Diario de GipuzkoaDiario de Noticias de Gipuzkoa. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Gipuzkoa

Historia gogoratu, ez ahazteko

Gauzen egoeraren errepasoa egin du Fermin Muguruzak ‘B-map1917 + 100’ diskoan, The Suicide of Western Culture elektronikoekin 

OLATZ PRAT - 2018(e)ko maiatzaren 26a, larunbata - 16:13etan eguneratua

Madrilgo Joy Eslava aretoaneskainitako kontzertukoirudi bat. TOM HAGEN

Madrilgo Joy Eslava aretoaneskainitako kontzertukoirudi bat. TOM HAGEN

Galería Noticia

Madrilgo Joy Eslava aretoaneskainitako kontzertukoirudi bat. TOM HAGEN

HOGEITA hamar urteko ibilbidearen ostean, berriz egin du;berriz harritu gaitu Fermin Muguruzak, Juanjo Fernandez Rivero eta Miquel Martinezek osatutako The Suicide of Western Culture tandem elektronikoarekin batera ondutako B-Map 1917 + 100 lan birrintzailearekin. Izan ere, irudi lezake hogeita hamar urtez Muguruza bezain aktibo aritu den musikari batek probatua duela probatu beharreko guztia, eta gero eta zailagoa suertatu behar zaiola aurrez zapaldu gabeko terrenoak bilatzea. Bada, Muguruzak frogatu du, beste behin, gizakiaren ahalmen sortzailea mugagabea dela, berea bai, behintzat.

B-map 1917 + 100 disko kontzeptual bat da. “Memoria historikoaren ariketa bat bezala hartu nuen. 2017an geunden eta Botere guztia Sobietentzat leloa zeraman Errusiako Iraultzaren 100. urtea betetzen zen;aukera ona zen esateko pasa den mendeko Europako gertakaririk esanguratsuena izan zela”, dio Muguruzak. Hala, ehun urte eta gero munduan gauzak nola dauden errepasatzeko une ezin hobea zela iruditu zitzaion. “Bertsio ofizialetik at gelditzen den B aldeko errelato bat osatu nahi izan dut b hizkiz hasten diren 10 hiriburu harturik”. Hala, hiriburu bakoitzari kanta bat egin dio diskoan. Bartzelonan hasi zen guztia. Hala azaltzen du Muguruzak: “Sant Andreun dagoen Fabra i Coats sorkuntza lantegian ari nintzen lanean, Raul Fernandezekin Refree Black is Beltza filmerako soinu banda sortzen ari nintzen. Raul, Rosaliarekin bi asteko bira egitera joan zenean, The Suicide of Western Culture taldeko kideak gure gunera etorri ziren egun batzuetarako. Bi kantuko kolaborazioa izan behar zuena disko oso bat bilakatu zen azkenean”, kontatu du musikari irundarrak.

Euren arteko konexioa berehalakoa izan zen eta kimika hori sormen prozesuko osagai ezinbestekoa izan zen. Aurrez inoiz probatu gabeko metodologia erabili zuten sortzeko. Lantegian pantaila erraldoi bat zuten Black is Beltza-ko soinu banda egiteko eta hura erabili zuten. Fernandezek kantuak sortzeko iradokitzaileak izan zitezkeen irudiak proiektatzen zituen bitartean, Martinezek soinu pistak botatzen zituen. Horien gainean, inspirazioari eta sormenari guztiz zabalik, letrak eta melodiak eraikitzen joan zen Muguruza, eta Alex Ferrer (Sidechains) teknikaria une horiek grabatzen joan zen.

Bizitzan bezala, abestietan ere, Muguruza ez da sekula izan gatazkei zeharka begiratu diena, bere begiak zorrotzak izan dira horretan, aurrez aurre begiratu izan dio errealitateari. Eta errealitateak, zoritxarrez, egunero ematen dio injustiziak salatzeko aukera berri bat, deserturik idorrenean ere loreak hazten direla inoiz ahaztu gabe, ordea. “Eszeptizismorik ez dago. Ezkortasuna baldin badago, aktiboa da beti eta kantu askok dute argi izpia;Beirut kantuaren amaieran Mahmoud Darwishen olerkia ekartzen dut gogora: jaioko dira dio, zeren hilko dira, bai, baina jaioko dira;edota Belgrado kantuan: dena idaztear dagoela diot;eta Bogota-n, bake prozesuaz mintzo naiz, esateko –Fernando Pessoaren De Tudo Ficaram Três Coisas olerkia ekarriz– erorketa bakoitza dantza pauso bihurtu behar dugula”.

Musikaz ez ezik, munduko ahots eta hizkuntza anitzez ere osatu du lana Muguruzak: alemanera, gaztelera, arabiera, ingelesa, lingala edo serbiera jaso ditu abestiotan, munduaren aniztasuna eta bakoitzaren nortasun eta indarra azpimarratzeko ariketa batean, baina baita, adierazi izan duenez, “diskurtso hegemonikoen eta uniformetasun kulturalaren aurkako erreakzio bezala”. 

BIRA AMAIERA Maiatza eta ekaina artean Bilbo, Gasteiz, Madril, Iruñea, Biarritz, Santiago eta Bartzelona astindu ondoren, gaur zen amaitzekoa Fermin Muguruza eta The Suicide of Western Culture proiektuaren zuzenekoen bira, baina azken unean bertan behera geratu da Donostian ematekotan ziren kontzertua. Zuzenekoetan laukote moduan aritu dira, TSOWCeko kideez gain, Karlos Osinaga Txap (Lisabö) ere oholtzako laukotean baitago gitarra elektrikoarekin. Muguruzak dioenez, “inpaktu handiko” ikuskizuna osatu dute: “errepertorioa zeharo ezberdina da eta bada horregatik harritzen denik, baina nire jarraitzaile gehienek hau da niregatik maite dutena: proposamen berriak eta ezberdinak eskaintzea”.

Bira honek izan dituen osagai berezien artean bada bat aipatu beharrekoa. Izan ere, hamalau urtez Madrilen jotzeko izan duen debekua kendu izanak hango zaleekin biltzeko aukera eman dio berriro ere Fermin Muguruzari. “Hamabi urte eta gero Getafen jo ahal izan nuen, bertako PPren protestekin halere;eta bi urte beranduago, aurten alegia, Madrilen erdi-erdian eskaini ahal izan dut kontzertua, ezkutuko zenbait presio izan diren arren kontzertua bertan behera uzteko eskatuz”, eman du jakitera musikariak. Dena den, ezin du saihestu, berez ospakizun bat izan behar zuena, puntu gazi-gozo batekin bizi izana: “Valtonycek espetxeratze agindua du eta duela gutxi Evaristo lagunak Guardia Zibilaren jazarpena jaso du. Sortzaileok geure burua zentsuratzea dute helburu eta, lortuz gero, kultura fartsa bat izango da”, ohartarazi du musikari irundarrak.

ERRALDOI BELTZEI SEGIKA Musikaz aparte, Black is Beltza da Muguruzak azken urteotan esku artean duen proiektu handiena. 1965. urtean New Yorken gertaturiko pasadizo batetik abiatutako proiektua da: antza denez, urte horretan New Yorkeko Bosgarren Hiribidean desfilatzeko gonbita jaso zuen Iruñeko San Ferminetako erraldoien konpartsak. Baina ezin izan zuten denek desfilatu, arrazagatiko bereizketari erantzunez, agintari ipar-amerikarrek debekatu egin baitzuten erraldoi beltzak kalera ateratzea. Gertakari horren bueltan osatutako istorioa nobela grafikora eraman zuen irundarrak Harkaitz Cano idazlearekin eta Jorge Alderete marrazkigilearekin batera, 2014an.

Orain, paperetik pantailara pasako dute istorio hori;urriaren 5ean zinemetan estreinatuko da Black is Beltza animaziozko pelikula. Erraldoi beltzetako bat eramateko ardura zuen Manexen bidaia ikusi ahal izango da bertan, 1960ko hamarkada ulertzeko giltzarri diren hainbat gertaera kultural, sozial eta politiko haren begietatik ezagutzeko aukera emango diona ikusleari: “Malcolm X-en hilketak eragindako kale gatazkak, Warholen faktoriako atmosfera bizarroa, Black Pantherrek Kubako zerbitzu sekretuekin harilkatutako harremana, edo hippy-en hastapenak, lehen musika jaialdi erraldoietako giro psikodelikoan”.

Gainera, Bilbon eta Bartzelonan arrakasta itzela lortu ostean, Donostiako San Telmo Museoan inauguratu da Black is Beltza unibertsoari buruzko erakusketa, irailaren 30a bitartean ikusgai izango dena. Egun berean, gainera, irudiz osatutako The Art of Black is Beltza liburua aurkeztuko dute. Muguruzak badauka datozen hilabeteetarako zeregina: “Horrenbeste urtez lanean izan eta gero, egindako lana mundu osoan zehar babestea egokituko zait”. 


COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Noticias de Gipuzkoa se reserva el derecho a eliminarlos.
  • Avda. Tolosa 23 20018 Donostia
  • Tel 943 319 200 Fax Administración 943 223 900 Fax Redacción 943 223 902