Diario de GipuzkoaDiario de Noticias de Gipuzkoa. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Gipuzkoa
KRITIKA

Mendiko giza paisaiak

IBON EGAÑA - 2018(e)ko maiatzaren 21a, astelehena - 14:38etan eguneratua

NEKEZA irudi lezake mendizaletasuna ardatz eta lokarri duten 10 ipuinez osatutako bilduma batek mundu horrekiko interes handirik ez duen irakurlearengan arretarik edo jakin-minik sortzea. Aitor dezadan neuk ere errezelo horrekin ekin niola Aingeru Epaltzaren Mendi-joak irakurtzeari, eta aurrera dezadan, irakurri ahala urtu zaizkidala gaiari buruzko mesfidantzak, eta ez direla mendizaletasunaren ingurukoak izan liburuaren irakurketan sortu zaizkidan zalantzak.

Topiko-kutsua izan dezake, baina egia da Epaltzaren ipuinotan mendizaletasuna aitzakia dela, gai zabalagoez hitz egiteko. Mendiak, gertaleku gisa, espero ez bezalako aukerak ematen dituela jabetzen da bat narrazio hauetan barneratu ahala: biluztu egiten du pertsona, bere ingurune ohikotik atera, aurrez aurre jarri bere mamuekin, bere buruarekin. Heriotzarekin jartzen ditu parez pare inoiz idazleak pertsonaiak, beren gaztaroaren galerarekin buruz buru, giza gainbeheraren erretratu garratzak osatuz. Era berean, mendizaleen artean sortzen den jendartearen bertsio murriztu eta isolatuak ia antzoki batean bezala ikusarazten dizkigu gizon-emakumeak eta euren arteko harremanen alderdi makurrenak. Bikotekideen eta lagunen arteko jelosia, traizioa, lehiakortasuna edo inbidia ia usaindu egiten dira mendiko giro berezian, eta ausart sartzen du zauri horietan hatza Epaltzak.

Zabala da, izan ere, menditarra izanagatik ipuin hauen geografia (etxetik hurbileko muinoak, Pirinioak edo Kilimanjaro), eta aberatsa, era berean, narrazio hauetako giza paisaia. Badira, ordea, egileak bereago dituen gai eta pertsonaiak: adin ertaineko gizonak eta bikote-harreman heterosexualak. Zenbait obsesio errepikakor egiten diren arren (fideltasunaren auzia, demagun), maskulinitatearen eta bikote-harremanen erretratu ez oso konplazientea eskaintzen duten ipuinak egin zaizkit egiazko eta interesgarrien. Narratzailea bestea-ren ikuspegitik mintzo den ipuinek (emakume-ahotsetik, afrikar gaztearenetik) sinesgarritasunarazo gehiago eragin dizkidate, haatik.

Kontatzaile petoa da Epaltza, eta ipuinotan ere narraziogintzaren teknikak trebe maneiatzen ditu: elipsiak, ikuspegi-aldaketak, bigarren pertsonako narratzaileak, sarritan azken kolpea ezkutatzen duten narrazio-amaierak. Iruindarraren estilo erabat partikularraren erakustaldia ere badakarte ipuinok: lexiko-hautapen zorrotza, sintaxi bihurritua, kolokialtasun barrokoa. Irakurleak sumatu egiten du idazlea gozatzen, esaldi bakoitza koska bat estuagotzean, erregistro propioak sortzean. Ordea, formari eta hizkuntzari emandako garrantzia horren eraginez-edo, zenbaitetan arkitektura ikusgarriko eraikin baten aurrean bezala geratu naiz ipuinon aurrean: eraikuntza-lana kanpotik miretsi bai, baina barrura sartu ezinik. Izan dira, nolanahi ere, distantzia hori apurtu, eraikinera sartu eta barrutik irakurle hau hunkitzeraino heldu diren ipuinak ere, Argazkia izeneko azken ipuin gogoangarria, besteren artean.


COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Noticias de Gipuzkoa se reserva el derecho a eliminarlos.
  • Avda. Tolosa 23 20018 Donostia
  • Tel 943 319 200 Fax Administración 943 223 900 Fax Redacción 943 223 902