) mantentzeko eta horren eguneratzeak udalen esku jartzeko. Bestalde, EUDEL arduratuko da Etxebizitza Sailaren eta udalen arteko bitartekaritzaz eta elkarrizketaz. Gainera, udalerrietan funtzio horiek betetzen dituzten langileen trebakuntza hobetzeko prestakuntza-jardunaldiak sustatuko ditu.

Etxebizitza Sailak bere gain hartuko du jardun horien kostua, 460.000 euroko kontu-saila bideratuko ditu aurrerantzean.

Euskadik Europa hegoaldeko parke eraiki zaharrenetako bat du. Euskal Autonomia Erkidegoan dauden 163.642 eraikinen % 43 1961. urtearen aurretik eraiki ziren, 2011ko erroldako datuen arabera. Hortaz, 70.000 higiezinek baino gehiagok dute 50 urtetik gora, eta 2020an kopuru hori 89.000 eraikinera arte iritsiko da.

Etxebizitzari buruzko Legeak garrantzi handia ematen die EITei, funtsezko tresna baitira bizitegi-parkea baldintza egokietan mantentzeko eta eraikinak birgai daitezen eta hiri-eremuak biziberri daitezen sustatzeko. Etxebizitzari buruzko Legeak ezartzen du bizitegi-erabilerako eraikinak unean une zehazten diren bizigarritasunaren eta segurtasunaren arloko eskakizunetara zein irisgarritasunaren arloko eskakizunetara egokitu beharko direla eta egokitzapen hori pertsonal eskudunak egindako ikuskapen teknikoen bitartez egin beharko dela.

Ildo horretan, eraikinen ikuskapen teknikoko txostenen ondorioz finkatutako konponketetarako edo birgaitzerako neurriak eta jardunak adierazten diren epeen barruan ez gauzatzea arau hauste oso larritzat jotzen da, baldin eta jardun horiek berehalakoak edo premia handikoak badira. Eta 50 urtetik gorako eraikin eta etxebizitza guztiek EITa pasatzeko betebeharra ezarri da. Halaber, eraikinaren EITa edukitzea ezinbesteko baldintza izango da Etxebizitza Sailak birgaitzearen, energia-efizientziaren eta irisgarritasunaren arloan ematen dituen laguntzak eskuratzeko.

Eraikinaren kontserbazio-egoera

Euskal Autonomia Erkidegoan 2012. urteaz geroztik indarrean dagoen Eraikinen Ikuskapen Teknikoa da higiezinen kontserbazio-egoera zehazteko aukera ematen duen tresna bakarra;izan ere, eraikinaren beraren eta ur-hornikuntzako eta -hustuketako instalazioen egitura- eta eraikuntza-kontserbazioaren egoera jasotzen du, eta, eraikinaren egoerari buruz ez ezik, energia-efizientziaren eta irisgarritasun unibertsalaren arloan hobetu ahal izateko aukerari buruz ere informatzen du.

Horrez gain, etxebizitzei legez eska dakizkiekeen arlo horietako oinarrizko baldintzak betetzen diren ebaluatzeko beharrezkoa den informazioa ematen die administrazio publikoei, eta, hartara, birgaitzeko eta biziberritzeko neurri egokiak hartzeko aukera ematen du.

Arriola sailburuak oso balorazio positiboa egin du EUDELekin lortutako akordioari buruz: "Badakigu EITak aurkezteak ahalegin gehigarria eskatzen diela udalei, udalek baitute hirigintzaren arloko eskumena;hori dela eta, baliabide ekonomiko handiak bideratu ditugu udalei haien udalerrietan EITak kudeatzen eta, gero, erregistratzen laguntzeko". "Herritarrek", erantsi du, "jakitun izan behar dute EITa pasatzea dela haien eraikinaren segurtasuna bermatzeko modurik onena, baita askoz ere kostu handiagoko konponketak aurrezteko modurik onena ere, autoen azterketa teknikoekin gertatzen den bezalaxe. Horregatik, udalekin soinez soin lan egin nahi dugu parke eraiki seguruagoa, irisgarriagoa, energiaren arloan efizienteagoa eta bertan bizi direnentzat erosoagoa edukitzeko".

Bestalde, EUDELeko Elkarteburu Imanol Landak azaldu duenez, "Etxebizitza Legeak jabeei eurei egozten die beren eraikinaren ikuskapen teknikoa gauzatzeko betebeharra, eta udaloi dagokiguna da aurkezten diren EITak erregistroan inskribatzea eta ondorengo kudeaketa egitea." Imanol Landaren iritziz, "EITen bitartez etxebizitzak birgaitzeak on egiten dio gure udalerrietako parke eraikiaren kontserbazio, kalitate eta segurtasunari;eta horrekin batera, tresna osagarria da irisgarritasunean, mugikortasunean edo eraginkortasun energetikoan egin daitezkeen beste esku-hartze batzuetarako, eta hartara, hiri-biziberritze eta ingurumen-jasangarritasunari lotutako politika integratuak definitu daitezen."

Ildo horretan, Iñaki Arriolak jakinarazi du Sailak ia prest duela EITei buruzko beste dekretu bat, orain arte indarrean dagoen araudia eguneratzen eta argitzen duena, eta laster Gobernu Kontseiluari igorriko diola honek onar dezan.



COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Noticias de Gipuzkoa se reserva el derecho a eliminarlos.
  • Avda. Tolosa 23 20018 Donostia
  • Tel 943 319 200 Fax Administración 943 223 900 Fax Redacción 943 223 902