Diario de GipuzkoaDiario de Noticias de Gipuzkoa. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Gipuzkoa
Iritzia

Hezkuntza sistemarako hainbat neurri

Xabier Arregi - 2018(e)ko ekainaren 11a, astelehena - 09:44etan eguneratua

Bi hilabete behar izan ditu Euskadiko eskola kontseiluak epaia emateko hezkuntza akordiorako txostenaz. Egin duen ekarpen bakarra izan da esatea beharrezkoa dela kulturartekotasuna sustatzea, eta erlijioen ezagupena indartzea. Ez dute nahikoa “adituek” testu osoan zehar ezarri duten “kultura aniztasuna”, “ezberdinen arteko akordio” eta halakoekin. Atzera ere, gogorarazi nahi izan digute euskara, Euskal Herria, gure erkidegoa, ez dela lehentasuna euskal hezkuntza sistemarako. Espainian, Frantzian, Alemanian, Katalunian… abiapuntua erkidegoa da, euren hizkuntza…;gurean ez, gurean abiapuntutzat diskurtso ideologikoa proposatzen da. Baina badago zer esana euskara zehaztugabetasunera, subordinaziora, kondenatzen duen “akordioaz”.

Ekiteko, ezinbestekoa da “euskara ardatz izatea” murgiltze eredu modura definitzea. Kontuan izanda kostatu dena euskararen berreskurapenak urrats herabe batzuk ematea, eta prozesu horretan ehunmilaka ikasle geratu direla euskararen gutxieneko ezagupenik gabe, beldurra ematen du pentsatzeak zer gerta daitekeen aurrerantzean euskarari koofizialtasunaz gain, eleaniztasuna ere ezartzen bazaio, horrek ekar ditzakeen ordutegi murrizketa, premia sentipen falta, eta prestigio galerarekin.

B2 maila gutxieneko helburua izango da DBH bukatzen duten ikasle guztientzat. Gutxieneko helburu bera aplikatuko zaio lanbide heziketari ere. Lanbide heziketa euskararen zulo beltza izan da azken hamarkadetan. Zer arrazoi dago hezkuntza sistema berean, denbora bera, murgilduta egon eta gero, euskara maila eskasagoa emateko ikasleei?

Defendatzen da “Ikastetxearen abiapuntua” izan dadila ikastetxearen autonomiaren definitzailea. Hala ere, autonomia hori ezin da aitzakia izan euskararen ezagupenean eskaera maila jaisteko, horrela uler daitekeen arren akordioan, eta dagoeneko sailburuak iradoki duen bezala. Defektuz murgiltze eredua ezarriko da. Murgiltze eredu horretan ezartzen den edozein aldaketa emango da, bakarrik, behin bermatuta ikasle guztiei eskaintzen zaiela gutxieneko B2 mailaren lorpena. Gardentasuna. Orain arte hezkuntza sailak, eta Eusko Jaurlaritzak, jarraitu duten komunikazio politika, interesatua eta aitzakia emailea izan da. Gaur egun administrazioak nahikoa informazio dauka ikastetxez ikastetxe zein den egoera ezagutzeko, besteak beste ebaluazio diagnostikoaren bidez, baina informazio hori ezkutuka erabiltzen da. Horrek ekarri du euskararen ikasketa prozesuak erakutsi dituen makina bat hutsune ezkutatu direla, eta hainbat ikastetxetan euskararen ezagupenak, azkenaldian, urtero urtero, atzera eginda ere, ez direla beharrezko neurri zuzentzaileak hartu. Euskal gizarteak, ikastetxe bakoitzak bezala, eduki behar du aurrerantzean egoeraren ezagupen jarraitua, lorpenena eta hutsuneena. Ezagupen horren bidez euskararen ikaskuntzak ahultasunak erakusten dituenean, neurriak hartuko dira helburua betetzeari begira. Informazioa eskuragarria izango da modu errazean, emaitzak onak edo txarrak izan.

Kanpoko jarraipen independentea ezarriko da euskararen ezagupenari buruz. Sortu behar da organismo independente bat, euskararen ezagupenean lorpenen eta hutsuneen jarraipena egingo duena, ikastetxeetako datuak eskura izango dituena. Erakunde horrek ikastetxez ikastetxeko jarraipena egiteko ardura izango du. Euskararen ezagupenean helburua ez betetzeko arriskua dagoenean, edo betetzen ez denean, jarraitu beharrekoak izango diren zuzenketak emango ditu dagokion ikastetxerako, euskararen presentzia indartuz eta jarraipen estua eginaz. Organismo horretan parte hartuko dute euskararekin konprometitutako hainbat erakunde, edo herritar antzutetsuk. Organismo horretan ezingo dute parte hartu hezkuntzan interes gurutzatuak dituzten eragileek, hala nola berritzeguneek, sindikatuek, administrazioko ordezkariek, edo alderdi politikoek. Kontuan izanda parte interesatua direla, ezin dira ebaluatzaile eta proposatzaile inpartzialak izan. Organismo horrek beharrezkoa den hornikuntza ekonomikoa izango du bere lana egiteko.

Bizikidetza oinarrizko printzipioez. Ikasketa prozesuaren helburua izango da ikasle guztiei prestakuntza eta baliabideak eskaintzea, bere bizitza egitasmoa aurrera eramateko, norberaren nahien, gaitasunen eta ahaleginen arabera, praktika errepublikazaledun euskal erkidego kohesionatu batean. Bertan herritarra aitortua izango da, eta aitortuko ditu, euskal errepubliketako kideak, eta erkidegoari ekarpena egingo dio askatasunean, berdintasunean, eta elkarrekikotasunean. Bizikidetza mendeetako euskal tradizio foru–errepublikazale humanistan errotuta emango da. Bizikidetza kohesionatu, berdintasunezko eta errepublikazale horretarako beharrezkoa da hezkuntza jatorrizko euskal ingurune esanguratsuan kokatzea, ikasleak beregana ditzan jatorrizkoak eta eratzaileak diren lehengo eta oraingo euskal mundu esanguratsuaren osagai kultural eta politikoak. Bizikidetza horretan euskarak berez dagokion lehentasunezko estatusa izango du, eta eskubide, elkarrekikotasun eta betebehar sistemaren euskarria izango da.


COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Noticias de Gipuzkoa se reserva el derecho a eliminarlos.
  • Avda. Tolosa 23 20018 Donostia
  • Tel 943 319 200 Fax Administración 943 223 900 Fax Redacción 943 223 902