Diario de GipuzkoaDiario de Noticias de Gipuzkoa. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Gipuzkoa

“Ikaslearen konpetentzia pertsonalak erabakigarriak dira lan munduan sartzeko orduan”

2018(e)ko maiatzaren 20a, igandea - 06:03etan eguneratua

( )

Galería Noticia

Profil eta helburu desberdinak dituzten ikasleak aurki daitezke lanbide eskola honetan. Ana Monge Tolosako Inmakulada Lanbide Ikastolako zuzendariarentzat, “unibertsitate mailan, batez besteko altuenak eskatzen dituzten ikasketak osasun arlokoak izaten dira, hori dela eta, gurera etortzen diren ikasle asko horren bila datoz. Bestalde, esango nuke gero eta gehiago etortzen direla lanbide zikloak egitera. Batzuetan, unibertsitatera joateko maila adina izan arren, lanbide zikloaren alde egiten dute lan mundura ateratzeko aukera gehiago izango dutelakoan. Goi mailako erizain titulu bat izanda edo gizarte arlokoa ere, lanbide heziketako goi mailako ziklo bat izanik, lan munduan sartzeko tasa hobea izango da”.

Lanbide eskola honek sei heziketa ziklo eskaintzen ditu, denak gizarte eta osasunarekin lotutakoak, eta espezializazioa dute helburu, izan ere, Ana Mongeren hitzetan, “osasuna geroz eta zehatzagoa baita”. Goi mailan, esate baterako, Gizarteratzeko teknikaria, Diagnosi-irudiko eta Medikuntza Nuklearreko teknikaria eta Osasun-dokumentazioko eta Administrazioko teknikari zikloak daude. Erdi mailan, berriz, Menpekotasun egoeran dauden pertsonei arreta egiteko teknikaria, Erizaintza Laguntzailea eta Farmazia eta Parafarmaziako teknikaria. “Momentu honetan esango nuke Diagnosi-Irudiko eta Medikuntza Nuklearreko eta Gizarte Integrazioko zikloak direla eskaera handienak dituztenak gure lanbide ikastolan, nahiz eta erdi mailako zikloen eskaera gorantz doan, izan ere, azkeneko bizpahiru urteotan igoera nabarmena izan dugu erdi mailan. Duela urte batzuk, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza gainditu ondoren, batxillergoa zen aukera bakarra. Orain, aldiz, ikasleek bi aukera dituzte. Lanbide heziketak oso ibilbide profesional aberatsa eskaintzen die, bai arlo pertsonalean, eta bai lan mundura begira”, zehaztu du Mongek.

Azken urteotan garrantzi handia ematen ari dira hizkuntzei. Gauzak horrela, euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez eskaintzen ditu Tolosako Inmakulada Lanbide Ikastolak bere zikloak eta, Mongek esandakoaren arabera, “argi dugu ikasle bat lan mundura ateratzen den momentuan ezinbestekoa izango duela hizkuntza desberdinetan hitz egitea eta guk erronka hori gogor lantzen dugu. Hiru hizkuntzetan lan egiten ikasi behar dute”. Euskara ondo menperatua izatea beharrezkoa da osasun arloko edozein esparrutan, “orain Osakidetzan nabaritzen da euskararen eskaera maila hobetu egin dela eta gero eta preziatuagoak dira hizkuntza-profilak dituzten ikasleak”, nabarmendu du Inmakulada Lanbide Ikastolako zuzendariak.

Lanbide berriak sortzen ari diren honetan, enpresek profil berriak bilatzen dituzte, baina Mongerentzat bada berreskuratu beharreko ezaugarri bat: bokazioa, alegia. “Bokazioa erabat galdu da eta, sarritan, ikasleek lan irteeretan oinarrituta hautatzen dituzte ikasketak”. Mongek azaldutakoaren arabera, “konpainiek pertsonak bilatzen dituzte, izan ere, ikasketak baino balio handiagoa baitauka norberak dituen gaitasunak”. Zeintzuk ote dira gaitasun horiek? Bada, Mongek argi dauka: “Iniziatiba izatea, ikasteko gogoa, talde lanean jarduteko erraztasuna eta jarrera positiboa. Gaitasun horiek izanda, beste guztia etorri egingo da”.

Lanbide Ikastola honetan lan taldean oinarritutako metodologia kooperatiboa lantzen ari dira. “Gure lan egiteko modua ez da betikoa. Goi mailako ziklo batean ikasleak kasu batekin hasten dira irailean, eta ekainera arte sei kasu ebatzi behar dituzte, enpresekin batera elkarlanean”, aipatu du zuzendariak. Metodologia hau lan munduan, alegia, errealitatean ebatzi beharko dituzten erronketan oinarritzen da. “Horregatik klaseak ez dira betiko modukoak. Hau dela eta, ikasleak praktiketara joaten direnean, bi asteko epean lan egiteko moduan daude. Metodo tradizionalarekin, berriz, ez da hori gertatzen”, gaineratu du Mongek.

Ikaslea lanerako prestatuta egotea da lanbide Ikastola honen helburu nagusia. Hau da, gazteak lehiakorrak izatea eta prestakuntza prozesu horretan ahal bezainbeste konpetentzia barneratzea. “Argi daukagu indar handia egin behar dugula metodologia berriarekin, erronkak aldatu egin behar dira eta enpresekin komunikazioa mantentzea ezinbestekoa izango da erronka horiek eguneratzeko. Gainera, gure helburuetako bat enpresek ikasleen ebaluazio prozesuan parte hartzea da. Zaila da kultura hori ez dagoelako, baina pixkanaka aldatzen ari dira gauzak”, ondorioztatu du zuzendariak.


COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Noticias de Gipuzkoa se reserva el derecho a eliminarlos.
  • Avda. Tolosa 23 20018 Donostia
  • Tel 943 319 200 Fax Administración 943 223 900 Fax Redacción 943 223 902