Diario de GipuzkoaDiario de Noticias de Gipuzkoa. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Gipuzkoa

Ernatu dira kimu berriak

Kimuak-ek aurkeztu du 2018ko film laburren uzta. Euskadiko Filmategiaketa Etxepare Euskal Institutuak sustatzen duten programan izena eman duten78 filmetatik zazpi lan izan dira hautatuak, horietako bi euskara hutsean

JULENE LARRAÑAGA - 2018(e)ko ekainaren 30a, larunbata - 16:22etan eguneratua

Josu Martinezen ‘Ama’ film laburraren fotograma bat.

Josu Martinezen ‘Ama’ film laburraren fotograma bat. (KIMUAK)

Galería Noticia

Josu Martinezen ‘Ama’ film laburraren fotograma bat.

KIMUAK programak 20 urte daramatza euskal film laburrak ikusgai egin eta ezagutarazten. Urteroko uzta onena nazioarteko jaialdietan banatzen den katalogoan jasotzen dute. 1998tik, 800 film labur baino gehiago aurkeztu dira Kimuakera eta guztira 137 aukeratu dira katalogorako. Aurtengo edizioko film laburren bilduma jada eman da jakitera. 70 film laburren artean egin behar izan du aukeraketa epaimahaiak aurten, inoiz jasotako kopuru handiena. Dokumentala eta fikzioa jasotzen ditu aurtengo katalogoak, “generoen arteko mugak hautsiz, zenbait kasutan”, antolatzaileek azaldu dutenez. Hizkuntzei dagokienez, filmetako bi euskara hutsean daude, beste bi euskaraz eta gaztelaniaz, bat euskaraz eta frantsesez, bat gaztelaniaz eta italieraz eta azken bat grekoz. Hauek dira aukeratu diren lanak:

‘592 METROZ GOITI’Maddi Barber (Iruñea, 1988) zinegileak zuzendu du dokumental hau. Egilearen Ikusantropologia master bukaerako proiektu bezala hasten da 592 metroz goiti. Lurralde batek erabateko aldaketa jasaten duenean bertako biztanleek dituzten bizi aukerak aztertzen ditu, 90eko hamarkadan Itoitzeko urtegiak urperatu zituen inguruak behatuz. 592 metroko garaieran dagoen kotak bailara bitan zatitzen du: maila horren azpitik ura dago;goitik, bizitza. Euskaraz eta gaztelaniaz errodatu zuten dokumentala, Nafarroako Pirinioen magalean. Barberren laugarren lana da.

‘AMA’Josu Martinezek (Bilbo, 1986) zuzendu du Ama. Joseba Sarrionaindiaren obran oinarritutako Gure oroitzapenak film kolektiboko pieza bat da. Ama-k 1915eko udara eramaten gaitu, Baxe Nafarroako Baigorri herrira, gutun baten zain bizi den emakume baten etxera. Martinez Euskal Herriko Unibertsitateko Ikusentzunezko komunikazio saileko ikertzaile eta irakaslea da. Zinemagintzan sei dokumental luze zuzendu ditu, tartean Itsasoaren alaba, Sagarren denbora, Prohibido recordar eta Gure sorlekuaren bila. Gastibeltza Filmak ekoiztetxearen sortzailea ere bada eta literatura mailan hiru saiakera liburu publikatu ditu.

‘ANCORA LUCCIOLE’ Maria Elorzaren dokumental berriak gaztelania eta italiera nahasten ditu, 1972an Pier Paolo Pasolinik ipurtargien desagerpenaz idatzitako hitzak gogora ekartzeko. Artikulua idatzi eta gutxira hil zuten Pasolini, eta, ordutik, ipurtargiak ere desagertuz joan dira. Bada oraindik, baina, gogoratzen dituenik. Maria Elorzak (Gasteiz, 1988) filmografia luzea dauka. Bere kabuz zenbait dokumental egin ditu, tartean Antología de conversaciones cotidianas. Elorza Ikus-entzunezko Komunikazioan lizentziatu zen Bartzelonan eta Sormena eta Ikerketa Artean masterra egin zuen EHUn.

‘ESPEDIZIO HANDIA’Iban del Campo arrasatearra ere bigarren aldiz izan da aukeratua Kimuak programan, 2009an Dirty Martini dokumentalarekin parte hartu zuen eta. Espedizio handia zientzia-fikziozko lana da. L´Estrange familia protagonista hartuz, gizakiak izarren hautsa baino gehiago izateko duen nahia behatzen du, familia hau espaziorako bidean jarraituz. Del Campo Ikusentzunezko Komunikazioko irakaslea da Mondragon Unibertsitatean eta bertako ikasleek antolatzen duten Huhezinema euskal film laburren jaialdiaren sustatzaile eta koordinatzailea da. Besteak beste, Un tal Eusebi, Lo bakarrik, Katebegitik, Con Tramontana eta Tigger! film laburrak zuzendu ditu.

‘KAFENIO KASTELLO’ Miguel Angel Jimenezek zuzendu eta Gasteizko Kinoskopik etxeak ekoiztu dute Kafenio Kastello dokumental fikzionatua. Atenaseko erdigunean, krisiaz eta suntsipenaz inguratuta bizi den pertsonaia talde txiki batek patu ilunari eusten dio, beraien arteko anaitasunari esker. Jimenezek (Madril, 1979) bere lehen film laburra 2001ean egin zuen eta 2007an Kinoskopik sortu zuen. 2008an Días de abanico dokumental laburra egin zuen eta 2009an Ori, bere lehen film luzea grabatu zuen Georgian. Orain Sumendia fikzioa prestatzen ari da.

‘NO ME DESPERTÉIS’ Sara Fantova (Bilbo, 1993) zinegile gaztearen lehen filma euskaraz eta gaztelaniaz errodatuta dago eta Bartzelonako ESCAC zinema eskolako gradu bukaerako lana da. Esperientzia pertsonal batetik abiatuta sortu du lana egileak. Jone DBH 4. mailako ikaslea da. 2009ko Bilbora eramaten gaitu filmak, protagonistaren institutuan arnasten den giro abertzale eta aldarrikatzailera. Grebak eta manifestaldiak ohiko ekintzak dira nerabeen artean, baina Joneren errealitatea oso bestelakoa da.

‘ZAIN’Pello Gutierrez (Donostia, 1979) sortzaileak zuzendu du Zain komedia tristea. Kaurismäkiren estetika jarraituta, bakardadearen erretratu gordin baina samurra egiten du egileak. Zazpi T’erdi ekoiztetxeko sortzailea da Gutierrez, David Aguilarrekin batera. 2007tik, ez-fikzioa eta mugako generoak landu dituzte eta ekoiztutako lanekin (Nao Yik, Mara mara, Converso) hainbat nazioarteko sari jaso dituzte. Berak zuzendutako lanak dira Heroínas sem nome, Abuztua eta Ozpinaren sindromea


COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Noticias de Gipuzkoa se reserva el derecho a eliminarlos.
  • Avda. Tolosa 23 20018 Donostia
  • Tel 943 319 200 Fax Administración 943 223 900 Fax Redacción 943 223 902