Diario de GipuzkoaDiario de Noticias de Gipuzkoa. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Gipuzkoa

Eusko Jaurlaritza ez da joango Kanboko ekitaldira

2018(e)ko apirilaren 24a, asteartea - 14:36etan eguneratua

El portavoz del Gobierno vasco, Josu Erkoreka

El portavoz del Gobierno vasco, Josu Erkoreka (EFE)

Galería Noticia

El portavoz del Gobierno vasco, Josu Erkoreka

DONOSTIA. Josu Erkorekak aditzera eman duenez, Eusko Jaurlaritza ez da egongo ETAren desegitearen harira datorren maiatzaren 4an Kanbon egingo den ekitaldian, uste baitu "ekitaldiaren edukia eta diseinua itxita dagoela eta ez dela aurrez adostu". "Ezagutzen ez den adierazpen bat bermatzea proposatzen da;ez gatoz bat horren esanahi etikoarekin eta politikoarekin" adierazi du Erkorekak. Ildo horretan, bozeramaileak erantsi du ekitaldia errespetatzen dutela eta, "garrantzia kendu gabe, uste dugu gure lekua beste bat dela", ñabartu du.

Iparraldeko herri horretan egingo den ekitaldiari dagokionez, Erkorekak aditzera eman du espero dutela ekintza "soila izatea eta benetan garrantzitsua den horretan zentratzea: ETAren desegitea eta desagertzea argia eta behin betikoa izatea, eta biktima guztiak aintzat hartzea".Era berean, azaldu duenez, ETAren erabakia gauzatzen eta amaitzen denean, Eusko Jaurlaritzak "balorazio sakona egingo du".

Estatutua betetzea

Fátima Báñez ministroak gaur goizean pentsioen inguruan adierazitakoaren harira, Erkorekak Gobernu Zentralari eskatu dio aditzera eman dezala pentsioen arloari dagokionez Gernikako Estatutua betetzearen alde dagoen edo ez. "Hamarkadak dira Gernikako Estatutua onartu zela, eta oraindik Gobernu Zentral bakar batek ere ez du Gernikako Estatutuan jasotako transferentzia hori gauzatzeko urratsik egin" eman du aditzera Erkorekak.

Ildo berean, gauzatzeke dauden transferentziei dagokienez, Gobernuko bozeramaileak azaldu du ez dela alor horretan aurrerapenik egin. Izan ere, argitu duenez, talde politikoek ezartzen dituzte negoziazioen baldintzak.

Elkarrizketa Sozialerako Mahaia

Sindikatuek elkarrizketa sozialerako mahaian ez parte hartzeko erabakiaren aurrean, Eusko Jaurlaritzak esan du "ez dela albiste ona izan" eta berretsi du solasaren bitartez elkarrizketa bideratzeko duen konpromisoa. Horretarako, lehenik balorazioa egingo dute, eta, gero, estrategia diseinatuko dute.

Langile publikoen baja

Era berean, langile publikoen bajen ondoriozko osagarriei dagokionez, Erkorekak nabarmendu du mahai orokorrean adostu ondoren posible izan dela hori Ertzaintzan."Gobernu Zentralak eta sindikatuek adostutakoa eta Estatuaren 2018ko aurrekontu orokorren proiektuan proiektatutakoa ez dago indarrean;mugak dituen aurreko araudia dago indarrean, eta, horrenbestez, Gobernuaren proposamena egungo araudian indarrean dauden mugen arabera formulatuta dago, baina ahalik eta eskuzabaltasun handienarekin".

Gatazkaren amaieraren inguruko akordioa Kolonbiarekin

Ildo berean, Eusko Jaurlaritzak adierazi du Bakerako eta bizikidetzarako hezkuntzaren arloko lankidetza-esparru bat garatzeko Eusko Jaurlaritzaren eta Kolonbiako Gobernuaren arteko "Asmo Gutuna" sinatzea baimendu dutela gaur. "Indarkeria eta terrorismoaren amaieraren eta bake egonkor eta iraunkor baten eraikuntzaren testuinguru honetan, hezkuntzaren, bizikidetzaren eta giza eskubideen arloko esperientziak elkartrukatu nahi ditugu", azaldu du.

Lankidetza-esparru hori Iñigo Urkullu Lehendakariak 2017ko maiatzean Kolonbiara egindako bisitaldi ofizialean sinatu zituen akordioak gauzatzen ditu. Horren helburua esperientziak partekatzea eta herrialde bakoitza sustatzen eta ezartzen ari den hezkuntza-planetatik ikastea da. "Interes handia agertu dugu Kolonbiako Gobernuak garatu duen "Gatazkaren Ondorengo Hezkuntza Planaren" inguruan, azaldu du.

Plan horren helburuak honako hauek dira: pertsona guztien hezkuntza bermatzea, gizarteratzeko prozesua hobetzea, eta, nagusiki, gerrak gehien kaltetu dituen eremuetan kalitateko hezkuntza bultzatzea.

Erkorekak azaldu legez, Kolonbia lehentasunezko bazkidea da Euskadi Basque Country Nazioartekotzeko Esparru Estrategia 2020an. Kasu honetan, Kolonbiako Hezkuntza Ministerioaren, Euskadiko Hezkuntza Sailaren eta Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzako Idazkaritza Nagusiaren artean ezarri da lankidetza: "Bi herrialdeok honako hau adostu dugu: bizikidetzarako hezkuntzaren inguruko esperientziak elkartrukatzea, balioetan oinarritutako prestakuntzaren inguruko topaketak antolatzea, hezkuntzaren arloko hizkuntza-eredu malguak lantzea, laguntza eta asistentzia teknikoko jarduerak egitea, prestatzaileak elkartrukatzea, eta giza eskubideetan, bizikidetzan eta lankidetzan oinarritutako hezkuntzaren esparruan bakearen eraikuntzari lotutako ekintzak finantzatzeko nazioarteko funtsetan laguntzea", esan du.

Hezkuntza bereziko 50 plaza

Gaurkoan ere Euskal Hezkuntza Sistemarako 50 lanpostu berriren sorkuntza onartu du Eusko Jaurlaritzak. Hauek hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleei laguntzeko irakaskuntzaz kanpoko langile lan-kontradunentzako 50 plaza dira. Plaza horiek 2017. urtearen amaieran egin zen "Lanpostuen Zerrendan" sortutako 122 plazei gaineratzen zaizkie.

Era horretan, Hezkuntza Bereziko negoziazio-mahaian ordezkatuta dauden sindikatuekin hartutako konpromisoak beteko ditugu. "50 plaza berri horiek estrukturalak izango dira, eta etorkizuneko lan-eskaintza publiko batean planteatuko dira", azaldu du Erkorekak. "Hezkuntza-laguntzako espezialistek Euskal Hezkuntza Sistemaren atal garrantzitsu bat osatzen dute, premia bereziak dituzten ikasleen autonomiarekin eta curriculumarekin zerikusia duten zereginak egiten baitituzte", azpimarratu du.

Genero-indarkeria

"Euskal Hezkuntza Sistema" hobetzeko ildo horretan, Euskadiko 50 ikastetxe itundutan "Genero Indarkeriaren Prebentziorako Programaren" beste edizio bat abian jartzeko deialdia onartu du gaur Eusko Jaurlaritzak. Hori horrela, ikastetxeek haur-hezkuntzarako, lehen hezkuntzarako edo bigarren hezkuntzarako proiektuak aurkeztu beharko dituzte.

Programa hori 2013an abian jarritako "Hezkidetza eta genero-indarkeriaren prebentzioa lantzeko Gida Planaren" parte da. Harrez geroztik, 250 ikastetxe inguruk garatzen dituzte pertsonen hezkuntza integrala (sexuaren araberako estereotipo eta rolik gabe) sustatzen duten proiektu propioak.

"Horren helburua euskal eskolek diskriminazio eta indarkeria sexista mota ororen gaitzespenean heztea eta genero-bereizketarik gabeko orientazio akademiko eta profesionala ahalbidetzea da", azaldu du Gobernuko bozeramaileak.

Hizkuntzak ikastetxeetan

Azkenik, Eusko Jaurlaritzak milioi eta erdi euroko gastua baimendu du gaur hizkuntzen inguruko bi hezkuntza-programa garatzeko. Batetik, milioi bat euro bideratuko ditu ikastetxeetan eta hizkuntza-eskola ofizialetan elkarrizketa-laguntzaile gisa jardungo duten 150 pertsona kontratatzeko. Profesional horiek ingelesez, frantsesez eta alemanez ahozko trebetasuna eskuratzen lagunduko dute. Eta, bestetik, milioi-erdi euro Lanbide Heziketan hizkuntzak ikastera bideratutako nazioarteko mugikortasun-ekintzak antolatu eta garatzeko. "Erasmus Plus" programaren esparruko programak dira, hain zuzen. Programa horretan, erdi-mailako eta goi-mailako ia mila ikaslek eta irakaslek hartzen dute parte urtero.



COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Noticias de Gipuzkoa se reserva el derecho a eliminarlos.
  • Avda. Tolosa 23 20018 Donostia
  • Tel 943 319 200 Fax Administración 943 223 900 Fax Redacción 943 223 902