Diario de GipuzkoaDiario de Noticias de Gipuzkoa. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Gipuzkoa
Bote prontoan

Pertsonak

Karmele Jaio - 2018(e)ko apirilaren 13a, ostirala - 11:07etan eguneratua

Hiri hau ona al da bizitzeko? Lantoki horretan aritzea gomendatuko zenidake? Ez dakit nire seme-alabentzako ikastetxe hori aukeratu ala ez, ona dela uste duzu? Merezi al du bi egunetarako bakarrik Dublinera joatea? Askotan eskatzen diegu besteei iritzia erabaki bat hartu behar dugunean. Besteen esperientzia beti da aberasgarria, baina erabaki guztiak beste baten esperientzia oinarrituta hartzeak arrisku handiak ditu. Ez bakarrik gure-tzako ondo dagoena beste batentzako oso gaizki egon daitekeelako, edo guri gustatu ahal zaiguna beste batek gorrotatu ahal duelako;horrez gain, esperientzia bakoitza bakarra delako eta bereziki, hiri batean, lantokian, eskolan edo edozein lekutan zure inguruan egongo den jendea ezberdina delako. Eta azken batean, jendeak bihurtzen ditu lekuak atsegin ala deseroso, zeru edo infernu. Horrela ulertzen da nola umeak ikastetxe berean eduki arren, guraso batzuk oso pozik daudela esango dizuten eta beste batzuk kontrakoa. Agian batzuen semeak edo alabak lagun onak aurkitu ditu gelan eta besteak ez;agian irakasle atsegina du batek eta besteak ez Ikastetxe berean daude, baina jende ezberdinez inguratuta. Dublinera bi egunetarako joatea merezi duela esango dizu entusiasmo handiz Dublinen oso esperientzia polita bizi zuen norbaitek, lagun oso onekin joan zelako eta oso ondo pasatu zutelako, baina egongo da Dublinen gaizki pasatu duenik, seguru aski konpainia desegokiarekin joateagatik. Bati edo besteari galdetu, erantzuna oso ezberdina izango da.

Lantokietan berdin gertatzen da. Lantoki bateko paisaia bertan lan egiten duten pertsonek egiten dute. Bero gehiago eman al dizu lankide on batek bulegoko berogailuak baino. Pertsonek bihurtzen dituzte lekuak atsegin edo deseroso, bero edo hotz. Horregatik da hain mingarria jakitea zure eguneroko paisaian urtetan izan duzun pertsona bat, berogailuak baino bero gehiago eman dizun pertsona bat, ez duzula bertan gehiago aurkituko. Gaur norbaitek nire lantokiaz galdetuz gero, atzo baino leku hotzagoa dela erantzungo nioke, zerbait falta zaiola, pertsona bat. Zorte on Raquel eta urte askotarako.


COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Noticias de Gipuzkoa se reserva el derecho a eliminarlos.
  • Avda. Tolosa 23 20018 Donostia
  • Tel 943 319 200 Fax Administración 943 223 900 Fax Redacción 943 223 902