Diario de GipuzkoaDiario de Noticias de Gipuzkoa. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Gipuzkoa

Literaturia, plazer iturria

Zarautz euskal letren plaza bilakatuko damaiatzaren 24tik 27ra. Literaturia jaialdiaren10. edizioak aingura botako du herrian,literaturzale guztiak erakartzeko asmoz 

JONEBATI ZABALA - 2018(e)ko apirilaren 30a, astelehena - 14:01etan eguneratua

Literaturia jaialdia antolatzen duen lan taldea, ekimenaren aurkezpenean.

Literaturia jaialdia antolatzen duen lan taldea, ekimenaren aurkezpenean. (RUBEN PLAZA)

Galería Noticia

Literaturia jaialdia antolatzen duen lan taldea, ekimenaren aurkezpenean.

AURRETIK odola, larrua, ispiluak eta beste hainbat izan diren bezala, aingura da Literaturiako aurtengo gaia eta literaturzaleak erakartzeko amua. “Elementu arrunta da baina oso metaforikoa, eta literaturan asko erabilia. Oso gertuko erreferentziak dauzka: Anariren Aingura hegodunak edo Jon Benitok idatzitako Aingurak erreketan liburua, esaterako”. Ana Galarraga antolakuntzako kidearen esanetan, aingurak “asko du nahi eta gatazkatik”, non nahi duzun bota aingura eta zenbat kostatzen zaizun batzuetan altxatzea, gogoak, tentsioa… Egitarauari so eginez gero, badirudi aurten ere asmatu dutela gaiarekin, izan ere, sortzaileek hainbat lekutatik heldu diote proposatutakoari eta antolatzaileak pozik agertu dira.

Hamar urte egingo ditu aurten Literaturia jaialdiak. Larrabetzun sortu zen 2008an eta bertan egin zituen lehen bost edizioak. Datorren hau Zarautzen egiten den bosgarrena da. Urteak igaro izanagatik ere, helburuak berberak izaten jarraitzen dutela dio Galarragak, “euskal letren plaza” izatea, hain zuzen. Aztertu dezagun esaldia: Euskal, euskaraz eta euskara hutsez;letren, letrak modu zabalean hartuta, antzerki, musika eta hitzei lotuta;eta plaza, hori baita bere ezaugarri nagusia, plazan biltzen direlako sortzaileak, argitaletxeetako jendea eta irakurleak, “guk egiten duguna da amuak bilatu jende hori literaturaren ertzetan daudenak, bakoitza bere esparruan, elkartzeko, elkarrekintza hori sustatzeko”.

AUKERATU BEHARRA Antolatzaileen hitzetan, jaialdia Larrabetzutik Zarautzera lekualdatu zen lehen urtea trantsizioa izan zen, bigarrena boom-a, eta ordutik, jendeak jada ezagutzen du eta aukeratu egiten du egitarauan gehien interesatzen zaiona. “Jaialdia asko hazi da eta beste publiko mota batzuk ere hurreratzen hasi dira: gazteak, haurrak… Eskaintza zabala da oso, eta aukeratu beharra dago”, azaldu du Galarragak.

Aurtengo edizioan ere hiru toki eta ardatzetan banatzen da Literaturia, Bermudetako triangelua osatuz. Modelo aretoa obretan dagoenez, emanaldiak herriko Kale Nagusian dagoen Antoniano aretoan izango dira oraingoan;liburu aurkezpenak Garoa liburu dendan;eta liburu azoka eta umeentzako gunea Musika plazan.

Edizio honetan omenaldi bi prestatu dituztela kontatu du Galarragak. Umeen gunean, Literattipia-n, herritar bat omenduko dute, Jesus Mari Odriozola Txiliku, hain zuzen. “Oso ezaguna da, oso idazle oparoa, bereziki haurrentzat. Festa bat izatea nahi dugunez, egindako guztia eskertu nahi diogu eta bera pozpozik dago”. Bestetik, emanaldien egitarauari irekiera emateko Joxean Artzeren omenaldia antolatu dute eMe taldearen eskutik eta Oier Guillan idazlearen parte-hartzearekin.

Emanaldien artean, antzerkia, musika eta zuzeneko marrazketa konbinatuz Biziminak ondu du Itzel konpainiak. Egun berean, Miren Narbaizak eta Joseba Baleztenak hitzak eta musika jarriko dizkiote Josevisky marrazkilariaren Aingurak komiki-sailari.

Igandean gogoetarako tokia izango da. Ainguraren ideiatik abiatuta, Oroimenaren aingura: Alzheimerra eta sorkuntza solasaldia prestatu dute, alzheimerraren inguruan. “Oroitzapenak dira gure izatea ainguratzen gaituztenak, eta horiek galtzen ditugunean izate edo nortasun hori galdu egiten dugu”. Horretan oinarrituta, eta zaintzaren inguruan egindako lanak oinarri harturik, Anjel Lertxundik, Andoni Tolosa Morauk eta Maddi Zubeldiak azalduko dute “drama pertsonal eta sozial” batetik zelan ateratzen den. Bukatzeko, Txakur Gorria sormen kolektiboaren Lau ikuskizunak itxiko du Literaturia. Lau telefono deiren inguruan gertatzen den istorioa, “asko aurreratu gabe, jendearen parte-hartzea ere bilatuko dute, esperimentua izango da”.

Baina kultur eskaintza ez da hor bukatzen: mikroipuinen itzulpen-tailerra eta errezitaldia, euskarazko Wikipedia tailerra, haurrentzako ipuin kontaketak… Garoa liburu dendako aurkezpenek osatuko dute jaialdiaren hirugarren zutabea,“herriko liburu dendan, mugimendu kulturalean oso inplikatuta dagoena eta kultur akuilu lana egiten duena”. Urte hasieratik orain arte argitaratu diren nobedadeak aurkeztuko dituzte, elkarrizketatzaile baten laguntzaz.

LIBURUEN SALEROSKETATIK HARAGOLiburuak saltzeak garrantzia duen arren, Galarragaren hitzetan: Literaturian inportanteena jendeak irakurtzea da: “Jendeak deskubritzea irakurtzeak zer ekarpen egiten dion bakoitzari eta horrekin gozatzea, literatura plazer iturria dela frogatu nahi dugu”. Sortzaileek ederto hartzen dituzte antolakuntzaren proposamenak eta eskertu egiten dute askatasun osoz nahi dutena sortzeko leku bat izatea. “Oso polita da, gainera, Literaturian emanaldi bat lehenengo aldiz aurkezten denean, ikustea zelan jaialditik kanpo askok bidea egiten duten”.


COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Noticias de Gipuzkoa se reserva el derecho a eliminarlos.
  • Avda. Tolosa 23 20018 Donostia
  • Tel 943 319 200 Fax Administración 943 223 900 Fax Redacción 943 223 902