BERTAN

Duela 50 urte...

1968 URTEAN ATERA ZEN LEHEN KARROZA | Zarauzko Santa Marina auzoko jaietan. Urteurrenaren harira, 50 urte hauetako argazkiak jarri dituzte ikusgai egunotan.

Ane Rotetaren erreportajea - 2018(e)ko maiatzaren 16a, asteazkena - 06:02etan eguneratua

1968 urteko lehenengo karrozan atera ziren sei emakumeak. Argazkiak: Santa Marinako Komisioa

1968 urteko lehenengo karrozan atera ziren sei emakumeak. Argazkiak: Santa Marinako Komisioa

Galería Noticia

1968 urteko lehenengo karrozan atera ziren sei emakumeak. Argazkiak: Santa Marinako KomisioaDuela urte gutxi ateratako karroza, 2014 urtean hain zuzen ere.

Heldu dira Santa Marina auzoko jaiak, Zarautzen horren kuttunak diren festak. Izan ere, auzotarra izan ala ez, ba al da festa horiek nostalgia puntu batekin gogoratzen ez dituen zarauztarrik? Joan den asteburuan ekin zioten festen egitarauari, baina asteburu honetarako prestatu du Santa Marinako Komisioak programarik zabalena, maiatzaren 21eko Santa Marina eguna iritsi bitartean.

Aurtengoan, gainera, urteurren borobila ospatuko dute santamarinatarrek, 50 urte betetzen baitira festetan karroza lehen aldiz atera zenetik. 1968 urteaz geroztik, urtero-urtero atera dute auzotarrek karroza eta lehendabiziko horretan ateratzeko zortea izan zuten Juanita Lertxundik, Nekane Urdampilletak, Amaia Azpiazuk, Mari Jose Aranak, Luisi Ameztoyk eta Begoña Kortajarenak. Sei emakume horietaz gain, Jose Ramon eta Jose Ignacio Izkeaga anaiak izan ziren urte horretako haur protagonistak.

Eta 50 urte hauetan, auzotar asko eta asko izan dira festetako karrozan ateratzeko ohorea izan dutenak, eta ez bakarrik emakumeak, lehenengo urteetan neskak bakarrik ateratzen ziren arren, 2005 urtean ateratako guztiak gizonezkoak izan ziren, eta orduztik hona mistoak ari dira egiten. “2005ean gizonezkoak soilik atera ziren karrozan eta, egia esan, zerbait kuriosoa izan zen urte horretakoa”, azaltzen du Komisioko kide den Bittori Lertxundik. Dena den, ez omen dute patroirik jarrai-tzen karrozako kideak hautatzean, dena modu espontaneoan egiten dute: “Guk ez ditugu neskak edo mutilak aukeratzen, pertsonak baizik”.

Urteurrena aprobetxatuz, aurten ekimen berezi bat prestatu du Komisioak eta 50 karrozekin osatutako argazkiak jarriko dituzte ikusgai, festetarako egokitzen duten tabernan (Elolatarrek utzitako lokalean). “Nolabaiteko panel batzuekin jarriko ditugu argazkiak, taberna barruan jartzeko eta kanpora atera-tzeko aukera ere izan dezagun. Nik uste dut jendeak argazkien kontua gustura hartuko duela, bere burua edo familiartekoren bat ikusteko irudi horien artean. Polita izango da eta ziur nago giroa piztuko duela”, dio konbentzituta Lertxundik.

Bittorik azaltzen duenez, Santa Marinetako danborrada eta karroza urte berean hasi ziren egiten, eta Juan Luis Larrañaga bertsolariaren semeak, Patxi Barberok izan zuen karrozaren bat ateratzeko ideia duela 50 urte. Baina, hori baino lehen auzoko festak ere ospatzen zituzten, hori bai, beste izaera bat zutela gogoratzen du Bittorik: “Danborrada baino lehenagoko festak gehiago lotzen ziren ermitarekin, mezarekin eta erromeriarekin. Dena den, karroza dagoenetik ez dira gehiegi aldatu gauzak gure festetan. Egitarau nahiko tradizionala jarraitzen dugu, eta betiko korrika lasterketak, meza eta zezen-txikiak antolatzen jarraitzen dugu”.

Komisioko kideek gogoratzen dutenez, lehendabiziko karrozak Beteluk egin zituen, eta Epeldetarrek ere parte hartu izan zuten. 90eko hamarkadan, berriz, Guillermo Aristik karroza batzuk diseinatu zituen, eta gaur egun dekoratzaileak diren Aitzpea Agirrezabalagak eta Amaia Lertxundik egiten dute karrozaren diseinua.

Ostiralean, txupinazoa

Joan den asteburuan hasi zuten jaietako programa, baina asteburu honetan ospatuko da Santa Marina jaietako egitarau nagusia, eta txupinazoa ez da edonolakoa izango. Hala, 1968 urteko lehenengo karrozan atera zirenek igoko dute bandera, ostiraleko txupinazoan. Ohi bezala, arratsaldeko 19.00etan izango da, baina goizean La Salleko haurren danborrada txikia izango da auzoko kaleetan. “Haurren danborrada oso polita izango da aurtengoa;izan ere, Santa Ana egoitzako egoiliar batzuk aterako dira beraiekin. Intergenerazioa lantzeko gauza batzuk egiten ari gara beraiekin, eta haurren eta zaharren arteko nahasketa polita izango da”, zehazten du Lertxundik. Arratsaldean, berriz, txupinazoa baino lehen Santa Marinako Korrika Txapelketa mitikoak lehiatuko dira, 18.00etan, eta bandera igo ondoren lehertuko da festa, The Trikiteens musika taldearen emanaldiarekin, eta gaueko Danborradarekin. Orduan iritsiko da une bereziena, 50. karroza denen begien aurrean jartzen denean.

Asteburuan ere festak ez du etenik izango eta ekintza ugari izango dira egun osoan zehar. Larunbatean haurrentzako jokoak, zezen-txiki eta poney-en jaialdiak eta Oxabi taldearen kontzertuak izango dira ekitaldi nagusiak, eta igandean, berriz, patata tortila lehiaketa eta Zunbalain dantzafestaren emanaldia izango dira, besteak beste.

Egitaraua

Maiatzak 18, ostirala. La Salleko haurren danborrada txikia (10.00), L. Santa Marina Korrika Txapelketa (18.00), txupinazoa (19.00), The Trikiteens emanaldia (19.30), Santa Marina Danborrada (22.00).

Maiatzak 19, larunbata. XXIX. Santa Marina Pilota Txapelketa (10.30), helduentzako toka txapelketa (12.30), 12-17 urte bitartekoentzat jokoak (17.00), zezen-txiki eta poney jaialdia (18.00), Elektrotxufla kale banda (19.15), musika emanaldia Oxabi taldearekin (23.00).

Maiatzak 20, igandea. Jalgi dantza taldearen saioa (11.30), XVII. Patata Tortila Lehiaketa (12.30), Apaxi kontalaria (17.00), Zunbalain dantzafesta (18.30).

Maiatzak 21, astelehena, Santa Marina Eguna. Kanpai-errepika, itxaferoak eta ereserkiaren kanta-tzea (7.00), diana, Meza Nagusia eta trikitilariak (8.30), jubilatuen-tzako hamaiketakoa, L. Santa Marina Korrika Txapelketa (18.00) eta zezen-txiki eta poney jaialdia (20.00).


COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Noticias de Gipuzkoa se reserva el derecho a eliminarlos.
  • Avda. Tolosa 23 20018 Donostia
  • Tel 943 319 200 Fax Administración 943 223 900 Fax Redacción 943 223 902