Diario de GipuzkoaDiario de Noticias de Gipuzkoa. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Gipuzkoa
HidroLogikak 2018

Urumea eta haren aberastasuna ezagutzen


2018(e)ko apirilaren 30a, astelehena - 13:03etan eguneratua

Galería Noticia

DONOSTIA. HidroLogikak-ek itsasoko zaborren arazoari helduko dio eta 2018 edizioa maiatzaren 5etik uztailaren 21era bitartean izango da. Programazioak iraungo duen bi hilabete eta erdian, HidroLogikak proiektuak aukera emango die herritarrei gure arro hidrikoa hobeto ezagutzeko, Urumea ibaia eta haren inguruko aberastasun guztia, ingurumenaren, kulturaren eta historiaren aldetik. Jarduera eskaintza osatu eta askotariko baten bidez, ibaiaren alderdirik intimoenetara hurbiltzen gaituen proiektu bat finkatuz doa, eta gogoeta eginarazten digu ibaiarekin dugun harremanaz.

HidroLogikak proiektua 2011n sortu zen, Cristina Enea Fundazioaren eskutik. Gogoeta aktiboa bultzatzeko prozesu bat izan da hasieratik, herritarrak eta gizarteko talde eta eragileak bereganatu nahi dituena, ibaiaren ibilguaren alderdi batzuk, inguruetako aldeak eta isurialdeko arroa ezagut ditzaten. Proiektuaren iturburua izan dira, besteak beste, Urumea ibaia hiriarentzat eta hango biztanleentzat berreskuratzeko beharra eta horrek eragindako kezka;hala, ibaia bere onera ekarri nahi izan da, ingurumen eta ekosistemaren aldetik, alderdi sozialak, kulturalak, historikoak eta antropologikoak ahaztu gabe.

Aurten, uraren ziklo integral eta urbanoa kontuan hartuta, HidroLogikak-ek itsasoko zaborren arazoari helduko dio. Gai honek agerian jartzen du ibaien eta itsasoaren arteko harremana, bai eta bizitzaren arlo guztietan sortzen ditugun hondakinak murrizteak duen garrantzia ere. Hala, bada, proiektuaren zortzigarren edizio hau aukera paregabea izango da Cesare Maglioni errealizadorearen "Hondar 2050. Gure hondakina, gure arazoa" izeneko dokumentala aurkezteko, bai eta, ikus-entzunezko lan horri lotuta, Carlos Arrola Bilboko artistaren "Itsasbehera" izeneko lana erakusteko ere.

Ura modu instrumental hutsean erabiltzen jarraitzen badugu -eskuarki modu neurrigabe eta kaltegarrian planetako ekosistementzat-, ura saneatzeko eta arazteko sistemak ezinbestekoak izango dira ibaiak eta itsasoak estandar onargarri batzuen barruan izateko. Hori dela eta, Añarbeko Uren 50. urteurrena dela eta, aurten bisitak egingo dira Añarbeko presara, Loiolako arazte estaziora, bai eta Petritegiko edateko uren estaziora ere. Izan ere, berotze globalak dakarren erronkari aurre egiteko, saneamendu eta ur hornikuntzako sareen funtzionamendua balioetsi eta hobetu behar dugu, eta horrek gure lurraldeko hidrologia hobeto ezagutzera garamatza, Urumeako uren gainean arraun eginez, ibaiertzean jolasez eta musikaz gozatuz... Baina, horrez gain, HidroLogikak proiektuaren koordinatzaile Lidia Montesinosek gogorarazi duen bezala, baita "begiak arro osora zabalduz ere, Altzan, Aieten eta Antiguan hain ezagun ez diren uraren bide eta ibilbideetan ibiliz". Cristina Enea Fundazioko kultur dinamizazioko atalaren arduradun Monesinosek ziurtatu duenez, "edizio honetan lehendik sendotutako jarduera batzuk antolatu dira, hala nola irteerak Urumean piraguan eta kanoan, paseoak Miren Urkijo antropologoarekin, kontzertuak Urumeako ibaiertzean eta haurrentzako jarduerak Martutenen eta Loiolan". Baina, horrez gain, programazioari beste jarduera batzuk gehitu zaizkio, eta, horiei esker, "gure arroaren errealitate hidrikoaren ikuspegi osatuago, konplexuago eta askotarikoago bat izango dugu;esate baterako, Txingurri erreka ezagutu ahal izango dugu, Bidebieta auzoko ezagun zaharra, zeina jadanik ezin baitugu mapan kokatu, ez eta haren ibilbide naturala erakutsi ere".

HidroLogikak 2018 proiektuan, gauzarik hurbilen eta ezagunena gauzarik exotiko eta ezezagunenarekin ere nahasiko da;izan ere, "Ibaia ez da toki bat" laborategian, Itziar Unzurrunzagak gyotakua zer den erakutsiko digu: japoniar arrantzaleek XIX. mendean sortutako grabatu teknika bat, harrapatutako arrainen neurriak eta espezieak merkatuan erakusteko kartelak egiteko erabiltzen zena. Arrainak plantxa modura erabiltzen dira grabatuan, eta, horrek paperaren gainean egiten duen presioaren ondorioz, irudia bertan geratzen da.



COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Noticias de Gipuzkoa se reserva el derecho a eliminarlos.
  • Avda. Tolosa 23 20018 Donostia
  • Tel 943 319 200 Fax Administración 943 223 900 Fax Redacción 943 223 902