Diario de GipuzkoaDiario de Noticias de Gipuzkoa. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Gipuzkoa
bertako gaia

Derlan motorrek bizirik eta oroimenean iraun dezaten

Derlan marka Zarautzen ekoiztu zen 1954tik 1962ra, eta motor horietako batzuk errestauratzeaz gain, erakusketa eta dokumentala prestatzen ari da iker itxaso

Ane Rotetaren erreportajea - 2018(e)ko maiatzaren 6a, igandea - 06:03etan eguneratua

Galería Noticia

Gaur egun gutxik jakingo dute, baina Derlan markako ehundaka motor ekoiztu ziren Zarautzen 1954 urtetik 1962ra. Zortzi urte soilik izan ziren, baina duela gutxi eraitsitako Basor tailerrean asko eta asko izan ziren 20 lagun inguruko lantaldeak egindako motorrak. Iker Itxaso zarauztarrak 2016ko Gabonetan izan zuen lehen aldiz horren berri, eta harrezkeroztik buru belarri dabil proiektu honetan Juan Mari Uriarte donostiarraren laguntzarekin. Hala, garai hartan egindako zenbait motor lortu dituzte dagoeneko, konponduta ere hiru dituzte, eta datorren urrirako dokumental bat aurkeztearekin batera, erakusketa bat egingo du Sanz Enea kultur etxean.

“Betidanik izan naiz motorzalea eta Ingeniaritza Mekanikoaren gradua lortzeko ikasten ari nintzela, Zarau-tzen ekoitzitako motor baten inguruko erreferentzia topatu nuen Interneten. Nork jarri du astakeri hau? pentsatu nuen, baina kuriositatea nuenez, familian galdezka hasi nin-tzen eta nire amonak baieztatu zidan halaxe izan zela”, azaltzen du gazteak. Zehazki, haren auzokoak zirela esan zion amonak.

Ez da lan erraza izan informazioa lortzea, garai hartako erreferentziak liburuetan eta aldizkari zaharretan soilik baitaude, baina ikertzen aritu ondoren, Bastarrikak eta Sorazu anaiek Basor tailerra sortu zutela jakin zuen Itxasok. Bestalde, Derlan piezei buruzko iragarki bat ikusi zuen eta deitzea erabaki zuen: “Gaiari buruz galdetu nion eta bere etxera joateko esan zidan. Liburu mordoa zituen eta informazio asko eskuratu nuen;hala nola, noiz hasi ziren Derlan motorrak ekoizten, noiz arte eta zein marka egin zituzten”, gogoratzen du Itxasok. Horrenbeste informazio zuen hura Juan Mari Uriarte zen, eta proiektu honetan laguntzeko prest azaldu zen.

Aste bete ondoren, Cacereseko museo batean Derlan motor bat salgai jarri zutela ikusi zuen Interneten, eta bertara joatea erabaki zuen Juan Marirekin batera. Horrela, 2017ko otsailean lehen motorra ekarri zuten, bien artean konpondu eta martxan jarri zuten. Tarte horretan, Basorren lan egin zuen pertsona batekin harremanetan jartzea lortu zuen. Gaur egun, 80 urtetik gora dituzte langile gehienek, eta batarekin eta bestearekin hitz eginez, guztira bederatzi langileren kontaktua lortu du.

Basor tailerraren jarduera zortzi urtekoa soilik izan zen arren, hamar modelo inguru sortu zituzten, guztiak “oso bereziak”

“Salberdinen zegoen tailerra, eta eraitsi egingo zutela jakin nuenean zerbait egitea pentsatu nuen motorra dagoeneko konponduta genuela aprobetxatuz”, dio Itxasok. Hala, bederatzi langileak elkartu zituen tailerrean joan den uztailean, konpondutako motorrarekin argazki bat ateratzeko. “Errestauratutako motor hori horrenbeste urteren ondoren ekoiztu zuten leku berean ikustea, eta gainera, motorra egin zuten pertsonekin batera ikustea izugarria izan zen. Momentu hura magikoa izan zen”, gogoratzen du hunkituta zarauztarrak. Hurrengo egunean bertan eraitsi zuten tailerra.

Hori proiektu honen hasiera besterik ez zen izan, eta orain arte sei motor eskuratu dituzte Leon, Galizia eta Oviedotik (Asturias), besteak beste, eta une hauetan laugarren motorra ari dira konpontzen Antonio Azkue zarauztarraren pabeloian. Proiektuarekin aurrera egin ahal izateko, merchandisinga sortu du Itxasok, eta Zarauzko Udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren diru-laguntzak ere lortu ditu: “Langileetako batek esan zidanez, nire aitonak gurpilak egiten zituen eta hori jakin nuenean zerbait egin behar nuela erabaki nuen, zarauztarren artean horren ezezaguna den historia berreskuratzeko eta jakinarazteko. Nire aitona ez dago bizirik eta horrek, egia esan, pena ematen dit, gauza asko kontatuko zizkidalako”.

Itxasok zehazten duenez, Basorren jarduera zortzi urtekoa soilik izan zen arren, hamar modelo sortu zituzten, guztiak “oso bereziak”, eta gainera, modelo bakoitzaren barnean ere ezaugarri desberdinak aurki daitezke. Horren denbora tarte motzerako, Ikerren ustez, hori “ ez da ohikoa”, eta gutxiago garai hartako teknologia baliabide mugatuak eta gaur egungo ezagutza ez zegoela kontuan izanda.

Errestaurazio lanez gain, dokumentala eta erakusketa prestatzen dabil Itxaso, eta biak datorren urrirako prest izatea espero du. Ikus-entzunezkoari dagokionez, Urretxuko Gattiken enpresaren laguntzarekin ari da kontatzen, eta erakusketak, berriz, hiru zati izango dituela aurreratu du gazteak: “Batetik, enpresaren historia eta garai hartako Zarautz kokatuko dugu;bestetik, motorren informazioa eta Basorrek egindako lana aipatuko dugu;eta azkenik, motor modelo desberdinak jarriko ditugu erakusgarri”. Horretarako, modelo bakoitzetik bat lortzeko asmoa du Itxasok eta 10-15 motor inguru jarri nahi ditu erakusketan. “Zarauzko batek bi motor ditu, erakusketan egongo direnak, Bilbon beste pare bat daude, eta Granadatik eta Asturiasetik ere gehiago ekarriko ditugu”, zehazten du.

Juan Mari Uriarte bera ere oso gustura dabil lan hau egiten, motorrak pasio handia izan baitira beretzat bizitza osoan. “Juan Marirekin egin dudan adiskidetasunak niretzako ez du preziorik, eta motorren inguruan ikasteko ere izugarrizko masterclassa ematen ari zait. Biok oso motibatuta gaude eta ikasteko aukera paregabea izan da niretzat”, dio Ikerrek irribarre batekin.

“Derlani buruz inork ezer ez jakiteak asko harritu zidan eta nire helburua marka honen inguruan zerbait uztea da, zarauztarrek eta ondorengoek hemen zer egin zen jakin dezaten, eta horretaz gain, motor ekintzailetasuna hartu zutenei omenaldi txiki bat egitea da nire asmoa, izugarria iruditzen baitzait egin zutena”, dio Itxasok amaitzeko.


COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Noticias de Gipuzkoa se reserva el derecho a eliminarlos.
  • Avda. Tolosa 23 20018 Donostia
  • Tel 943 319 200 Fax Administración 943 223 900 Fax Redacción 943 223 902