Diario de GipuzkoaDiario de Noticias de Gipuzkoa. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Gipuzkoa

Jardunean hildako ertzainei omenaldia egin zaie

2018(e)ko ekainaren 3a, igandea - 16:57etan eguneratua

Jardunean hildako ertzainei omenaldia.

Jardunean hildako ertzainei omenaldia. (Irekia)

Galería Noticia

Jardunean hildako ertzainei omenaldia.

Iñigo Urkullu lehendakaria buru zela egin da jardunean hildako ertzainen omenezko urteko ekitaldia. Ertzaintzak Oiartzunen duen egoitzan egindako ekitaldian, lehendakariarekin batera izan dira Estefanía Beltrán de Heredia Segurtasuneko sailburua, Saileko karguak eta Ertzaintzako aginteak. Hamaika ertzain, Donostiako udaltzain bat, Nafarroako foruzain bat eta fiskal bat saritu dituzte haien polizia-jardun nabarmenengatik eta Ertzaintzaren alde egindako lanarengatik. Ekitaldian, bereizgarri gorriko domina eman zaio, hil ostean, Inocencio Alonso ertzainari, haren polizia-lana aitortuz.

Aurten, Ertzaintzak Oiartzunen duen egoitzan egin da 1982tik gaur arte jardunean hildako ertzainei urtero egiten zaien omenaldia. Brigada Mugikorreko bi ertzain arduratu dira hildako 37 ertzainen izenak dituen monolito berritua zaintzeaz. Monolito horretan egin dute txapel-eskaintza lehendakariak eta Segurtasuneko sailburuak.

Ekitaldiaren buru lehendakaria izan da, eta harekin batera bertan izan dira Segurtasun Saileko karguak, Ertzaintzaren aginteak, Ertzain eta Terrorismo Biktimen Senideen Elkarteko kideak, Ertzain Pentsiodun eta Erretiratuen Elkarteko kideak, sindikatuetako ordezkariak, eta omendutako pertsonen familiakoak, hurbilekoak eta lankideak. Ekitaldian, aintzatespen motaren araberako bereizgarria (gorria, berdea, zuria eta urdina) duten hamalau kondekorazio eman zaizkie hamaika ertzaini, Donostiako Udaltzaingoko komisario bati, Nafarroako Foruzaingoko komisario nagusi bati eta Auzitegi Goreneko aretoko fiskal bati.

Oraingoan, nabarmendu behar da polizia-lana aitortzen duen bereizgarri gorriko domina eman zaiola, hil ostean, Inocencio Alonso brigada mugikorreko ertzainari —otsailean hil zen Athletic eta Moskuko Spartak taldeen arteko futbol-partidaren inguruko polizia-dispositiboaren parte zela—.

Beste lau ertzaini bereizgarri berdeko dominak eman zaizkie ekitaldian. Horietako bati 2016ko urriaren 28an Erandioko (Bizkaia) etxebizitza batean izandako sutean egindakoa aitortu zaio. Sute horretan, emakumezko bat sugarren artean harrapatuta geratu zen, eta agentea, bere osotasun fisikoa arriskuan jarrita, etxebizitzara sartu zen eta biktima erreskatatu zuen. Aitorpen-domina jaso duen bigarren ertzainak bihotz-biriketako suspertzea egin zion 2017ko urtarrilaren 21ean N-240 errepidean, Galdakao udalerrian, trafiko-istripua izan eta ahotik botatzen ari zen odol kopuru handiarekin itotzen ari zen pertsona bati. Ertzainak suspertze-jarduerak egin zizkion zerbitzu medikoak iritsi eta biktima egonkortzea lortu zuten arte.

Hirugarren agenteak emakume bat eustea lortu zuen bere buruaz beste egiteko leiho-barren batetik behera jauzi egin nahi zuenean, Barakaldon 2017ko martxoaren 24an. Bereizgarri berdeko azken domina jaso duen ertzaina, 2017ko apirilaren 17an, zerbitzuz kanpo zegoela, sastatze baten lekuko izan zen eta, biktimak sastada bizi-organo batean jaso zuela ikusirik, zauria buxatzea eta hemorragia etetea lortu zuen;gainera, egun libreetan erasotzailearen identifikazioan eta atxiloketan lagundu zuen.

Modu berean, bereizgarri zuriko beste sei kondekorazio eman zaizkie beste horrenbeste agenteri, Ertzaintzaren barruan egin diren ekimenetan izan duten arduraldiagatik. Agenteetako batek bikaintasunean oinarritutako kudeaketan —Ertzaintzaren barruan zein Ertzaintzaz bestelako kolektiboetan— izan duen parte-hartzeagatik eta Ertzaintzaren beraren izen ona zabaltzeagatik jaso du bereizgarria.

Bigarren bereizgarria Islamismo Erradikalari buruzko Plan Estrategikoa abian jarri zuen eta arlo horretan Ertzaintzako langile guztien prestakuntzaz —eta segurtasunarekin lotzen diren beste kolektibo batzuen prestakuntzaz— arduratzen ari den ertzainari eman zaio. Bereizgarri zuriko hirugarren domina Bilbon eta Iurretan bihotz-birikak geldirik zituzten bi pertsona suspertu eta egonkortu zituen ertzainari eman zaio —biktimek pultsua eta arnasketa berreskuratu ahal izan zuten—.Aintzatespena jaso duen laugarren agenteak zuzenean lagundu du Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen Idazkaritzarekin, terrorismo, tortura, tratu txar eta abarren biktimei buruzko txostenak prestatzen.

Ezaugarri hori merezi duten sei agenteetako beste batek elkarlanean jardun du irrati, prentsa idatzi eta telebistako programetan, Ertzaintzaren zeregina bistaratuz. Era berean, arduraldi handiz parte hartu du delitu larrien ebazpenean, hala nola hilketen ebazpenean, gizakien salmenten ebazpenean, pertsona desagertuak aurkitzen eta abar. Aintzatespen-domina jaso duen seigarren agentea funtsezkoa izan da indarkeria- edo terrorismo-ekintzak sor ditzaketen motibazio politiko-ideologikoko taldeekin lotzen den informazioaren analisi estrategikorako metodoa pixkanaka ezartzeko. Era berean, metodologia hori Ertzaintzaren barruan zein beste polizia-kidego batzuetan hedatzeaz arduratu da.

Omenaldiko ekitaldian polizia-lana aintzatesteko bereizgarri urdineko hiru domina ere eman dituzte. Horietako bat eman diote Auzitegi Goreneko Aretoko fiskal bati —gorroto-delituetako eta diskriminazioaren kontrako fiskal ordezkari bati—, Ertzaintzarekin elkarlanean egindako lanagatik. Beste bat Donostiako Udaltzaingoko komisario bati eman diote, Ertzaintzarekin elkarlanean egindako lanagatik eta bi polizia horien arteko harremanak errazteagatik, herritarren babesa areagotuz. Hirugarren bereizgarria, hil ostean eman zaio Nafarroako Foruzaingoko komisario nagusi bati, herritarren babesaren eta trafiko eta bide-segurtasunaren arloan bi polizien arteko elkarlanean egindako lanagatik.

Zorion-mezuak eta hildako ertzainen oroipena

Gaur, Oiartzunen egin den ekitaldian, azken urte honetan zerbitzuan garrantzi bereziko jardunak egin dituzten ertzainen izenak ere irakurri dituzte, dagozkien espediente pertsonaleko oharren artean jardun horiek agertzea merezi dute-eta. Guztira, aurtengo ekitaldian hamaika agente aipatu dituzte.  

Ekitaldi instituzionalak bigarren zati bat ere izan du, 1982tik gaur arte jardunean hildako ertzain guztien oroipenekoa. Omenaldian, Inocencio Alonso ertzainaren lankide Brigada Mugikorreko agenteak arduratu dira eskaintza monolitoraino eramateaz, eta bertan lehendakariak eta Segurtasuneko sailburuak txapel gorri bana eskaini dituzte. Ondoren, ohorezko aurreskua dantzatu dute.

*) Ertzaintzaren kondekorazioen erregimena

Gaur egungo kondekorazioen erregimena urriaren 16ko 202/2012 Dekretuan jaso da. Dekretu horrek arautzen du Ertzaintzako zerbitzu-egintzaren deklarazioa eta kondekorazioen eta ohorezko sarien erregimena.

Kondekorazioei eta ohorezko sariei dagokienez, Dekretuak polizia-lana aintzatesteko hiru domina finkatu ditu —bereizgarri gorria, berdea eta zuria dutenak, hurrenez hurren— eta bi diploma mota —bereizgarri gorria eta zuria dutenak—.

Bereizgarri gorriko polizia-lana aintzatesteko domina ematen da ezohiko jardunak saritzeko edo agenteek beren bizitza arriskuan jartzen dituzten jardunak saritzeko;bereizgarri berdeko domina ematen da agentearen bizitza arriskuan jartzen ez den garrantzizko egintzak saritzeko;eta bereizgarri zuriko dominak aitortzen ditu polizia-zereginetan nabarmentzen direnen ereduzko jokabideak edo Ertzaintzaren izen ona hedatzen duten azterketen edo lan zientifikoen egileen ereduzko jokabideak. Bereizgarri urdineko laugarren domina ematen zaie beste polizia-kidego batzuetako kideei, larrialdi-zerbitzuetako kideei, segurtasun pribatuko kideei eta abar, Ertzaintzaren zereginekin lotzen diren merituzko jardunak egiteagatik.

Diplomek, bestalde, ertzainen ibilbide profesional osoa saritzen dute. Bereizgarri zurikoa ematen da zerbitzuan, diziplina-faltarik gabe, hogei urte eman ostean eta bereizgarri gorrikoa hogeita hamar urte eman ostean.


COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Noticias de Gipuzkoa se reserva el derecho a eliminarlos.
  • Avda. Tolosa 23 20018 Donostia
  • Tel 943 319 200 Fax Administración 943 223 900 Fax Redacción 943 223 902