Diario de GipuzkoaDiario de Noticias de Gipuzkoa. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Gipuzkoa
Arantza Ugarte ‘Oikia xiv-xxi historia bizia’ hitzaldia eskainiko duen oikiarra

“Zumaiako auzoa izan arren, oikiarrak garela esaten dugu. Nortasun eta historia handia duen auzo bat da Oikia”

Arantza Ugarte oikiarrak bere auzoaren historiari buruzko hitzaldia eskainiko du bihar, 11.00etan San Bartolome parrokian, Pedro Etxaberekin batera

Ane Roteta - Sábado, 19 de Mayo de 2018 - Actualizado a las 06:04h

Arantza Ugarte

Arantza Ugarte

Galería Noticia

Arantza Ugarte

Zumaia- Arantza Ugarte Lopetegi Mutrikun bizi da egun, baina Oikiako Epiola Goikoa baserrian jaio zen. Bere jaioterriarekin ez du harremanik galdu eta sarritan joaten da auzora. Aurten Oikian egingo den eskola txikien festaren harira, Oikia XIV-XXI Historia bizia hitzaldia eskainiko du Pedro Etxabe zumaiarrarekin, bihar 11.00etan San Bartolome parrokian, eta auzoaren historiari buruzko xehetasunak eman dizkio egunkari honi.

Nolatan hasi zinen Oikiako historiari buruzko ikerketa egiten?

-Pedro Etxabe zumaiarraren gurasoak oikiarrak dira eta bera Zumaiako industria ondarea ikertzen buru belarri dabil. Industriari buruzko datu horiek aztertuz beste informazio interesgarri ugari ateratzen joan zaio, eta duela hiru urte esan zidan Oikiako gauza oso interesgarriak zeudenez, zerbait egin beharko genukela jendeari jakitera emateko. Hala, iaz berriro topo egin genuen eta eskola txikien festa izango denez, informazio hori guztia jakinaraztea momentu ona izango litzatekeela komentatu nion.

Zer kontatuko duzue hitzaldian?

-XIV. mendetik hasi eta gaur egunera arte auzoak izan duen bilakaera azalduko dugu. Ziur aski jendeak ez ditu gauza asko jakingo eta jendeari gustatzea espero dut. Oikiaren lehen aipamena 1344 urtean egin zela topatu dugu, eta ordutik aurrera, Oikia leku askotan aipatzen da.

Nolakoa zen XIV. mendeko Oikia?

-Guztiz desberdina zen auzoa. Gaur egun zubiak eta autobidea daude, baina lehen ibaia bakarrik zegoen eta hori nolabaiteko muga bat zen. 1344 urterako Oikian dagoeneko eliza bazegoen, eta horrek esan nahi du ordurako bazegoela komunitate bat. Getariako Garate menditik Azpeitirainoko bidea zegoen hemendik igarota, eta arrain merkataritzaren salmenta hemendik pasatzen zen, baita burdina edo egurra ere. Bestalde, 1536 urterako Mantzizidorko zubia eginda zegoen, eta hor inguruan ere portu bat zegoen. Merkataritza gora eta behera zihoan tokia zen eta horrela sortu ziren errenteriak, zergak kobra-tzeko lekuak. Horretaz gain, Igartza izena zuen burdinola eta errota egon ziren. Beranduago beste errota bat egon zen eta horrek burnia egin zuen 1800 arte, eta Juan de Martinez de Mantzizidorrek, ibai ondoan zegoen jauregiko jabeak, eta Pedro Etxabek, itsasontziak egin izan zituzten XVI. mendean.

Eta zer nolako bilakaera izan du auzoak?

-Lehen aipatutako burdinola gerora Iraulika fabrika bihurtu zen, garai bateko zementugintzaren aurrekaria, eta hori ondoren zentral elektrikoa bilakatu zen. Gerora, Pollos Oikina sortu zen leku horretan bertan, XX. mendean. Beraz, 500 urtean gune batean industria jarduera egon da etengabe. Eta XX. mendean etorri ziren Muebles Xey eta Guascor, adibidez.

Eta nolakoa da gaur egungo Oikia?

-Horrenbeste jardueraren ondoren, baserriak gelditu dira, baserrietako bizitzak. Gaur egun dauden baserriak eta XVIII. mendearen bukaeran zeudenak berdinak dira. Dena den, nekazaritza geroz eta gutxiago dago;izan ere, lurrak zatitu ziren eta autopista ere jarri zen, eta jendea industrian hasi zen lanean. Nekazaritzatik bizi den familia bat dago Oikian, beste asko nekazaritzan jarduten dira baina badaukate bigarren lanbide bat.

Eskola txikien festa hartuko du aurten Oikiak. Zer esan dezakezu eskolari buruz?

-Hasiera batean beste leku batean zegoen arren, 1888 ingururako Oikiako eskola dagoeneko bazegoen, eta orduztik gaur egun arte ez du etenik izan. Oikiako eskolak iraun egin du eta gaur egun ere 40 haur inguru daude. Urte asko ditu eskolak, beraz, badu nolabaiteko entitatea.

Zer abantaila ikusten dizkiozu eskola txiki batean hazteari?

-Nire ustez, horrek duen abantaila umea bere inguruan dagoela da, eta elkarbizitzen ikasten dute. Txikiak handiekin eta handiak txikiekin egoten dira, eta modu honetan, irakur-tzen edo idazten laguntzen dira elkarri eta senideen ardura hartu eta babestu egiten dira.

Baduzue beste ezaugarri bat. Zumaiako auzoa izan arren, argi uzten duzue oikiarrak zaretela.

-Bai, nortasun eta identitate handia du Oikiak eta denok oikiarrak garela esaten dugu beti. Horrek ez du esan nahi zumaiarrekin gaizki eramaten garenik, baina nortasun eta historia handia duen auzo bat da Oikia. Batez ere, gurea zaintzen dugu, eta zaintze horretan dago gure nortasuna mantentzea. Horretarako, adibidez, eskola oso garrantzitsua da.

Gipuzkoatzen

Gipuzkoako txoko kuttuna. Oikia, noski! Eta Mantzizidorko gunea ere asko gustatzen zait.

Paisaia idiliko bat. Oikiatik Ibañarrieta bidean ikusten dena, hor goitik Oikiako bailara guztia menperatzen da eta.

Mendi bat. Indamendi, oikiarren mendia da eta.

Hondartza bat. Ez naiz hondartzazalea, beraz, Mutrikuko igerilekua! (barreak).

Festa bat. Oikiako San Bartolomeak asko gustatzen zaizkit, etxera oilasko bila etortzen diren unea oso berezia baita.

etiquetas: zumaia, oikia


COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Noticias de Gipuzkoa se reserva el derecho a eliminarlos.
  • Avda. Tolosa 23 20018 Donostia
  • Tel 943 319 200 Fax Administración 943 223 900 Fax Redacción 943 223 902