Diario de GipuzkoaDiario de Noticias de Gipuzkoa. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Gipuzkoa
IRITZIA

Biluzia hobe

PAKO ARISTI - Lunes, 9 de Abril de 2018 - Actualizado a las 13:49h

POESIA bizi nahian igaro nuen gaztaroa;bizitza poesiatu nahian daramat helduaroa. Espero dut zahartzaroan idatzi beharretik ere aske egotea;hori bai, irakurtzeari ez diot inoiz utziko. Bitartean, jarraitzen dut idatzi beharraren guda honetan murgilduta, datozen ideia eta egitasmoei forma eman nahian, horrela formulatuz nire bizi esperientzia, eta harekin nire herriarena. Erlaxatu nahi dudanean, poesia irakurtzen dut, eta idazten. Biziki gomendatzen diot mundu guztiari, mindfulness eta ekialdetik inportatuak diren gisako terapiez aparte patxadan poesia irakurtzea, eta, animatzen badira, probatu idazten ere.

Poesia soineko asko dauzkan emakume bat da, genero ikuspegi hau erabiltzea baimentzen bazait. Eta poesia idaztea soineko horiek kentzen joatea da, bertsio bakoitzean prenda bat gutxiago, azkenean behin betirako geratuko den forma poetikoa aurkitu arte, poemaren hezurdura, gantzik gabea. Laburpen ariketa etengabean amiltzen da poeta idatzia daukanari aurre egiten dion bitartean. Funtsak hitz gutxi onartzen baititu;esaldi askoren orbel artean galdu egiten da. Hizkuntzak mikroskopio baten gisan funtzionatzen du poesia idazteko agintzen zaionean. Eta irakurketa denbora laburra izango da, baina, poesia ona denean, zapore intentsua utziko du irakurlearengan, oihartzun luzea haren belarrietan.

Gaztetan ezberdina zen. Ustez asko nekien, eta nekien hori guztia nahi izaten nuen idatzi, baten aipuak, halakoren teoriak, eta neure aurkikuntza partikularrak. Idaztea dema bat zen: letretan leku bat egin, leku hura hartu eta mantendu behar nuela iruditzen zitzaidan. Esaldi labur eta zehatzek ez zuten tokirik;zenbat eta esaldi luzeagoak idatzi, barrokoagoak, nire erakustaldi hura bermatzen zutela irizten nion. Prosa idatziz eman ditut urteak, erreportajeak, iritzi artikuluak. Baina hor zegoen ezkutuan, kukututa, itxoiten, poesia.

Adinarekin, guztiaz gero eta gehiago jakin arren, orduan eta gutxiago dakizula ohartzen baitzara. Zerbaitez apur bat jakitera iritsitakoan, ez dakizunaren kontzientzia hartzen baituzu, eta beti da handiagoa ez dakizunaren bolumena, hedapena, dakizun apurtxoarena baino. Urte batzuk bete ditugunontzat bizitzak gorderik daukan leziorik ederrena dela iruditzen zait. Hantustekeriak apaltzen dizkizu, harrokeria mehetzen du, eta hor agertzen dizu, kutxa dotore batean, altxor baten gisan, sendatuko zaituen osagarria: umiltasuna. Gorputzaren indarrak murrizten hasten diren bezala zure baitan leku hartzen eta hartzen hasten dena, umiltasuna. Adinarekin ohartzen zara bizitzeko ere gauza gutxi behar duzula: osasuna, ardo kopa bat ilunabarrean, norbait ondoan.

Eta ia bizitza osoa hitzak paperera gupidagabeki jaurtitzen eman ondoren, inoiz eteten ez den jario obsesibo baten diktadurapean, badakit zahartzaroan isiltasun eske hasiko zaidala gogoa, orriak erreguka izango ditudala, utz ditzadan bakean, hitz gehiago txertatu gabe haien birjintasun zurian. Poesiak entrenatzen nau horretarako presta nadin, ez bat-batean, poliki-poliki baizik. Hitzak ezintasun askoren mozorro direlako sarritan, existentziaren orubea garbitzen duten hitz biluziak maite ditut nik.

Poesiak behin eta berriz idazten eta biluzten eman dudan denboran neure anbizioa eta handinahia biluzten ikasi dut, funtsezkoa harrapatu nahian, eta joaten utziz azalekoak ziren eldarnio guztiei.


COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Noticias de Gipuzkoa se reserva el derecho a eliminarlos.
  • Avda. Tolosa 23 20018 Donostia
  • Tel 943 319 200 Fax Administración 943 223 900 Fax Redacción 943 223 902