Diario de GipuzkoaDiario de Noticias de Gipuzkoa. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Gipuzkoa

Aitor Aranak esperantoari buruz hitz egingo du Legazpin

Hitzaldia ostegunean izango da, 19.00etan, kultur etxeko areto nagusian

Asier Zaldua - 2018(e)ko apirilaren 10a, asteartea - 06:03etan eguneratua

Aitor Arana, Euskara-Esperantoa hiztegia eskuan duela.

Aitor Arana, Euskara-Esperantoa hiztegia eskuan duela.

Galería Noticia

Aitor Arana, Euskara-Esperantoa hiztegia eskuan duela.

legazpi- Aitor Arana legazpiarrak Esperantoa eta euskara, egiak eta gezurrak hitzaldia emango du ostegunean, 19.00etan, bere herriko kultur etxean. Hitzaldia Burdinola elkarteak antolatu du.

Aranak oinarrizko ikasketak egin zituen eta 16 urterekin euskara eskolak ematen hasi zen. Aldi berean, idazten hasi zen eta idaztea irakastea baino gehiago gustatzen zitzaiola ikusi zuen. Egun, idaztea bere lanbidea da eta irakastea bere zaletasuna. Nafarroako euskalkietan aditua eta euskalki hauekin lotutako eskolak ematen ditu. Bi liburu ditu esku artean: bata haur literaturakoa eta beste entsegua. Itzulpenak ere egiten ditu. Daniela pirata liburua itzultzen ari da Mezulari argitaletxearentzat.

Horretaz gain, esperanto zalea da. “19 urte nituenean, lagun batek esperantoari buruz hitz egin zidan eta ideala oso egokia iruditu zitzaidan. Handik bi urtera Felix Ibargutxi kazetari legazpiarrak esperantoari buruzko artikulu bat idatzi zuen eta oso hizkuntza logikoa, erraza eta interesgarria iruditu zitzaidan. Erraz ikasteko asmatua dagoenez, hiruzpalau hilabetetan ikasi nuen”.

Esperantoaren aurka egotea “oso zaila” dela aipatu du. “Zamenhof izeneko poloniar batek sortu zuen, duela 130 urte. Historian zehar hizkun-tzak indarraren bidez zabaldu direla eta horren ondorioz hizkuntza asko desagertu direla ikusirik, horri amaiera ematea erabaki zuen. Hizkuntza neutrala eta demokratikoa izan behar zen, inork ez baitu bere hizkuntza inposatzeko eskubiderik. Dantek eta Descartesek halako hizkuntza baten beharra aipatu zuten, baina Zamenhof izan zen gauzatu zuena. Gauzak ondo egin zituen, ez baitzuen hizkuntza artifizial bat egin. Hizkuntza naturalen gauza logikoak erabiliz sortu zen eta aspaldi frogatu zuen alor guztietarako balio duela”.

Esperantoak etsai handiak ditu, ordea. “Herrien arteko berdintasunaz hitz egiten hasten bazara, boteredunak berehala haserretuko zaizkizu. Hasieran Errusiak, ondoren naziek... esperantoa desagertarazteko ahaleginak egin zituzten. Zamenhof judua zen, gainera. XII. mendean ingelesa baserritarren hizkuntza bezala ikusten zen, baina bultzada jaso du. Dena den, argi utzi nahi dut ingelesa ez dela nazioarteko hizkuntza bakarra: herri batzuetan arabiera batua da nazioarteko hizkuntza, beste batzuetan gaztelera, errusiera, txinera...”.

Esperantoak bultzada merezi duela uste du. “Gobernu gutxi batzuen laguntza nahikoa litzateke aurrera egiteko. Denok esperantodun berriak izango ginateke eta ondo ulertuko genuke elkar. Gainera, hizkuntza txikientzat mesedegarria izango litzateke: gazteleraren, frantsesaren eta ingelesaren presioa bukatu egingo litzateke”.

Euskal Herrian esperantoari buruzko oso informazio gutxi dagoela salatu du. “Hiztegia atera genuenean, etsipengarria izan zen instituzioetan oso gutxi zekitela ikustea. Azkenean, crowdfunding bidez atera genuen”.

Hizkuntz heldutasuna falta dela dio. “Hizkuntzen alorrean gobernuak ez dira behar dena egiten ari. Munduko hizkuntz kopurua 3.000tik 300era jaisten denean larrituko da jendea. Orduan hasiko dira gobernuak presionatzen”.

Egun hori heldu bitartean, esperanto zaleak hizkuntza hau bizirik mantentzen saiatuko dira. Horretarako, informazioa zabaltzen dute eta hitz egiteko elkartzen dira. “Oso kontzientziatua dagoen jendearen eskuetan dago eta pena da. Izan ere, euskararen eta esperantoaren egoerak oso antzekoak dira. Euskal Herrian hiru elkarte daude, baina garai batean interes handiagoa zegoen”.


COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Noticias de Gipuzkoa se reserva el derecho a eliminarlos.

Últimas Noticias Multimedia

    • Avda. Tolosa 23 20018 Donostia
    • Tel 943 319 200 Fax Administración 943 223 900 Fax Redacción 943 223 902