Diario de GipuzkoaDiario de Noticias de Gipuzkoa. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Gipuzkoa
elkarrizketa

“Ez dut Kutxari itzuli kopuru zehatza emateko ideia finkorik, egunak eta gorputzak emango didate neurria”

Amaren eta aitaren familiak arrantzaleak ditu Itsaso Emazabalek, hilaren 25ean, Santiago eguneko jai haundian, Kutxa bere buru gainean eramango duen 22 urteko gazteak. “Ilusio haundiz” ari da egun honetarako prestatzen.

Xabier Sagarzazu - 2018(e)ko uztailaren 15a, igandea - 06:03etan eguneratua

Itsaso Emazabel Sorondo

Itsaso Emazabel Sorondo

Galería Noticia

Itsaso Emazabel Sorondo


G
ipuzkoatzen
hondarribia
- Haur Hezkuntzako irakasle da Itsaso Emazabel eta aldi berean, Hondarribiko Alameda jatetxean lan egiten du. Egun hauetan korrika dabil hara eta hona, Santiago egunerako prestakizunekin eta arratsaldero, Beko Errotan, entseguak egiten ditu hilaren 25ean buru gainean eramango duten 18 kilo inguruko zama astunegia izan ez dakion.

Jakina da urtero Kutxa eramango duen gaztea Done Pedro Itsas Gizonen Kofradiko Abateak aukeratzen duela. Noiz eta nola esan zizun Norberto Emazabelek zu zinela aurtengo aukeratua?

-Norberto nire osaba da, baina erabat ezustean harrapatu ninduen berriak. Ekainaren 28ko gauean, lagun koadrilarekin afaria neukan eta hantxe zegoen ere Ilargi, nire lehengusina eta Norberto Emazabelen alaba. Une batean, lehengusinak telefonoa pasa zidan, deia niretzako zela esanez, eta belarrira eraman nuenean, ez nuen ia ezertxo ere entzuten. Ihintzak zerbait esan zuen eta lagun guztiak algaraka hasi ziren. Osabari berriz deitu behar izan nion, ondo entzuteko, eta noski, Kutxa eramatea onartu nuen, ilusio eta poz haundiz, gainera.

Zer suposatzen du zuretzat Santiago egunean Kutxa eramateak?

-Ohore haundi eta berezia da Hondarribiko arrantzale guztien eta hauen familien egun haundienean Kutxa buru gainean eramatea. Ni ere arrantzaleen alaba eta biloba naiz eta Santiago eguna beti izan da jai haundia etxean. Oso oroitzapen politak ditut egun honekin. Txikia nintzenean bereziki, aita uda osoan ikusten genuen egun gutxi horietakoa izaten zen, arrantzaleak hegaluzetara joaten direnean, San Pedro egunean, Santiagorako eta gero irailean, jai nagusietarako etortzen baitira etxera, arraina deskargatzen duten ordu gutxitako sartu-irteera laburrak aparte. Txikitan, Santiago eguna jaia zen, aita eta osabak etxean genituelako eta familia osoa elkartzen ginelako bazkaltzera eta nola ez, gero, Kutxa ikustera joateko.

Nola daramatzazu prestakizunak? Asko kosta zaizu jantzia eta beste guztiak aukeratu eta erostea?

-Polita izan da Santiago egunerako gauzak aukeratu eta prestatzen aritzea. Amak lagundu nau honetan, bere aholkua jarraitu dut gehien bat. Ilusioa egiten dit Kutxa eramateak eta horretarako prestatzea ere polita da. Dagoeneko dena etxean dut.

Zer moduz entseguekin? Kosta zaizu Kutxaren zamara ohitzea?

-Poliki-poliki hasi nintzen, hasieran beldur pixka bat banuela aitortu behar dut. Ez du, batek, bere buru gainean Kutxa eta honen pisua eramateko gai izango den argi izaten. Egunak pasa ahala, konfidantza hartzen joan naiz eta orain oso gustura nabil Kutxarekin, seguru sentitzen naiz. Alboan izan ditut Segun eta Balbina, urtero Kutxa eramaten duena prestatzeaz arduratzen diren bi emakumeak. Eta Ihintza lehengusina ere bai, berak duela lau urte eraman baitzuen Kutxa Santiago egunean. Aholku onak eman dizkidate denek eta nahiko lasai nago hilaren 25era begira.

Egun horretan, parrokiraino joan eta han arrantzaren kontuak irakurtzen diren ostean, Hermandadera bueltatzean, Kutxa buruan daukazula, itzuliak emateko ordua iritsiko da. Esan, esaten dute, Kutxari zenbat eta itzuli gehiago eman, urte horretako arrantzea are hobea izango dela. Ba al duzu buruan itzuli kopuru zehatz bat emateko helbururik?

-Egia esatera, ez. Ez dut helburu zehatzik finkatu nahi, ez dut gero, lortuko ez banu, horren inguruko atsekabea edo gorde nahi. Egunak berak, eguraldiak, ni une horietan nola aurkitzen naizenak, emango didate itzuli kopuruaren neurria. Saiatuko naiz ahal dudana egiten eta arrantza hobea izango bada horregatik, ez da nire ahalegina faltako!

Etxean bizi duzu arrantzaren mundua eta honen egoera Hondarribian. Nola ikusten duzu etorkizuna?

-Pena haundia ematen dit egoerak, zentzu batean. Duela ez horrenbeste, arrantza hiri honen motore ekonomiko nagusia zen eta orain, indar hori galtzen ari da. Itsasontzi gutxiago daude, nire aita-osabek, adibidez, zeuzkaten hiru ontzitatik bat saldu egin dute, errentagarria ez zelako. Sinbolismo guzti honengatik ere, ilusioa egiten dit Santiago egunean Kutxa eramateak, hiri honen mendeetako historia luze bat gogoratzen delako ekitaldi honekin.

Gipuzkoatzen

Zure Gipuzkoako txokoa.Asko joaten naiz Kai Berrira. Ez naiz berataz inola ere nekatzen.

Mendi bat. Ez naiz oso zalea, baina Jaizkibelera joaten naiz..

Paisaia bat. Itsasora begira dagoen edozein lekutakoa.

Hondartza bat. Hendaiakora joaten naiz. Oso zabala eta lasaitasuna ematen dit..

Jai bat. Hondarribikoak. Txikitatik bihotzean eramaten dira.


COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Noticias de Gipuzkoa se reserva el derecho a eliminarlos.
  • Avda. Tolosa 23 20018 Donostia
  • Tel 943 319 200 Fax Administración 943 223 900 Fax Redacción 943 223 902