Diario de GipuzkoaDiario de Noticias de Gipuzkoa. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Gipuzkoa
Bote prontoan

Tendentzia

Karmele Jaio - 2018(e)ko ekainaren 1a, ostirala - 11:33etan eguneratua

Aurretik ere inoiz kontatu dut ze nolako nazka hartu diodan slime delakoari, gaztetxoen artean swish swish dantzak beste arrakasta duen gelatina itxurako masa likatsu horri. Ba esan behar dut masa bigun horri oraindik nazka handiagoa hartu diodala nire alabak aurreko egunean esan zidanaren ondoren. Alizia Lurralde Miresgarrian ipuina irakurtzen ari ginen, biak bere ohean etzanda, eta halako batean alabak eskua sartu zidan kamiseta azpitik eta nire sabela laztantzen hasi zen. Uzteko esan nion, kili-kili egiten zidala, baina berak ezetz, asko gustatzen zitzaiola nire sabela ukitzea. Zergatik?, galdetu nion, eta orduan bota zuen: slime-arekin ibiltzea bezalakoa delako, eta ez didazunez uzten slime-arekin ibiltzen Ulertuko duzuenez, horren ondoren, bi aste daramazkit abdominalak indartzeko ariketak egiten. Eta abdominalak egin bitartean, edo egin behar ditudala pentsatzean, edo egiten ari naizela imajinatzean (honetan asko kostatzen zait errealitatea eta fikzioa ezberdintzea), orduan, saiatzen naiz imajinatzen zenbat jende egongo den uda datorrela eta, estu, ariketak egiten, heldu delako azkenean momentu hori: barnean daramaguna erakusteko une hori. Eta barruan daukaguna diodanean ez naiz ari gure sentimenduez, pentsamenduez edo barruko maitasunaz. Gure arroparen azpian negu guztia hibernatzen igaro duen azalaz ari naiz. Egunetan azalean itsatsita edukitako tirita bat kentzea bezalako ariketa bat da: aire eta argi gabeziak itotako azal zuri biguna agertzen da. Baina, hala ere, ez dugu itxaropena galdu behar. Slime nazkagarri hori modan jartzea lortu badute, mundu guztiak swish swish dantzatzea lortu badute, galtzarpetara arte heltzen diren prakak modan jartzea lortu badute, zergatik ez dira ba modan jarriko egunen batean tripa puztuak, tatuatutako zelulitisak edo azal zuri eta bigunak? Hori bai, ezer modan jartzeko lehenengo pausoa kalean erakustea izaten da, partekatzea, beraz, beldurrik ez, atera gorputz horiek eguzkitara eta pentsatu ez zaudela zure miseriak erakusten, tendentzia sortzen ari zara.


COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Noticias de Gipuzkoa se reserva el derecho a eliminarlos.
  • Avda. Tolosa 23 20018 Donostia
  • Tel 943 319 200 Fax Administración 943 223 900 Fax Redacción 943 223 902