Diario de GipuzkoaDiario de Noticias de Gipuzkoa. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Gipuzkoa
KIROLAK

“Gure jokoa egiteko aukera badugu, Cienciasi faktura pasatuko dio”

Oier Garmendiaren ustez, Hernaniren joko dinamikoak Cienciasi min egin diezaioke. Hala ere, andaluziarren kontra kategoria mantentzeko hernaniarrek bi partidetan “buru belarri” lan egin beharko dutela dio

Iker Andonegi - 2018(e)ko maiatzaren 18a, ostirala - 06:03etan eguneratua

Oier Garmendia, Hernaniko jokalaria.

Oier Garmendia, Hernaniko jokalaria. ( Iker Azurmendi)

Galería Noticia

Oier Garmendia, Hernaniko jokalaria.

donostia- Hernaniko zenbait jokalarik Europako Zazpiko Klub Txapeldunen Lehiaketa jokatu zenuten joan den asteburuan. Nolakoa izan zen esperientzia hura?

-Break txiki bat egin dugu. Urte osoa hamabost era jolasten egon ondoren, modalitatez aldatu dugu, eta ahal dugun ondoen egitera joan ginen. Dena oso ondo antolatuta zegoen, pena bakarra belar artifizialeko zelaian jokatu genuela eta neurriz ere nahiko txikia zela, baina beste guztia primeran.

Pozik zaudete lortutako seigarren postuarekin?

-Bai. Hasieran ez genuen helbururik markatu, guretzako sari bat zen hara joatea. Gero, jokatu ondoren, ikusi dugu laugarren eta hirugarrenaren kontra azken jokaldira arte irabazten joan ginela, eta galtzen bukatu genuela. Baina emaitza aldetik ondo egon da eta esperientzia oso ona izan da.

Errusia, Suitza, Bielorrusia eta Txekiako arerioen kontra jokatu zenuten. Zein zen bere maila?

-Errusiarrak oso txukun aritu ziren, nabaritzen zen zazpiko errugbia lan-tzen zutela. Txekiarrak oso fisikoak ziren. Nahiz eta hango liga oso ezaguna ez izan, oso talde ona zeukaten eta oso ondo jokatzen zuten. Partida gogorra izan zen azkenekoa. Bielorrusiakoak ez ziren zazpiko jokalariak, handiegiak eta astunegiak ziren, eta beraien kontra nahiko partida erraza izan zen. Suitzarrak ez ziren denak zazpiko jokalariak, baina irabaztea kostatu zitzaigun.

Aurten ere Espainiako Txapelketa irabazten saiatuko zarete?

-Hamabosteko ligako play-offa jokatu ondoren joango gara. Gure helburua momentu honetan ez dago zazpiko errugbian. Datozen bi asteburuetan lehenengo mailan jarraitzeko borrokara goaz, eta gero gerokoak.

Patrick Polidori entrenatzaileak txapelketa hau ona izango zela burua argitzeko eta sasoian mantentzeko esan zuen. Horrela izan al da?

-Bai, guztiz ados. Azkenean, nahiz eta motzak izan, intentsitate eta kalitate handiko partidak izan dira. Hiru edo lau aste generamatzan partidarik jokatu gabe eta oso ondo etorri zaizkigu. Eta, urte osoan presioarekin jolastu ondoren, presiorik gabe jokatzeko ere balio digu.

Eta orain, lehengo mailan manten-tzeko ‘play-offa’ daukazue, Ohorezko B Mailaren txapeldunordea den Cienciasen kontra.

-Bai, bi astetan buru belarri borrokatu beharko dugu, urtero bezala, maila mantentzeko. Beti esaten dugu ez dakigula non bukatu dezakegun liga, eta egia da. Urte batzuk hobeak ditugu eta pixka bat gorago gaude, eta beste batzuetan, arrazoi desberdinengatik, gehiago sufritzen dugu, eta aurten hori tokatu zaigu. Hala ere, nik baditut esperantzak denboraldi amaiera ona egiteko eta emaitza onak ateratzeko.

Igoera lortu zenutenetik, 2012an, behin bakarrik jokatu izan behar duzue lekua mantentzeko ‘play-off’ -a. Taldea urduri dago?

-Jaitsierako play-offa behin bakarrik jokatu dugu, lehenengo urtean, eta ondo salbatu genuen. Egia da urduritasun handiko partidak direla. Urte osoa jokatzen duzu bi partidetan. Urduritasuna normaltasunaren parte ikusten dut. Tentsioa egongo da eta ahalik eta ondoen bideratzen saiatuko gara. Nik uste dut lasai gaudela, jakinda zer daukagun aurretik. Jokalari batzuk errekuperatzen ari dira eta Igor Genuaren mailako jokalari baten itzulera entrenamenduetan eta giroan nabaritzen da. Genuak gutxienez partida batean jokatuko du, eta bestean ez daki oraindik parte-hartzea ahal izango duen. Alde horretatik, bizipoz pixka bat ematen digu.

Lesioen aldetik, nola dago taldea?

-Aurten hamar ebakuntza egin dizkiete taldeko jokalariei, eta lesionatuak dezente gehiago izan dira. Jon Insausti, Einar Arratibel, Mikel Otxotorena eta Abdellatif Et Tayea ez ditugu errekuperatuko. Iraitz Garmendia muga-mugan dago, Mikel Bidegaray ere aste honetan entrenatzen hasi da, eta Mattin Collado ere entrenatzen ari da, baina justu samar dago eta badirudi ez dela partidara iritsiko. Beñat Iradi jokatzeko prest egongo da, baita Igor Etxeberria ere.

Joan den denboraldian Cienciasen kontrako bi norgehiagokak irabazi zenituzten. Partida horiek erreferentetzat har daitezke?

-Ez. Beraiek taldea aldatu dute eta guk gure jokoa aldatu dugu. Cienciasen azken partidak jarraitu ditugu, Polidorik partiden analisia egin du eta pauta batzuk eman dizkigu. Alde horretatik, abantaila ere izan dezakegu. Cienciasek jokalari gogorrak ditu, baina nahiko estatikoak. Jokoa asko moteltzen bada, edo baloiaren jabe-tza beraiek badaukate, sufritu dezakegu fisikoki eta kontaktuan. Bestela, iniziatiba guk eramaten badugu, edo behintzat partida oso dinamikoa baldin bada, fisikoki ez direla partida bukaerara fresko iritsiko uste dut, eta guk hori aprobetxatu dezakegu. Talde osoa dinamikoa daukagula, eta beraien talde erdia ez da batere dinamikoa. Aurrean oso sendoak dira, baina bigarren zatiaren erditik aurrera gure jokoa egiteko aukera badugu, faktura pasatuko die.

Lehen partida igande honetan izango da Sevillan (12.00etan), eta azkenekoa datorren asteko larunbatean. Bigarren partida Landaren izateak abantaila emango dizue?

-Ez zait hain garrantzitsua iruditzen. Hasieran beti baietz uste duzu, baina igo ginen urtean alderantziz izan zen eta ez ginen igo Landaren egindakoagatik, baizik eta kanpoan lortutakoagatik.


COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Noticias de Gipuzkoa se reserva el derecho a eliminarlos.
  • Avda. Tolosa 23 20018 Donostia
  • Tel 943 319 200 Fax Administración 943 223 900 Fax Redacción 943 223 902