Diario de GipuzkoaDiario de Noticias de Gipuzkoa. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Gipuzkoa
Danele Sarriugarte idazlea

“Azala erre’ idazteko borroka gehiago egin behar izan dut, errealistagoa izan da”

Danele Sarriugartek (Elgoibar, 1989) bere bigarren lana argitaratu du: ‘Azala erre’. Bertan kultura, sare sozialak eta bere belaunaldiaren inguruan egiten du gogoeta

Harri Fernández Ruben Plaza - 2018(e)ko maiatzaren 6a, igandea - 06:04etan eguneratua

Danele Sarriugarte

Galería Noticia

Danele Sarriugarte

Donostia- Danele Sarriugartek sare sozialak erabiltzen ditu?

-Ez. Facebook eta Twitter kontuak izan nituen bere garaian. Urtebete bada utzi egin nituela. Lehenengo Twitter utzi nuen eta gero Facebook.

‘Azala erre’ eleberrian nahiko begirada kritiko edo ironikoa botatzen diezu sare sozialei. Bereziki, kultura munduko pertsonek horiek erabiltzeko duten moduaz ari zara.

-Sare sozialak modu askotan erabili daitezke. Sare sozialek joera batzuk areagotzen dituzte: norbere buruari begira egotea, zure irudi pertsonalaren eraikuntza... Beste herrialde batzuetan halakoek lana lortzeko balio ohi dute, baina guk ez dugu horrelako hausnarketarik egiten. Eleberrian gai hori sartu nuen, nobelako gai bat delako ea artistek zergatik sortzen duten artea, norbaiten txaloa jasotzeko ala benetan zerbait adierazi nahi duzulako? Txalo edo burrunba hori sare sozialetan auspotu egiten da. Pertsonaia nagusiak, Mirenek, daukan arrakastaren neurria da bere sare sozialen aipamena.

Miren eta Jon pertsonaia nagusien jokabidea -baita sare sozialak erabiltzeko haien modua ere- frustrazioak bideratzeko modu bat da?

-Bi pertsonaiek ispilu egiten diote elkarri. Mirenek lortzen duena Jonek ere nahi du. Amets nahiko abstraktuak dauzkate. Mirenek gauza onak lortzen dituen arren, ez dago gustura, frustratuta dago. Lanak hartzen ditu berak benetan nahi gabe. Liburuak berebiziko momentu batean harrapatzen du Miren, gelditu eta zer egin behar duen erabakitzeko momentuan.

Eleberrian badago zure belaunaldiaren erradiografia nahiko aproposa ere. Krisi garaian unibertsitate ikasketak bukatu eta ziurgabetasunez beteriko errealitatean bizi direnen belaunaldia.

-Miren Bartzelonara doa bizitzera, bere ibilbidea han gauzatu nahi duelako. Gurea nahiko belaunaldi laburra da. Gu baino helduagoak direnek ikasketak bukatu ondoren lana lortu dute. Gu baino gazteagoak, aldiz, unibertsitatera sartu dira jakinik errealitatea beste bat dela. Gai hau nahiko sartuta neukan zerbait zela ulertu dut gerora. Asko kanpora joan dira eta aurkitu duten egoera ez zen hemengoa baino hobea. Hori ere frustrazio handi bat izan da askorentzat. Gure gurasoen belaunaldiak onbeharrez pentsatzen zuen aurrera aterako ginela, baina mundua oso modu azkarrean aldatu da. Asko interesatzen zaidan gai bat da hori.

Frustrazio hori eleberri guztian nabaritzen da, azken zatian izan ezik: hor Mirenek katarsi moduko bat egiten du.

-Azala erretzea berak eskatu gabe gertatzen den zerbait da, baina egiten dituen beste gauza batzuk bere borondatez egiten ditu.

Euskal kulturaren munduari ironiaz ere begiratu diozu. Nobelan fundazio bat ageri da, lehiaketa bat “aurpegia garbitzeko” erabiltzen duena.

-Gure kasuan hizkuntza gutxitu bat izateak beti eragiten du, alde batera edo bestera. Kasu honetan beka edo sariak salbatzeko erabiltzen ditugu. Liburuak publikatzea albiste pozgarria da, baina nahi duzuna jendeak irakurtzea da.

Mikroklima kultural bati buruz ari zara.

-Bai, oso endogamikoa da gainera. Saihestezina den zerbait da. Halere, beste talde batzuetan ere ikusi dut, ez da esklusiboa. Tartean behin konturatzea eta gure buruaz barre egitea ez dago gaizki.

Idazlearen paperean eroso sentitzen zara?

-Bi fase egon direla uste dut. Erraiak argitaratu nuenean asko mugitu zen. Garai horretan ez nuen ezer espero eta asko jaso nuen. Olatua surfeatu egin nuen, baina gero pixka bat bustita ere bukatu nuen. Nire lehen liburua zen baina ez nuen oso argi nora jo nahi nuen. Lehen ikasturte horretan idazle paper horretan gustura egon nin-tzen, baina gero erabaki nuen ez nuela hori bakarrik izan nahi. Orduan, beste gauza batzuetan zentratzen saiatu nintzen. Berehala itzulpenak egiten hasi nintzen, ikusten ez diren horiek ere, administrazioarenak.

‘Azala erre’ idazteko hiru urte behar izan dituzu?

-Denbora luzez ez nuen ezer kontatzekorik izan. Gero erabaki nuen zerbait idatzi behar nuela baina oso denbora gutxi eskaintzen nion. Azala erre hiru urtetan idatzi dut, lanak uzten zizkidan zirrikituetan idazten nuelako. Erraiak idatzi nuenean epe bat banuen, baina eleberriaren ahotsa ere oso definitua nuen. Bigarren honetan, protagonistak azala erretzen duen pasartea izan zen idatzi nuen lehen gauza. Oraindik zerbait nahiko abstraktua zen. Lehen pasarte hori Joseba Jaka bekara bidali nuen. Ez zuen irabazi. 2016ko bigarren zatian burubelarri hasi nintzen eleberria bukatu nahian Irun Hiria Lehiaketara bidaltzeko asmoarekin. Oso zatika egin nuen eta azken hori ere ez nuen irabazi. Egia da idatzitakotik bazegoela konbentzitzen ez ninduen zerbait.

Liburua bukatzea erabaki zenuen.

-Irun Hiria irabazi ez nuenean erabaki nuen bukatu nahi nuela. Elkarreko Aintxine Mendizabalekin harremanetan jarrita nintzen. Lan batzuk alde batera utzi nituen eta idazketan zentratu nintzen. Askoz zailagoa izan da Azala erreren idazketa, borroka gehiago egin behar izan dut. Baina uste dut sorkuntza prozesu errealistagoa izan dela Erraiakena baino.

las claves

“Sare sozialek joera batzuk areagotzen dituzte: norbere buruari begira egotea, irudi pertsonalaren eraikuntza...”

“Gure gurasoen belaunaldiak onbeharrez pentsatzen zuen aurrera aterako ginela, baina mundua azkar aldatu da”


COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Noticias de Gipuzkoa se reserva el derecho a eliminarlos.
  • Avda. Tolosa 23 20018 Donostia
  • Tel 943 319 200 Fax Administración 943 223 900 Fax Redacción 943 223 902