Diario de GipuzkoaDiario de Noticias de Gipuzkoa. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Gipuzkoa
KULTURA

Artzeri, opari emozionala

Hurrengo asteartean, Joxean Artze zenaren omenezko ekitaldi bat antolatu dute San Telmon. Gainera, ‘Ikimilikiliklik’ erakusketa ikusgai dago berriro ere museoan

Harri Fernándezen erreportajea - 2018(e)ko apirilaren 19a, osteguna - 06:03etan eguneratua

‘Ikimilikiliklik’ erakusketaren inaugurazioa, 2015ean, San Telmo museoan.

‘Ikimilikiliklik’ erakusketaren inaugurazioa, 2015ean, San Telmo museoan.

Galería Noticia

‘Ikimilikiliklik’ erakusketaren inaugurazioa, 2015ean, San Telmo museoan.Omenaldiaren sustatzaileak, atzo, aurkezpenean.Ikus-entzunezkoaren irudi bat.

Joxan Artze zendu eta egun berean, urtarrilaren 12an, Donostiako Udalak adostu zuen omenaldi bat eskainiko ziola. Aitortza hori apirilaren 24ean izango da, datorren asteartean, hain zuzen ere. Ez hori bakarrik, atzotik eta maiatzaren 20ra bitarte San Telmo museoak poetaren lanaren eta galaxiaren inguruko erakusketa berreskuratuko du: Ikimilikiliklik. J.A. Artzeren unibertsoa. Horren sortzaileak, Alberto Lizarraldek, atzo aditzera eman zuen astearteko omenaldia artistari “emozioz eta maitasunez beteriko oparia” dela, berak euskaldunei “emandako guztia bezala”. “Espero dugu, ekitaldian sortuko dugun energia guzti hori Artze dagoen tokira iritsiko dela”, esan zuen Lizarraldek.

Donostiako Kultura zinegotzi Jon Insaustik azaldu zuen apirilaren 24koa egilearen “unibertsoa” gogora ekarriko duen ekitaldia izango dela. “Musika, dantza, ikus-entzunezko proiekzioak eta poesia uztartuko ditu”, aipatu zuen.

Ramon Agirrek eta Miren Aranburuk errezitatzaile lana hartuko dute;dantza arloan, berriz, Malandain Ballet Biarritzeko dantzariak eta koreografoak arituko dira. Baita, besteak beste, Maddi Oihenart, Mikel Etxekopar eta Ainhoa Zubillaga abeslariak. Gainera, Ensemble Vocal Donostia abesbatzak eta Zauznabartarrak txalapartariek ere parte hartuko dute ekitaldian.

Ikimilikiliklik erakusketaren arduradunek zuzenduko dute omenaldia: Lizarraldez gain, Morgancrea enpresako Asun Lasartek eta Carlos Rodriguezek ere parte hartu dute sorkuntzan.

Lasartek, oso hunkiturik, adierazi zuen “sentimendu nahastuak” dituela omenaldiaren inguruan. Alde batetik, “triste” agertu zen Artze zendu delako, baina beste aldetik, “poza” ere sentitzen du, bai omenaldia egikarituko delako eta baita ere Ikimilikiliklik San Telmora itzuli delako.

Gaurtik aurrera eskura daitezke omenaldirako sarrerak -debalde izango da- San Telmo museoko lehiatilan bertan. Pertsona bakoitzak bi sarrera bakarrik har ditzazke.

“Artista berdingabea”

Ikimilikiliklik J.A. Artzeren unibertsoa 2015. urtean inauguratu zuten San Telmoko Laborategi aretoan. Erakusketa EHUko Mikel Laboa Katedrarekin batera sortu zuten eta Morgancrea estudioak aurrera eraman zuen ikus-entzunezkoen prestakuntza. Izena Ikimilikiliklik bidekidekariatik dator, “musika, poesia eta irudia uztartzen zituen ikuskizun multimedia, 70eko hamarkadan testuinguru kulturala astindu zuena”.

Erakusketa atzotik ikusgai dago berriro San Telmoko areto berean, baina 2015etik hona ibilbide luzea izan du. Munduko hamabi lekutan antolatu dute, baita Estatu Batuetan ere. 2016an Smithsonian Folklife Festivaleko bisitariek Joxan Artzeren ibilbide luzeaz jabe-tzeko aukera izan zuten. Insaustik goraipatu egin zuen hain urruti iritsi izana, “etxean eginiko produktu batek mundutik bidaiatzeko duen gaitasuna”, hain zuzen ere.

Erakusketaren muina argi dute bere sortzaileek: Artzeren obra guztiari erreferentzia egingo zion zerbait sortzea. Mikel Laboa zenak abesten zituen Txoria txori, Gure bazterrak edo Zaude lasai kantetako letren sortzailea da usurbildarra, baina horretaz gain “obra sakona eta gutxi ezagutzen dena ezkutatzen du, artearen hainbat esparrutan garatu duena: poema-liburuak, audio-grabazioak eta ikuskizun eszenikoak”. “Instalazio honen helburua ikusleari Artzeren unibertso poetikoan zehar zentzumenek gidatutako bidaia egiteko proposamena egitea da. Soinuaren eta irudiaren bitartez, bere memorian gordeko duen esperientzian”, adierazi zuten antolatzaileek, gerora gehitzeko erakusketa “euskal kultur herrikoietik edan eta mugak gaindituz, izaera unibertsala izatera iristen den Joxan Artzeren obra poetikoan zehar bidaia” dela.

Lizarraldek esan zuen Artze euskal kulturan “artista berdingabea” zela.

Zentzu horretan, erakusketa sor-tzeko garaian “askatasun eta konfiantza” osoa eman ziela gogoratu zuen Lizarraldek.

Ikus-entzunezkoak sortzeko garain, esaterako, berak eginiko sorkuntzak eta grabazioak erabiltzeko aukera eman zien. Are gehiago, bere lana “aldatu” eta horretan “elementu berriak” sar-tzeko baimena ere eman zien.

Poetaren ibilbidea ezagutu nahi duenak Donostiako museora hurbiltzea besterik ez du, maiatzaren 20a baino lehen.


COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Noticias de Gipuzkoa se reserva el derecho a eliminarlos.
  • Avda. Tolosa 23 20018 Donostia
  • Tel 943 319 200 Fax Administración 943 223 900 Fax Redacción 943 223 902