Diario de GipuzkoaDiario de Noticias de Gipuzkoa. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Gipuzkoa

Bilatu gabe etorria

Alberto Martinez eta Mikel Iraetak osatzen duteZizel taldea. ‘Serendipia’ euren lehen lanak elektronika,country-a eta euskararen arteko nahasketa dakartza

OLATZ PRAT - 2018(e)ko ekainaren 17a, igandea - 14:06etan eguneratua

Bere bi kideak azkoitiarrak badira ere, Bartzelonan gorpuztu da Zizel proiektua. ZIZEL

Bere bi kideak azkoitiarrak badira ere, Bartzelonan gorpuztu da Zizel proiektua. ZIZEL

Galería Noticia

Bere bi kideak azkoitiarrak badira ere, Bartzelonan gorpuztu da Zizel proiektua. ZIZEL

ZERBAITEN bila aritu eta are baliotsuagoa eta garrantzitsuagoa den zerbait ustekabean topatzea, hori da serendipia. Eta hori da Zizel taldeak bere lehen diskoari ipini dion izena, izan ere, Zizel proiektuak berak badu serendipiatik dezente.

Bartzelonan du sorleku magiak. Duela hiru urte hara joan zen Alberto Martinez (Azkoitia, 1990) soinu ikasketak egitera eta eskolako lan bezala eskatu zioten kanta bat konposatu eta midi formatuan entregatzeko. Hori izan zen berak osorik konposatutako lehen kantua, Serendipia izenekoa, diskoari izena emango ziona. Ondoren beste bat egin behar izan zuen, jada instrumentazio gehiagorekin eta estudioan grabatuta. At izena jarri zion abesti hari eta lagun batek animatuta, kantua argitaratzeko pausoa eman zuen.

Lagun batek bideoklipa egin zion, Martinezek hari egindako lan batzuen trukean, eta konturatzerako proiektuari izena jartzen ari zen azkoitiarra. “Zizel aukeratu nuen, egurra lantzen ibili bainintzen garai batean eta asko gustatu baitzitzaidan. Gainera, gure musikak badu zizelkatzetik ere, artisau lana baita, poliki eta detailez egina”, dio Martinezek.

Kanta hark harrera ona izan zuela ikusita, erdi idatzirik zituen beste dozena-erdi kantu borobildu eta disko batean biltzea erabaki zuen. Zuzenean defendatzeko garaia ere iritsi zen, eta Bartzelonako Sidecar aretoan egin zuen estreinakoa, Zea Maysen aurretik. Baina laster ikusi zuen buru bakarra eta bi esku ez zirela nahikoak diskoko abestiak zuzenera nahi bezain ondo eramateko. Puntu horretan bilakatu zen bikote Zizel.

Tandema osatzera etorri zen Mikel Iraeta (Azkoitia, 1992). 15-16 urterekin gitarrarekin saltseatzen hastetik, Azkoitiko Passepartout taldeko teklistaren ordezkapena egitera pasa zen zuzenean. “Ez daukat musika ikasketarik, eta ez nuen inoiz pianorik jo, baina hark irakatsi zidan –dio Iraetak–;taldeko abestiez gain, pianoko oinarrizko kontuak ere erakutsi zizkidan eta, horri esker, orain neure ideiak garatzeko tresna bat gehiago daukat”. Iñigo Borda artista azpeitiarraren muralismo lan baten bideoari musika jarri zion Iraetak eta, Martinezek, hura entzunda, ez zuen zalantzarik izan proposamena luzatzeko. Iraetak, bere aldetik, ez zuen zalantzarik izan hura onartzeko.

HOTZ-BEROAK NAHASTUZZizelen musika definitzeko nahikoa litzateke hitz bakarra: eklektikoa. Baina ez da kontua xuhurrak izatea ere. Zizelen musika berritzailea da, harritu eta harrapatu egiten du. Izan ere, musika industrialaren, noise-aren, eta elektronikaren hoztasunak inoiz espero ez bezala fusionatzen dute country musikaren ukitu goriarekin eta rockaren melodikotasun indartsuarekin. Base elektronikoak, gitarrak, bateria, sintetizadoreak, teklatua eta ahotsa dituzte instrumentu. Martinezek berak idatzi ditu abestien letrak ere, euskaraz denak: “Sekula ez dut sentitu letra onak idazten ditudanik, baina behin esan zidaten At kantuaren letra oso ederra zela, eta orduan ohartu nintzen berdin zitzaidala nire letrak inork ulertzen ez bazituen ere. Lehen jendeak ulertzeko eran idazten nuenbaina orain gogoak emandakoa idazten dut. Badira letra zuzenak, baina badira nondik heldu ez daukaten beste batzuk ere”. Norbanakoagizartea-ingurunea triangeluaren arteko harremanen gaineko hausnarketak eta begiradak dira, oro har, Zizelen letrek jasotzen dutena, metaforez baliatuz sarri, indar estetiko zainduaz.

Zer diren gauzak, taldekideak ez ezik, pisukideak ere badira egun Martinez eta Iraeta, azken hori ere Bartzelonara joan baita bizitzera. “Entseatzeko erraztasuna eman digu, batez ere, elkarrekin bizitzeak. Distantziara egiterik izango genuke zerbait, baina ez genuen harrapatuko orain daukagun puntua”, azaltzen dute. “Giro berdinean gaude eta, beraz, dena askoz errazagoa da”.

SAREAN ENTZUNGAIKanta berriak egiten jarraitzeaz gain, kontzertuak ematea dute orain helburu azkoitiarrek. Euskal Herrian badute dagoeneko udazkenerako hitzordu bat, herrian bertan Herrikoloreak jaialdian joko baitute, irailaren 15ean. Dena den, zuzenekoen zain egon ezin duenak, sarean badauka Zizelen musika entzuteko aukera: https://zizel.bandcamp.com webgunean.


COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Noticias de Gipuzkoa se reserva el derecho a eliminarlos.
  • Avda. Tolosa 23 20018 Donostia
  • Tel 943 319 200 Fax Administración 943 223 900 Fax Redacción 943 223 902